Futbola

Ilusioz betetako denboraldiari ekin dio Athleticek

Jokalari zuri-gorriek begiz joa dute Txapeldunen Liga. Orain arte fitxatu duten jokalari bakarra izan da berri nagusia: Robert Navarro. Valverderen hamargarren sasoia izango da aulkian.

Athleticeko jokalariak, ahalegin betean, gaur Lezaman, denboraldiaurreko lehen entrenamenduan. ATHLETIC
Athleticeko jokalariak, ahalegin betean, gaur Lezaman, denboraldiaurreko lehen entrenamenduan. ATHLETIC
jon eskudero
2025eko uztailaren 9a
14:43
Entzun 00:00:0000:00:00

Oporraldia amaituta, gogoz eta ilusioz ekin dio lanari gaur Athleticek. Azken urteak guztiz oparoak izaten ari dira, eta gaizki ohitzen hasiak daude jarraitzaileak. Duela bi sasoi Espainiako Kopa irabazi ondoren, iragan denboraldian Europa ligako finalaren atarian geratu ziren zuri-gorriak. Bada, beste jauzi bat egingo du Ernesto Valverderen taldeak, eta Txapeldunen Ligako ereserkiak jantziko du San Mames. Europako talde onenen aurka jokatzeak ilusio berezia piztu du Bilbon, baina ahalik eta lehiakorrena izatea du xede Athleticek. Txapeldunen Ligaz gain, Espainiako Liga, Espainiako Kopa eta Superkopa ere jokatu beharko ditu, eta ziurrenik 50 partidatik gorako lana izango du. Horregatik, denboraldiaurreko lana mimoz zainduko du Valverdek, eta izerdi tantez josiko ditu lehen lan saioak.  

Klubak iragarri moduan, bi multzotan banatu dira Lezaman batu diren jokalariak. Batzuek zelaian ariketa batzuk egin dituzte, eta, besteek, osasun probak osatu dituzte barruan, gimnasioan lan egiteaz gain. Lan horiek trukatuko dituzte bihar, eta etzi entrenatuko dira denak elkarrekin estreinakoz. Hain zuzen, ariketa sinpleak osatu behar izan dituzte zelaian aritu direnek, soilik baloia hanketan ibiltzeko baliatu baitute eguna. Zeregin horretan, bi laguntzaile berri izan ditu alboan Valverdek: Luis Prieto eta Pablo Orbaiz, biak ala biak Athleticeko jokalari izandakoak. Arlo fisikoaz arduratuko da Prieto, eta banaka lan eginda jokalariak trebatzen jardungo du Orbaizek.

Valverderi dagokionez, hamargarren denboraldia izango du Athleticen aulkian, eta, jarraitzaile askoren iritziz, inoizko talde onena izango du bere esanetara. Bai, behintzat, onenetakoa. Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak aitortua du urtez urte taldea «hobetzea» duela helburu, eta oraingoz jokalari bakarra fitxatu du: Robert Navarro. Hura izan da berritasun nagusia Lezamako zelaian. Mallorcatik iritsi da jokalaria, eta erasoko lerroko edozein postutan jokatzeko gaitasuna du. Baliteke Oihan Sanceten ordezko naturala izatea. Batez ere, kalitate itzela du oinetan Navarrok, eta azken paseari zein golari begira zukua eman diezaioke Athleticen jokoari.

Oscar de Marcos, ordea, ez da Lezamara joan. Azken urteetako kapitainak erretiroa hartu zuen joan den sasoian, eta haren hutsunea igarri izango dute jokalariek. De Marcosez gain, Bigarren Mailan utzita aritu diren hainbat jokalari ere ez dira izan Lezaman, hala nola Unai Egiluz, Hugo Rincon eta Unai Vencedor, astebete gehiagoko oporraldia dute eta. Oporraldia eten eta lehen lan egunera azaldu da Urko Iruretagoiena Izeta. Kontratua 2027ra arte luzatu ondoren, Valverderen konfiantza irabazi nahi du aurrelariak. Udan selekzioekin jokatu duten jokalariak ere falta izan dira: Unai Simon, Dani Vivian, Mikel Jauregizar, Maroan Sannadi eta Nico Williams. Klubak ez du zehaztu oraindik noiz hasiko diren lanean. Williams anaietan gazteena Lezaman izan ez den arren, haren izena ahoz aho ibili da. 2035era arte Athleticekin kontratua luzatu izanak ilusioa areagotu egin du lantaldearen barruan.

Egiluz, 2028ra arte

Zuzendaritzaren ahaleginak saria izan du Nico Williamsen kontratuari dagokionez, baina litekeena da beste jokalari batzuk fitxatzeko zailtasun gehiago izatea orain Uriartek, haren fitxa altua dela eta. Ez dio inori aterik itxi nahi, dena den. Agendan gorriz ageri dira Aymeric Laporte eta Jesus Aresoren izenak. Laportek begi onez ikusiko luke Athleticera itzultzea, baina Al Nassr Saudi Arabiako klubak ez ditu erraz jarriko negoziazio lanak. Aresok, berriz, hamabi milioi euroko etete klausula du Osasunan.

Denborak aginduko du Laporteri dagokionez, baina, badaezpada, Athleticek 2028ra arte kontratua berritu dio Egiluzi. Atzelariak lan duina egin du Mirandesen, eta orain Valverderen konfiantza irabazi nahi du. Baliteke Egiluzen etorkizuna Laporteren kontratuaren esku egotea. Bestalde, maletak egiteko zorian dago Julen Agirrezabala. Minutu gehiagoren bila Valentziara joatear da atezaina. Hori hala balitz, zuri-gorriek Alex Padilla berreskuratuko lukete Mexikotik.

Denboraldiaurre osoa Lezaman osatuko du Athleticek, eta soilik lagunartekoak jokatzeko bidaiatuko du. Sei lagunarteko ditu lotuak oraingoz, aurkari handien aurkakoak batzuk. Hilaren 19an Ponferradinaren aurka ariko da, hilaren 22an Alavesi egingo dio aurre, eta hilaren 26an, PSV Eindhoveni. Abuztuaren 4an bi partida jokatuko ditu Liverpoolen kontra, eta 9an Arsenali egingo dio aurre. Oraindik zehazteko dago Euskal Herria Txapelaren finala, Osasunaren aurkakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.