«Joko zaharrarentzat / taupada berriak. Oraintxe da garaia / erremontatzeko». Horrelaxe amaitu zituen atzo Maialen Lujanbiok bere bi bertsoak Galarretaren berrirekitze festan. Ez zuen arrazoirik falta. Erremonteak aspaldi behar zuen zerbait berpizteko, eta atzo hasi zen bide berria, Oriamendi enpresaren eskutik. Azken urteetako jendetza handiena bildu zen bertara. Harmailak goraino bete ziren. Ikusmin handia zegoen zer-nolako aldaketak egin dituzten ikusteko, eta bat baino gehiago aho zabalik geratu zen kantxa, markagailua, eserlekuak, hormak... ikustean. Oso gustagarri dago frontoia.
Duela 40 urte eraiki zuten Hernaniko Galarreta, eta ordutik hona aldaketa batzuk jasan bazituen ere, inoiz ez oraingoa adinakoa. 600.000 euro inbertitu dituzte berrikuntza lanetan. Atzoko ekitaldian bideo batean erakutsi zuten biribilgune alboko pilotalekuko historia. Benetan hunkigarria izan zen, jendearen isiltasunean argi antzeman zen hori. Are hunkigarriagoa Mikel Laboa zenaren Baga, Biga, Higa kantuarekin. Erremontezale sutsua zen Laboa, eta haren omenez ipini zioten bideoari bere musika.
Ekitaldiko unerik hunkigarriena izan zen hori, baina gauza gehiago ere ikusi ahal izan ziren: dantzariak, txalapartariak... Eta Joxe Mari Salsamendi erremontista historikoari eginiko omenaldia. Inaugurazioko zinta berak moztu zuen. 87 urteko pilotari izandakoa irribarretsu ageri zen: «Hau izugarria da. Asko aldatu da erremontea nire garaitik, baina onerako. Horrela gustua ematen du frontoira etortzea».
Berekin ziren Francis Sistiaga Oriamendiko gerente berria eta Kike Elizalde intendentea. Bi horiek ere gustura ziren, aspaldi itxaroten ari ziren unea bizitzen ari baitziren. Halaxe aitortu zuen aurrerantzean Galarretako kudeaketaz arduratuko den Sistiagak: «Ilusio asko genuen momentu hau hel zedin, eta baliatu beharra dago. Lanean gogor jarduteko prest gaude».
Zuzendaritzako kideak ez ezik, egungo koadroa osatzen duten 31 erremontistak ere bertan izan ziren, zuriz jantzita. Eta horietako lauk jokatu zuten estelarra, ekitaldiak merezi zuen modukoa. Zeberio II.ak eta Urrutiak 40 eta 39 irabazi zieten Ezkurrari eta Lizasori. Neurketa bikaina izan zen.
Eta harmailetan makina bat aurpegi ezagun. Esaterako, ez zuten hutsik egin Patxi Mutiloa Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendariak, Iñaki Galdos kirol diputatuak, Joseba Egibar EAJko GBBko lehendakariak, Jokin Aperribai Realeko presidenteak, Bernardo Atxaga idazleak,Xabier Errasti Euskadiko Pilota Federazioko presidenteak, eta beste hainbatek. Eta guztiek bat egiten zuten gauza berean: etapa berri baten hasiera izan zela atzokoa.
Eta halaxe da, etapa berriari atzo ekin zitzaion, eta horri ahalik eta ondoen eustea izango da Oriamendiren erronka. Sanferminetako feria eta udako denboraldia aukera onak izango dira ekimen berriaren indarrak neurtzeko. Ea Galarretako aparkalekua berriz ere betetzen den.
Ilusioaren bidetik
Galarretako harmailak aspaldian ez bezala bete dira berrirekitze ekitaldian, eta Oriamendiko kideak baikor agertu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu