Beste hiru selekzio sailkatu dira Munduko Kopako final-zortzirenetarako: Ingalaterra, Belgika eta AEBak. Europako bi selekzio horiek sufrituta egin dute aurrera. Ingalaterra 0-1 joan da galtzen, baina Kaneren bi goli esker, irabazi egin du (2-1), eta Mexikoren aurka jokatuko du hurrengo kanporaketa, uztailaren 6an, 02:00etan. Askoz gehiago sufritu behar izan du Belgikak sailkatzeko. 85. minutuan 2-0 galtzen zihoan, baina azken minutuetan bina berdindu du, eta, gero, luzapenean, hirugarren gola sartu eta irabazi: 3-2. Belgikarrek AEBen kontra jokatuko dute final-zortzirenetan, uztailaren 7an, 02:00etan. AEBek, berriz, gutxiago sufritu behar izan dute Bosniari irabazi eta hurrengo kanporaketarako urratsa egiteko: 2-0 hartu dute mendean Bosnia.
INGALATERRA 2-1 KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA
Golegileen Munduko Kopa da hau, oraingoz behintzat. Messi, Mbappe, Haaland... eta, gaur, Harry Kane. Aurrelariak partidako azken ordu laurdenean sartutako bi goli esker —lau daramatza txapelketan— sailkatu da Ingalaterra final-zortzirenetarako. 2-1 irabazi dio Kongori. Afrikako selekzio horrek ausart jokatu du, eta ia neurketa osoa egon da aurretik. Itxura oso ona eta duina eman du, batez ere lehen zatian. Bigarrenean, ordea, Ingalaterrak estutu egin du erdiraketak eginez, atzean sartu du, eta, azkenerako, merezita egin du aurrera. Final-zortzirenetan Mexikoren aurka neurtuko ditu indarrak; asteartean izango da hori, hilaren 7an, goizaldeko ordu bietan.Â
Kongoko hautatzaileak, Sebastien Desabrek, marrazkia aldatu du. Atzean lau atzelarirekin jokatu du, bostekin jokatu beharrean. Goian, berriz, hiru jokalari oso bizkor jarri ditu: Copenga, Wissa eta Mbuku. Horrek ezustean harrapatu du Ingalaterra. Kongoarren plana argia zen: aurkariari jokoaren ekimena eta baloiaren jabetza utzi, eta ahal zuenean zuzen eta bizi aurrera atera. Apustua bikain atera zaie. Izan ere, 7. minutuan aurretik jarri dira. Pazientziaz mugitu dute baloia, Bissakari iritsi zaio, eta hark bigarren zutoinera erdiratu du. Cipenga bakarrik azaldu da han, eta gola sartu du. Baloia zutoinetik oso gertu igaro da, baina Pickfordek ezin izan du geratu.Â
Ingalaterra deseroso aritu da hurrengo minutuetan. Partida amaitzeko asko geratzen zen arren, presaka jokatu du, eta hutsak egin paseetan, kontroletan... Kongok, berriz, ausart jokatzen jarraitu du, eta, ahal izan duen guztietan, bizi jo du gora. Baina, 30. minutua bete aurretik, Tuchelek zuzentzen duen multzoak estutu egin du berriro ere. Hala, 29. minutuan norgehiagoka berdintzeko aukera argia izan dute. Ricek baloia erdiratu du eskuinetik, eta Bellinghamek erremate bikaina egin du atzetik etorrita; Mpasi atezainak, ordea, bikain gelditu du baloia. 35. minutuan, berriz, Rashfordek bigarren zutoinean egindako errematea golaren arrastoan atera du Bissaka atzelariak.Â
Kongo ez da kikildu, eta lehen zatiko azken minutuak joan eta etorrikoak izan dira. Desabrek zuzentzen duen selekzioa aldea handitzear egon da 42. minutuan: Bissakak berak erdiraketa egin du lehen zutoinera, eta Wissak errematatu. Baloiak O'Rileyren eta Pickforden gorputzean jo du, eta zutoinera joan da. Hurrengo jokaldian Kane bakarrik geratu da Mpasiren aurrean, eta atezainak penaltia egin diola esan du. Baina VARean begiratu ostean, epaileak ez du halakorik adierazi. Lehen zatiaren luzapenean, Kanek bi aukera argi izan ditu berdinketa lortzeko, baina berriro ere Mpasi azaldu da. Horrenbestez, Kongo aurretik joan da atsedenaldira.Â
Bigarren zatiaren hasieran ere Mpasi izan da protagonista. Le Havre taldeko atezainak hiru partida baino ez ditu jokatu hasieratik denboraldi honetan Frantziako Ligan. Baina Munduko Kopa bikaina egin du. Multzoen fasean oso ondo jokatu zuen Portugalen eta Kolonbiaren aurka. Hala, 51. minutuan gelditu bikainak egin dizkie Kaneri eta Bellinghami. Ingalaterrak ekinean jarraitu du, hegaletatik erdiraketak eginez. Kongo atzean sartu da erabat.Â
Touchelek arriskatu beharra zuen, eta aldaketak egin ditu horretarako. Besteak beste, Eze sartu du Spencerren tokian, eta Rice, berriz, atzealdeko eskuin hegalean jarri. Azkenean, Ingalaterrak 74. minutuan sartu du berdinketaren gola. Kanek sartu du, buruz, nork bestela. Gordonen erdiraketa on bat baliatu du horretarako. Kongok ez du behar bezala zaindu jokaldi hori:Â nekea antzeman zaie jokalariei. Ingalaterrak ondo mugitu du baloia alderik alde, eta Andersonek gertu izan du bigarrena. Arearen ertzetik bikain jaurti du, baina gurpil handiegia eman dio, eta gutxigatik kanpora joan da.Â
Azkenean 86. minutuan iritsi da Ingalaterraren bigarren gola. Kanek sartu du hura ere. Gordonek baloia jaso du area ertzean, Kaneri utzi, eta hark, bitan pentsatu gabe buelta eman, eta sareetara bidali du baloia. Ikusgarria izan da gola. Kongo saiatu da berdinketa lortzen, eta, hain zuzen, partidako azken aukera hark izan du, area ertzetik jaurtitako falta batean, baina Wissaren errematea kanpora joan da, gutxigatik.
BELGIKA 3-2 SENEGAL
Balentria egin du Belgikak Senegal kanporatu eta final-zortzirenetarako sailkatzeko. Balentria, bai, 85. minutuan Senegalek bi golen aldea baitzuen: 0-2. Habib Diarrak eta Ismaila Sarrek erabakigarria zirudien abantaila eman diete senegaldarrei. Ordu arte, Senegal nagusi izan da zelaian, eta irabazteko merituak egin ditu. Baina belgikarrek egundoko susperraldia izan dute azken txanpan, eta, hiru minutuan bi gol sartu eta gero, modua egin dute luzapena jokatu behar izateko. Romelu Lukakuk sartu du 2-1ekoa, 86. minutuan, eta, Youri Tielemansek binakoa, 89.ean.
Luzapena tentsio handikoa izan da. Belgikak izan du aukerarik garbiena, baina Dodi Lukebakiok egindako jaurtiketak langa jo du. Handik gutxira izan da jokaldi erabakigarria: 118. minutuan, Lamine Camarak penaltia egin dio Tielemansi. Jokalari belgikar horrek berak bota du penaltia, eta ez du huts egin: bere bigarren gola sartu du, Belgikaren hirugarrena. Horrela amaitu da partida.

AEB 2-0 BOSNIA
Ingalaterrarekin eta Belgikarekin alderatuta, gutxiago sufritu du AEBetako selekzioak final-zortzirenetarako sailkatzeko: 2-0 irabazi dio Bosniari. Hala ere, ez du lan samurra izan. Hasteko, Bosniak ondo ekin baitio partidari. Lehen aldiz aritu da Munduko Kopako kanporaketa batean, eta horrek hauspotuta, gogotsu jardun da lehen minutuetan. Pixkanaka, ordea, etxeko taldea nagusitzen hasi da, eta gero eta arrisku handiagoa sortu du. Lehen zatia amaitzear zela jaso du saria, Folarin Balogunek 1-0ekoa sartu baitu.
Bigarren zatia hasi eta berehala, Bosniak hiru aldaketa egin ditu batera. Horrek freskotasun pixka bat eman dio bosniarren jokoari. 64. minutuan, epaileak txartel gorria atera dio Baloguni. Hortxe zuen aukera Bosniak berdintzen saiatzeko, jokalari bat gehiagorekin ariko baitzen. Baina ez du asmatu ate aurrean. Hori aski ez, eta AEBek bigarren gola sartu dute. Malik Tillmanek sartu du, falta jaurtiketa bati esker, 82. minutuan. Hortxe amaitu da neurketa.
