Athletic 3-2 Girona

Indar erakustaldia San Mamesen

Presio itogarria egin du Athleticek Gironari huts eginarazteko, eta amaieran sufritzen jakin du hiru puntuak lortzeko

(ID_13623030) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA EA SPORTS
Iñaki Williams gola ospatzen. LUIS TEJIDO / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 19a
22:55
Entzun

Presio aurreratua, erritmo bizia, joko zuzena eta aurkariak utzitako hutsuneak zigortzeko nahia. Hori erakutsi du sasoi honetan Athleticek, eta hori muturrera eraman du gaur, partida eder batean Girona menderatzeko. 3-2 irabazi diote zuri-gorriek orain arte ligan bi partida soilik galdu dituen bigarren sailkatuari. Orain bi puntu eskasera dauka Athleticek Txapeldunen Ligan jokatzeko aukera ematen duen laugarren postua. Berenguerrek eta Iñaki Williamsek sartu dituzte zuri-gorrien hiru golak.

Baloiaren jabetza edukitzea asko gustatzen zaio Michelen Gironari. Atzetik sortzen dute jokoa. Paseekin ateratzen dute baloia jokatuta, atzeko lerrotik hasita, eta aurkariak erakarri ostean bilatzen dute markarik gabe egon daitekeen jokalaria, sakonean pasea emanez. Athletic, ordea, ligako talderik trebeenetakoa da presio egiten, eta kataluniarren lehen hutsa zigortu egin du Berenguerrek. Aleix Garciak baloia galdu du Unai Gomezen presioak behartuta, eta nafarrari iritsi zaio baloia. Hegalekoak area ertzetik jaurti du baloia, eta zutoinaren ondotik bidali du baloia sareetara. Bigarren minutua bete gabea zela iritsi da lehoien lehen atzaparkada hori.

Golak ez du partidaren nondik norakoa aldatu. Athleticek presio eginez arriskatzen jarraitu du, eta Gironak ez dio bere jokoari muzin egin. Lehen zatian beste golen bat ikusteko zenbait aukera izan dira. Gironak Tsygankoven eta Yangel Herreraren oinetan izan zituen pare bat aukera, baina ez dute asmatu Unai Simonen aurrean. Zuri-gorriek ere izan dute bigarrena egiteko aukera, baina Iñaki Williams kamuts aritu da ate aurrean. Lehen saiakeran kanpora bota du baloia area txikian bakarrik zegoela, eta bigarrenean zutoinera bidali zuen errematea. 1-0ekoarekin joan dira 22 jokalariak aldageletara.

Gol festa

Bigarren zatian berehala orekatu dira indarrak markagailuan. Girona sendoago zelairatu da, eta hirugarren minuturako lortu du berdinketa. Ezkerretik egindako jokaldi bat gaizki defendatu du zuri-gorrien atzeko lerroak, eta Ivan Martinen erdiraketa sareetara bidali du Tsygankovek.

Isilik gelditu da San Mames, baina berehala piztu da festa berriro ere. Athleticek kolpea jasotzen jakin du, eta bi minutu nahikoa izan dira Athleticentzat partida bideratuta uzteko. Lehendabizi Berenguer izan da 2-1ekoa egin duena. Berriro ere presio gogorra egin dute zuri-gorriek, baloia lapurtu du Guruzetak, eta horren pasea Berenguerrek probestu du, berriz ere, etxeko taldea aurreratzeko. San Mames gol hori ospatzen ari zen bitartean iritsi da hirugarrena. Vivianek baloi luzea bidali dio Iñaki Williamsi, eta atzelarien zalantza baliatu du aurrelariak baloia sareetara bidaltzeko. Une horretan partidaren iparra erabat galdu du Kataluniako taldeak, eta Athleticen zelai erdiko jokalarien fisikoa nagusitu da Gironaren joko teknikoa baino gehiago.

Baina Michelen taldea ez da besoak jaisten dituen horietakoa. Sasoi osoan maila bikaina erakutsi du, eta geldikako jokaldi bat baliatu du Eric Garciak aldea murrizteko. Aurrerapausoa eman du Gironak gol horrekin, eta gertu izan du berdinketaren gola. Vivianek atepetik atera du John Solisen erremate bat, eta Unai Simonek hankekin zapuztu du Savioren saiakera bat. Azkenean hiru puntuak San Mamesen gelditu dira, eta bizi-bizirik daude zuri-gorriak Txapeldunen Ligako postuen lehian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.