Infernutik zerura?

Euroligako Lauko Finalerako sailkatuko da gaur Tau Baskonia, Partizani haren etxean irabazten badio

UNAI GARTZIA GASTEIZ
2008ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Euroligako Lauko Finalerako sailkatzeko lehen aukera izango du gaur Tau Baskoniak. Horretarako, Pionir Partizanen pabiloi beldurgarrian biltzen diren milaka zaleren presioa gainditu beharko du. Hori eginda, garaipena lortzeko aukera asko izango ditu. Lehen partidan gauzak zaildu egin zizkion Partizanek Baskoniari. Gasteizen aritu zen Serbiako taldeak, ordea, ez du gaur ikusiko denarekin zerikusirik izango, Belgradekoak hobeto aritzen baitira euren jarraitzaile zaratatsuen babesean.

Neven Spahijak zuzentzen duen taldeak ezin du kanporaketako lehen partidan lorturiko garaipenarekin lasaitu. Bide azkarretik lortu behar du maiatzean Madrilen (Espainia) jokatuko den Lauko Finalean aritu ahal izateko aukera. Horregatik, lehen segundotik atera beharko du kontrarioa zanpatzera. Gaurkoa, beraz, partida bizia izango da, zalantzarik gabe. 40 minutuetan intentsitatea eta zuhurtzia ondoen uztartzen dituen taldea izango da garaipena lortuko duena. Horrelako partidetan defentsaren garrantzia are garrantzitsuagoa bihurtzen da. Beraz, defentsan ondo aritu beharko dute bi taldeek.

Baskoniari dagokionez, defentsa lana hobetzeaz gain, erasoan ere aurrerapausoa eman beharko du. Herenegun Planinicen agerraldia ezinbestekoa gertatu zen garaipenak Gasteizetik ihes egin ez zedin. Gaur gasteiztarrak ezin dira egon jokalari baten inspirazioaren zain, eta txukunago eta antolatutago aritu beharko dute. Hobekuntza eraso bakoitzaren dinamismo handiagoari esker etorriko da. Taldeak denbora gehiegi ematen du saskirako bidea aurkitu arte. Eraso geldo horrek mesede egiten dio Partizanen defentsari, bere pibot handiak lasai asko zona barruan mantentzen baititu.

Hiru izango dira partidako gakoak. Lehena, Pekovic Partizaneko pibotea. Taldeko bihotza da, jokalaririk arriskutsuena. Lehen partidan berak sortu zizkion Baskoniari arazorik handienak. Bere jokoa geratzearekin batera hasi ziren gasteiztarrak markagailuan aldea lortzen. Partizanen barruko jokoa gelditzeko gaitasuna izateagatik Tauk irabazi zuela adierazi zuen partida amaitu ostean Dusco Vujocevic serbiarren entrenatzaileak. Gaur, beraz, ezinbestekoa izango da pibotaren gaineko defentsa. Erabakigarria.



PEKOVIC ETA PALACIOS. Splitterrek eta McDonaldek adi egon beharko dute falta asko ez egiteko. Herenegun gertatutakoa errepikatu ez dadin. Baina haiek ezingo dute Pekovic bakarrik gelditu. Talde guztiaren lana izango da 2,10 metro luze den jokalaria ezerezean uztea, eta kanpoko taldekideen etengabeko laguntzak beharko dira horretarako.

Vranes, Pekovicen ordezkoa, ere jokalari arriskutsua da. Partizaneko erraldoia saskitik ahalik eta urrunena mantentzen saiatu beharko dira Tauko saskipeko jokalariak. Izan ere, 2,29 metroko garaiarekin saskipean min handia egiteko gaitasuna duka Vranesek. Vranes eta Pekovic behar bezala lotuta, errebotearen jabe izan beharko luke Tauk. Errebotea, hain zuzen ere, izan daiteke norgehiagokaren giltza nagusietarikoa.

Bigarren gakoa, berriz, Tau Baskoniako joko-antolatzaileen lana izango da. Lehen partidan erasoan partida biribila osatu zuen arren, Planinicek ez zuen taldea behar bezala zuzendu. Ezta Prigionik ere. Milt Palaciosek buruz burukoa irabazi ziela esan daiteke, ia partida osoan hark markatu zuelako demaren erritmoa. Baskoniako antolatzaileek ezin dute onartu hori berriro gertatzerik. Erasoan aurrerapauso handia eman beharko dute lehen partidarekin alderatuta. Orduan, partida asistentzia bakarra eman zuten bien artean, eta gaitza izango da horrelako zenbakiekin Partizan berriro mendean hartzea.

Defentsan ere asko hobetu beharko dute Tauko joko-banatzaileek. Palacios itotzea izan behar du haien helburu nagusia. Palaciosek ez dauka bere mailako ordezkorik, eta kantxan ez badago, Partizanen ekarpenak behera egingo du, seguru.

Azkenik, pabiloian bilduko diren milaka zalek eragingo duten presioak ere zeresan handia izango du partidan. Europan gutxieneko eskarmentua duten jokalari gehienek badakite Pionir Europako kantxarik beroena dela. Partizanen zaleek uneoro animatzen dituzte euren jokalariak. Oihuek etxeko taldea bizitu egiten dute, baita bisitariak eta epaileak kikildu ere. Gasteiztarrak ezin dira presioaren zuloan erori, eta Zurbaon ariko balira bezala jokatu beharko dute, kontrako giroaz baztertuta, alegia.



PARTIZAN-TAU BASKONIA

Partizan: Palacio, Tepic, Riznic, Kecman, Balaban, Borovnjak, Tripkovic, Velickovic, Tapuskovic, Pekovic, Vitkovac, Djurkovic, Bozic, Milosevic eta Vranes.

Tau Baskonia: Prigioni, Rakocevic, Vidal, Mickeal, Singleton, Splitter, Teletovic,Jasaitis, McDonald, Planinic, Garcia eta Fernandez. Lekua:Pionir pabiloia (7.000 eserleku)

Ordua: 20:00etan (ETB1).





ParTIDaKo GILTzaK

Pekovic. Bera da Partizanen bihotza, arriskurik handiena. Hura lotuta, irabazteko aukera askoizango ditu Tau Baskoniak.

Tauko joko-antolatzaileak. Planinicek eta Prigionik lehen partidan baino maila hobeaeman beharko dute gaur.

Zaleen presioa. 7.000 zalek lepo beteko dute pabiloia. Presio horrek ez ditu Tau Baskoniako jokalariak kikildu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.