Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Kaiku

Indartsuagoa da

Kaikuk hirugarren sasoia beteko du aurten San Miguel ligan, eta aurreko bietan baino maila hobea eman nahi duArraunlari propio gehiago dauzka, eta kanpotik ere sendotu egin du taldea

Aitor Manterola Garate.
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
San Miguel ligatik kanpoko estropadetan, indartsuena izan da Kaiku azken bi denboraldietan, iazko Kontxako Banderan izan ezik. Baina erregulartasuna saritzen duen estropada multzoan ez du mailarik eman. Duela bi urte igo zen elitera, eta bi sasoi horietan, banderarik ez du irabazi ligan. Aurten, joera txarra ontzeko gaia dauka, indartsuagoa da, eta faboritoen artean kokatzen dituzte Sestaokoak.

Aldaketa horren eragile nagusia legea da, arraunlari propioen eta ez propioen araua, hain zuzen. Aurreko bi sasoietan, sekulako talde puska izan du Kaikuk, baina San Miguel ligako lege hori betetzeko, arraunlari propioak eta ez propioak nahasian sartu behar izan ditu Jose Luis Kortak, eta horrek eragina izan du ontziaren kalitatean. Ondorioa agerikoa da, emaitzek ez dute gezurrik esaten: iaz, behin bakarrik sartu zen bost onenen artean ligako estropadetan; laugarren egin zuen orduan. Aldiz, bost bider izan zen lau azkenetan. Sekulako aldea zegoen txapelketetan eta Kontxan aritu zen Kaikuren eta ligakoaren artean. Aurten, aldea ez da hainbestekoa izango, arraunlari propioak ugaritu egin zaizkiolako.

Horrek taldea indartsuago eginagatik, ez dira horrekin ase klubean, eta kanpotik ere ekarri dituzte arraunlari berriak. Esperientziadunak batzuk: XabierEtxebeste (Castrotik), Carlos Rodriguez (PedreƱatik), Andrei Banica (Urdaibaitik), Paul Galdiz (Isuntzatik), Alex Udabe (San Pedron ibilia) eta Diego Hermo (Perillotik); eta gazteak beste pare hau: Adrian Gonzalez (Castrotik) eta Xabier Garcia (Vigoko Nauticotik). Baliabide faltarik ez dauka Kortak estropada denetan oso talde indartsua osatzeko. Kuadrillari etekin guztia ateratzen asmatzen baldin badu, San Miguel ligan lortuko luketen lehenbiziko trapua ez da Sestaotik urruti ibiliko. Ez dago alferrik Kaiku faboritoen artean, besteen begietatik begira tzen zaienean, Urdaibai, San Juan eta Astillerorekin batera-batera.

Denboraldi-aurreko estropada askotan hartu du parte Bizkaitarra ontziak, eta, oro har, goian ibili da. Urdaibairi irabazteko gai ere izan zen Sestaoko proban. Emaitza horiek ez dira fidagarriak izaten, neguan prestakuntza ez delako bete-betea izaten, eta udaberrian, entrenatzaileek makina bat proba egiteko erabiltzen dituztelako estropadak. Baina bi urte sasoi horietan goian dabilena, udan ez da aparte izaten ohorezko leku horietatik. Kaikuk urratsa egin behar du aurten San Miguel ligan, eta eskatu ere eskatu behar zaio goiko postuetan ibiltzeko. Gaia daukalako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.