Atleta

Teresa Errandonea: «Ilusioz eta konfiantzaz ari naiz entrenatzen, lehen ez bezala»

Bi urte pasatu dira Errandoneak goi mailako kirola utzi zuenetik, baina bueltan da Irungo hesi lasterkaria. Pausoz pauso egin nahi du bidea.

GORKA RUBIO / FOKU
GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2026ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Entrenamendua amaitu eta segidan elkartu da BERRIArekin Teresa Errandonea atleta (Irun, Gipuzkoa, 1994), irribarretsu. Eguzki izpien goxoan, ilusioz aritu da itzuleraz. Izan ere, bi urteko etenaren ostean, lehiara bueltatzea erabaki du. Lesioen ondorioz hartu zuen erretiroa, baina osatu da, ez du inongo minik, eta gogotsu dago. Larunbatean jokatuko du sasoiko lehen txapelketa, Anoetako belodromoan, «etxean».

Zer moduz zaude?

Ondo nago, gogotsu. 2023ko abenduan hartu nuen atletismoa uzteko erabakia, baina erabakia ez zen guztiz nirea izan: lesioek behartu ninduten erabaki hori hartzera, nolabait. Hasiera-hasieran ez nuen pista zapaldu ere egin nahi, baina, ordutik, ez naiz erabat aldendu atletismotik, nire taldearekin entrenatzen jarraitu dut, eta, behin itzultzeko erabakia hartuta, gogotsu nago berriro. Ilusioz eta konfiantzaz ari naiz entrenatzen, lehen ez bezala.

Larunbatean lehiatuko zara Anoetako belodromoan.

Bai, 60 metroko bi probetan ariko naiz, hesidunean eta lauan. Lehen hartu-emana izango da, eta etxean. Familia giroan egon nahi dut. Familiakoak, lagunak, bikotekidea... ikustera etorriko dira. Etxean bezala egongo naiz, eta entrenamendu baten modukoa izango da. Ea zer moduz sumatzen dudan neure burua, eta horren arabera planifikatuko dut denboraldia.

Noiz eta nola erabaki zenuen lehiara itzultzea? Zerk bultzatu zaitu?

Apirilean edo maiatzean hasi nintzen jarraitutasun handiagoz entrenatzen, eta orduan piztu zitzaidan gogoa. Buruari bueltaka hasi nintzen. Entrenatzailearekin batera erabaki nuen irailean denboraldiaurrea hasiko nuela, eta gustura eta sasoiko egonez gero  federatu egingo nintzela 2026rako. Ondo aritu naiz entrenatzen, eta hemen nago.

Ramon Cid entrenatzailearekin jarraitu duzu, ezta?

Bai, hala da. Eta eskerrak eman nahi dizkiot. Beti animatu nau, eta ez du inoiz amore eman. Bikotekideak ere asko lagundu dit.

Uzteko erabakia hartu zenuenean, ez zenuen uste posible zenik noizbait goi mailan lehiatzea berriro?

Ez. Atletismoa uzteko erabakia hartu nuenean, ez nuen atletismoko pista bat zapaldu ere egin nahi. Hilabete batzuk egon nintzen Anoetara etorri gabe, eta, etorriz gero, taldearekin egotera etortzen nintzen, ez entrenatzera. Oso gaizki pasatu nuen. Baina egoera bestelakoa da orain. Atseden hartu dut, lasai nago, eta gogoz.

Etenak on egin dizu?

Bai, oso ondo etorri zait.

«Hilabete batzuk egon nintzen Anoetara etorri gabe, eta, etorriz gero, taldearekin egotera etortzen nintzen, ez entrenatzera. Oso gaizki pasatu nuen. Baina orain bestelakoa da egoera»

Asko aldatu zen zure egunerokoa?

Bai eta ez. Lanari eta ohiturei dagokienez... lanaldi osoz hasi nintzen lanean, baina ohiturei eutsi nien. Beti zaindu izan dut asko neure burua. Egia da goi mailako kirola uztean ez nengoela baskulari eta elikadurari hain lotuta. Asko disfrutatu dut, eta lehen egin ezin nituen plan asko egin ditut: asteburuetan kanpora joan, eta beste. Gauza horiei balio handiagoa ematen diet orain, eta aurrerantzean ere aintzat hartuko ditut. Itzuliko naiz, baina ez lehen bezala. Neure burua zaintzen ari naiz, ondo entrenatzen, baina oreka lortu nahi dut.

Noiz hasi zinen lehiaren falta sumatzen?

Esango nuke 2025ean izan zela, hesiekin hasi nintzenean. Zoriontsu nintzen berriro hesiekin entrenatzen, eta zera esaten nuen neure baitarako: ‘Honen falta sumatu dut’. Biharamunean pistara itzultzeko gogoa nuen. Pixkanaka aritu naiz, minik gabe. Minik ez dunanean, zoriontsu naiz entrenatzen. Horixe falta zitzaidan lehen.

Guztiz osatu zara?

Bai, ez dut inongo minik.

Zure kirol ibilbidean lesio asko izan zenituen, eta horrek aldartean ere eragin zizun. Azkenean, erretiroa hartu zenuen. Nola oroitzen duzu? Gogorra izan zen?

Bai. Lehiaketa garaian, gainerako atletak hobetzen ari ziren, eta nik ezin. Ezin nuen dena eman, min nuen eta. Gauza bat da lehiaketa batean gaizki aritzea teknikoki huts egin duzulako edo ez zarelako ondo lehiatu, baina mina duzulako ezin ondo aritzea... Horrek erre ninduen gehien.

Goi mailako kirola utzitakoan, azkar osatu zinen?

Bai. Tendoiak gaizki nituen entrenamendu gogor asko egiten nituelako. Erritmoa jaisteak eta atseden hartzeak on egin zidan. Orain, aldaketa batzuk egin ditut. Bestelako oinetako iltzedunak erabiltzen ari naiz arazo fisikorik ez izateko. Ondo nago, eta espero dut horrela segitzea.

«Espainiako Txapelketa jokatu nahi dut, eta lan ona egin, noski, baina orain bigarren mailakoa da hori. Egunez egun ikusiko dut zer moduz nagoen»

Zer ikasi duzu urte hauetan?

Niretzat, egun batean ez entrenatzea drama hutsa zen lehen, eta aldi honetan ikasi dut aste bat edo bi gelditzeagatik ez dela ezer gertatzen; kontrara, gorputzak eskertzen duela eta min txiki edo arazo fisiko gutxiago izaten dituzula. Lasaiago hartzen dut orain. Aldea sumatu dut.

Zer gorputzaldirekin aurre egingo diozu lehiaketari?

Ez dakit. Gustatzen zait lehiatzea, aurkariekin lehia hori izatea... Horregatik bueltatu naiz. Eta bizitzan txinparta hori falta zitzaidalako. Baina ez dakit kontua nola joango den. Espero dut oso nahasita ez egotea. Gogotsu nago, eta ea nola doan dena.

Zer diferentzia dago lehengo Teresa Errandonearen eta oraingoaren artean?

Uste dut helduagoa naizela orain. Aldaketa batzuk egin, eta gauzak beste modu batean ikusten ditut. Uste dut horrek lagunduko didala denboraldi honetan.

Zer helburu dituzu?

Lehen asko begiratzen nion etorkizunari, eta, denboraldiaurrea hasitakoan, neure kolkorako esan nuen egunez egun joan behar nuela. Nire helburua, oraingoz, larunbatean ahalik ondoena aritzea da. Eta, gero, ikusiko dut. Espainiako Txapelketa jokatu nahi dut, eta lan ona egin, noski, baina orain bigarren mailakoa da hori. Egunez egun ikusiko dut zer moduz nagoen, eta prozesuaz disfrutatu nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.