Datorren asteburuan ekingo zaio zazpigarren BERRIA txapelketari, hiru kanporaketa hauekin: Gazteleku-Txaruta, Amurrio-Iparralde eta Oberena-Añorga. 11 aste iraungo du txapelketak, eta finalak martxoaren azken asteburuan jokatuko dira, Hernanin (Gipuzkoa). Euskal Herriko 24elkarte onenek hartuko dute parte. Beraz, etorkizuneko pilotaririk onenak ikusteko aukera izango da. Ikuskizuna ziurtaturik dago.
Aurtengo txapelketaren aurkezpena atzo egin zuten, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Elkarte batzuetako ordezkariak, nafarrak gehienbat, ezin izan ziren bertara gerturatu, elurra zela eta. Hala ere, nahiko jende bildu zen. Ordezkariez gain, antolatzaileak ere aurkezpenean izan ziren: Joan Mari Larrarte EKTko kontseilari ordezkaria, Patxi Jauregi Gipuzkoako Pilota Federazioko presidentea, Rufino Rekalde Hernaniko ordezkaria eta Andoni Alvarez BERRIAko ordezkaria.
Lehenik, Larrartek hartu zuen hitza, eta beraientzat txapelketa antolatzea «ohorea» dela esan zuen. Indarra eta garrantzia hartzen ari den txapelketa da, eta horixe nabarmendu zuen Jauregik: «Urtetik urtera garrantzi handiagoa du BERRIA txapelketak, eta pilotaren egutegian gorriz markatu beharra dago jada». Egunkariakasuko auzipetuak ere gogoan izan zituen Jauregik: «Finalean Martxelo Otamendi eta gainontzekoak sariak ematen ikustea espero dugu».
Ondoren, Rekaldek eta Alvarezek hitz egin zuten, txapelketaren nondik norakoak zehazteko. Kadeteak, gazteak eta seniorrak ariko dira, binaka. Sistema, berriz, iazko bera izango da. Hau da: partida gehien irabazten duen elkartea sailkatuko da hurrengo faserako. Lehen bi partidak elkarte berak irabazten baditu, baina, tanteo bidez erabakiko da irabazlea. Rekaldek azaldu zuenez, «elkarte bakoitzak bereak ez dituen bi pilotari ekarri ahal izango ditu, taldea sendotzeko». Emaitzen berri BERRIAn bertan emango da. Hastera doa pilotarien eta elkarteen haztegi den txapelketa.
PARTE-HARTZAILEAK
Gipuzkoako 8 elkarte. Gazteleku, Añorga, Ilunpe, Oiarpe, Bergara, Hernani, Aurrera Saiaz eta Zazpi Iturri.
Nafarroako 8. Txaruta, Oberena, Aurrera, Erreka, Aldabide, Irurtzun, Zugarralde eta Huarte.
Bizkaiko 5. Gure Kirola, Usansolo, Markina, Igorre eta Adiskide.
Arabako 2. Amurrio eta Txukunlakua.
Iparraldeko 1. Selekzioa.
Indartsu dator BERRIA txapelketa
Datorren ostiralean hasiko da zazpigarren ekitaldia, eta finalak martxoaren azken asteburuan jokatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu