Ilusioa eta obligazioa nahastuko dira datozen hiru egunetan Espainiako Kopako lehen kanporaketako partidetan: talderik apalenek talderik indartsuenak kanporatzeko ilusioa izango dute; eta indartsuenek, berriz, huts ez egiteko obligazioa.
Euskal Herriko bederatzi taldek jokatuko dute Kopako lehen kanporaketa. Athleticek ez du jokatuko. Urtarrilean Espainiako Superkopa jokatuko duenez, talde zuri-gorria ez da ariko Kopako lehen bi kanporaketetan, eta final-hamaseirenetan ekingo dio lehiari.
Beste bost euskal talde ari dira denera Espainiako lehen eta bigarren mailan, eta Reala Bk ez beste guztiek jokatuko dute Kopako lehen kanporaketa. Aurkari apalagoen aurka ariko dira laurak; beraz, sailkatzeko obligazioa dute. Hanka sartze larria izango litzateke hori ez egitea.
Reala, Osasuna, Alaves eta Eibar faborito dira bigarren kanporaketara igarotzeko. Reala, Osasuna eta Alaves bost maila beherago dauden taldeen aurka ariko dira: gipuzkoarrek Negreiraren aurka jokatuko dute gaur, Galizian (21:00); nafarrek, berriz, Palman ariko dira bihar (Herrialde Katalanak), Sant Jordiren kontra (19:00); azkenik, arabarrek derbia jokatuko dute etzi, Getxon (Bizkaia), Getxoren aurka (20:00). Eibar, berriz, hiru maila beherago ari den talde baten aurka ariko da bihar: Naxara, Naiarakoa (Espainia), 20:00etan. Sergio Franciscoren, Alessio Lisciren, Eduardo Coudeten eta Beñat San Joseren asmoa izango da ahalik eta indar gutxien xahutuz sailkatzea. Horretarako, gehien jokatzen ari direnei atseden eman, eta gutxien ari direnen alde egingo dute. Sergio Franciscok, hala ere, bigarren taldeko jokalari bakarra sartu du deialdian: Aitor Fraga atezaina.
Getxo da lehen kanporaketan ari diren euskal taldeetan apalena: Bizkaiko Ohorezko Mailan ari da. Halako talde apal batentzat sekulako oparia da maila goreneko klub baten aurka jokatzea, eta are gehiago klub hori Euskal Herrikoa baldin bada. Horrek xarma handiagoa emango dio norgehiagokari. Getxok Valladolideko (Espainia) Betis taldea kanporatu du. Joanekoan, hutsean berdindu zuten bi taldeek, Faduran, eta, itzulikoan, 1-2 irabazi zuen Getxok. Partida ez da Faduran jokatuko, Gobelan baizik, segurtasun arrazoiengatik. Hala ere, betekada izango da. Zaleen babesa aprobetxatu nahi dute ezusteko galanta emateko.
Ezustea ematen saiatuko dira Mutilvera, Portugalete eta Eguesibar ere. Hiru horiek hiru koska gorago ari diren taldeen aurka lehiatuko dira, etxean: Mutilverak Zaragoza hartuko du bihar, 19:00etan, eta, Portugaletek, Valladolid, 20:00etan; Eguesibarrek, berriz, Andorra jasoko du etzi, 19:30ean.
Azkenik, Arenas Getxok jokatuko du kanporaketarik parekatuena, itxuraz behintzat, maila bat beherago ari den talde bat izango baitu aurkari: Numantziaren zelaian jokatuko du, bihar, 20:00etan.
KOPAKO LEHEN KANPORAKETA
Gaur
Negreira-Reala (21:00)
Bihar
Sant Jordi-Osasuna (19:00)
Mutilvera-Zaragoza (19:00)
Numantzia-Arenas Getxo (20:00)
Naxara-Eibar (20:00)
Portugalete-Valladolid (20:00)
Etzi
Eguesibar-Andorra (19:30)
Getxo-Alaves (20:00)