Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Indarrean, Greipel nagusi

Frantziako Tourreko bigarren garaipena lortu du alemaniarrak, esprintean, Matthew Gossi eta Juan Jose Haedori aurrea hartutaPablo Urtasun etapa irabazteko zorian egon da, baina tropelak jan du ehun metro faltan

Indarrean, Greipel nagusi.
jon eskudero
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Bi egunetan, bi etapa irabazi. Non, eta Frantziako Tourrean. Bolada ezin hobean dabil Andre Greipel (Lotto). Herenegun bisitatu zuen lehenengo aldiz podiuma, eta atzo ez zen gutxiago izan. Izan ere, erabat nagusitu zen Saint Quentingo helmugan, ailegaera gaizto batean. Bazirudien esprinterrentzako diseinaturiko etapa bat zela. Eta bai, halaxe zen, baina ez batere erosoa. Errepideak behetik gorako joera zuen, eta abiadurak ez, indarrak erabaki zuen lehia. Mark Cavendish (Sky) da gaur-gaurkoz abiaduraren errege, baina atzo ezinean geratu zen. Hain zuzen ere, aldaparekin egin baituzen topo. Bada, Greipelek ez zuen hutsik egin, eta merezita altxatu zituen bi besoak helmugan, Matthew Gossi (Greenedge) eta Juan Jose Haedori (Saxo Bank) aurrea eroso hartuta.

Egunero gidoi berbera ari da errepikatzen Frantziako errepideetan. Lehenik ihesaldia osatu, gero tropelak ezerezean utzi, eta amaieran txirrindularirik azkarrenak etapa irabazi. Atzo ere ez zen deus aldatu, baina ustekabeko galanta emateko zorian egon ziren iheslariak. Pablo Urtasun Euskaltel-Euskadiko ziklista, batez ere. Julien Simonekin (Saur-Sojasun), Matthieu Ladagnousekin (FDJ) eta Jan Ghyselinckekin (Cofidis) alde egin zuen etapa hasi eta berehala, eta sei minuturen aldea lortu zuten momentu batean. Ordea, atzean Sky eta RadioShack lanean hasi zirenean behera egin zuen aldeak.

Ez zituzten, baina, nahi ordurako harrapatu. Egungo txirrindularitza ez da garai batekoa: lehen, hasieratik gorputz eta arima aritzen ziren iheslariak, baina orain ez. Orain amaierarako indarrak gordetzen ditu batek baino gehiagok. Bada, halaxe egin zuten atzokoek. Etahorri esker, etapa garaipenerako lehian ibili ziren.

Azken kilometroari tropelarekiko hamar segundoren aldea zutela ekin zioten. Ikusten zen haien ametsak ez zuela bide luzerik edukiko, eta horregatik eraso bortitza jo zuen Ghyselinckek. Alde polita kendu zien iheskideei, baina inor gutxik espero zuenean Urtasun esnatu zen; nola esnatu ere: bizikletatik altxatu eta hortzak estututa, metroak irabazten hasi zen. Aise gainditu zuen Cofidiseko ziklista, eta azken zuzengunean bakarrik sartu zen.

Ordea, tropela ez, aldapa izan zuen aurkari nagusia, eta ahituta geratu zen. Helmugarako ehun metro inguru falta zirela irentsi zuen tropelak. Historia egiteko hutsa falta izan zitzaion nafarrari, baina gertu egotearekin ez da aski. Dena den, goraipatzeko lana ari da egiten Tourrean, atzo bigarrenez sartu baitzen ihesaldian. Gainera, kontuan eduki behar da astelehenean kolpe gogorra hartu zuela lurrera erori zelako.

Peter Saganen erorikoa

Lurra ukitu zuena beste bat izan zen atzo: Peter Sagan (Liquigas). Helmugara iristeko 2,7 kilometro besterik falta ez zela eroriko dezentea gertatu zen tropelean. Tyler Farrarrek (Garmin) oreka galdu zuen, eta haren atzetik zihoazenak aurrera egin ezinik gelditu ziren. Saganek apuru larria igaro zuen, baina maisutasun handia erakutsi zuen. Erori, erori zen, baina ez zitzaion ezer larririk gertatu. Zorteari alde ona bilatzen jakin izan zuen.

Hori bai, esprinteko lehiatik kanpo nahi baino lehenago gelditu zen, eta Greipelek atera zituen babak eltzetik. Aurrez, tarteko helmugan, Cavendishek ez zuen parekorik izan. Bezperan kolpe handi samarra jaso arren erabat suspertuta zegoela erakutsi zuen, eta oilarren artean aritzeko moduan zela. Greipelek ez zuen parte hartu tarteko helmugako esprintean, baina behar izan zenean ederki moldatu zen. Merezita irabazi zuen.

Sailkapen nagusian ez zuen aldaketarik eragin atzoko etapak. Fabian Cancellarak (RadioShack) jarraitzen du lider, eta zenbaki kopuru politetara heltzen ari da. Izan ere, Tourraren historian elastiko horia jantzita eraman dutenak hamabi soilik daude haren gainetik. Hori bai, hamabi horiek Tourra behin baino gehiagotan irabazi izan dute, eta Cancellarak inoiz ez. Ezta irabaziko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.