Munduko Kopa

Ingalaterrak gol festa batekin ekin dio Munduko Kopari

Thomas Tuchelen taldeak 4-2 irabazi dio Kroaziari. Harry Kanek bi gol sartu ditu. Portugalek eta Kongok 1-1 berdindu dute, Ghanak 1-0 irabazi dio Panamari, eta Kolonbiak 1-3 Uzbekistani.

Ingalaterrako Harry Kane eta Reece James, norgehiagoka amaitu ondoren. MARISCAL / EFE
Ingalaterrako Harry Kane eta Reece James, norgehiagoka amaitu ondoren. MARISCAL / EFE
2026ko ekainaren 18a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Munduko Kopa irabazteko hautagaien artean sartzen zuten askok Ingalaterra. Hautagaitza hori sendotu egin zuen atzo Kroaziari 4-2 irabazita. Thomas Tuchelen estreinako norgehiagoka izan zen Munduko Kopan, eta taldeak bikain erantzun zuen. Harry Kane taldeko izar eta kapitainak balio handiko bi gol erdietsi zituen, birritan jarri baitzuen aurretik bere taldea. Bestalde, 1-1 amaitu da Portugalen eta Kongoren norgehiagoka, Ghanak 1-0 irabazi dio Panamari, eta Kolonbia 1-3 gailendu da Uzbekistanen aurka.

Ingalaterra 4-2 Kroazia

L multzoko lehen partidan, lehia zoro bezain ederra jokatu zuten atzo Ingalaterrak eta Kroaziak. Neurketa hasi eta zortzi minutura, Modricek arreta galdu eta epaileak penaltia adierazi zuen. Harry Kanek huts egin zuen, baina entzungailutik epaileari jakinarazi zioten Livakovic aurreratu egin zela Kanek baloia jaurti aurretik, eta epaileak penaltia errepikarazi zuen. Bigarrenean ez zuen hutsik egin Ingalaterrako kapitainak, eta taldea aurretik jartzea lortu zuen.

Kroaziak erreakzionatzea lortu zuen, eta 36. minutuan Baturinak gol ikusgarria sartu zuen areaz kanpotik, Pickforden aurkako zutoina bilatuta. Golak ez zuen kikildu Ingalaterra; izan ere, 41. minutuan, Ricek korner batean baloia areara erdiratu zuen, eta bizi agertu zen Kane, Ingalaterraren eta Kaneren beraren bigarren gola sartzeko. Norgehiagoka borobila jokatu zuen aurrelariak, golak sartu eta erasoan fin aritzeaz gain lan handia egin baitzuen atzetik baloia ateratzen. Hala ere, Kroaziak gabeziak islatu zituen geldikako baloiak defendatzeko garaian, eta hori ezinbestean hobetu beharko du Balkanetako taldeak lehiaketan aurrera egin nahi badu. Eromenak ez zuen etenik zelaian; lehen zatia amaitzear zela, Pasalicek goitik egindako pasea bikain kontrolatu zuen Perisicek, eta Musak ez zuen barkatu ate aurrean.

Bigarren zatian berriro leundu zitzaion malda Ingalaterrari. 47. minutuan, Bellinghamek hegalean baloia hartu, barrualdera egin, eta bikain gainditu zuen Livakovic: 3-2. Kolpe gogorra izan zen Kroaziarentzat, bi aldiz lortu baitzuen markagailua berdintzea, baina atzealdeko hutsek eta Ingalaterrak erakutsitako sendotasunak ezerezean utzi zuten kroaziarren ahalegina. 85. minutuan iritsi zen Ingalaterraren laugarrena: Sakak zortez berreskuratutako baloia Rashfordi eman zion, hura arean bakarrik zegoela, eta hark ez zuen barkatu ate aurrean.

Portugal 1-1 Kongoko Errepublika Demokratikoa

Ezusteko emaitza izan zen K multzoko lehen norgehiagokan, 1-1 berdindu baitzuten Portugalek eta Kongoko Errepublika Demokratikoak. Roberto Martinezek zuzentzen duen taldea txapelketa irabazteko hautagaietako bat da, baina atzo ikusi zuen lana gogotik egin beharko duela hori lortzeko. Ongi hasi zen partida Portugalentzat; izan ere, bosgarren minutuan Vitinhak zelai erditik Pedro Netori baloia hegalera eman ostean, buruz erremate bikaina egin zuen Joao Nevesek. Kongoko Errepublika Demokratikoarentzat kolpea izan zen, baina lanean jarraitu beharra zeukaten ezinbestean. 

Aukera garbirik eduki ez bazuen ere, Portugalen zelaian jokatzea lortu zuen, eta, lehen zatia amaitzear zela motzean ateratako kornerra Masuakuk erdiratu eta Wissak buruz bakarrik egindako errematearen ostean, 1-1 berdintzea lortu zuen. 54. minutuan, area barruan Bernardo Silvak bularrarekin baloia altuera egokian utzi zion Joao Cancelori. Hark atzerako artazia eginda gola sartu zuen, baina marrazainak banderatxoa altxatu eta baliorik gabe utzi zuen gola. Hala ere, Afrikako taldea ez zen atzean sartu, eta Bakambuk zutoinera bidali zuen baloia 56. minutuan, errebote ugariko jokaldi batean. Cristiano Ronaldo Portugalgo izarrarentzat azken Munduko Kopa izango dela dirudi. Azken boladan ez dabil fin ate aurrean, eta hori taldeak nabaritu zuen atzo eduki zituen zenbait aukeratan. Norgehiagoka berdindua izan zen, eta halaxe islatu zuen emaitzak.

Kongoko Errepublika Demokratikoko jokalariak gola ospatzen. MIGUEL A. LOPES/EFE
Kongoko Errepublika Demokratikoko jokalariak gola ospatzen. MIGUEL A. LOPES / EFE

Ghana 1-0 Panama

L multzoko bigarren partida jokatu dute Ghanak eta Panamak. Afrikako taldeak, kostata, 1-0 irabazi du, eta Iñaki Williams Athleticeko jokalaria ez da aritu. Bigarren minutua betetzear zela, Panamak aukera garbia izan du. Murillok eskuin aldetik egindako erdiraketa modu zailean errematatu du Watermanek, baina erne ibili da Ati-Zigi Ghanako atezaina, eta atea hutsean uztea lortu du. Lehen zatian ez dute aukera garbirik sortzeko abagunerik izan, eta 0-0 berdinduta joan dira aldageletara.

Bigarren zatiari ongi ekin dio Ghanak, eta Panamako Mosquera atezainak ez du arazorik izan falta baten ondoren Adjeik buruz egindako errematean. Geldikako baloietan min egin du Afrikako taldeak, baina ez da fin ibili ate aurrean. Norgehiagoka amaitzear zela, Semenyok lasterka jo du area aldera, Panamako atzelari bat gainditu ostean erdiratu, eta Yirenkyik, Mosqueraren aurrean bakarrik errematatuz, garaipenaren gola sartu du, eta Ghanari txapelketako lehen hiru puntuak eman.

Ghanako jokalariak garaipenaren gola ospatzen. EDUARDO LIMA/EFE
Ghanako jokalariak garaipenaren gola ospatzen. EDUARDO LIMA / EFE

Uzbekistan 1-3 Kolonbia

Ez da ezustekorik izan K multzoko bigarren partidan. Kolonbiak 1-3 irabazi dio Uzbekistani, eta multzoko buruan da. Hasieran, Hego Ameriketako taldeari kosta egin zaio zuloak bilatzea, baina 32. minutuan Luis Diazek, baloia hartu, eta area barruan zutoinera bidali du lehen aukera garbia. 40. minutuan, ordea, Diazek berak zelai erdia baino metro batzuk aurrerago bikain ikusi du Daniel Muñozen mugimendua, eta hark, goitik iritsitako baloia bikain errematatu, eta 0-1ekoa ezarri du. 

59. minutuan, Faizullaevek partida berdintzea lortu du, eta eromena zen nagusi Uzbekistango jokalari eta zaleen artean. Gutxi iraun du pozak; izan ere, 65. minutuan Kolonbiak jokaldi azkarra egin, eta Luis Diazek arratseko bere lehen gola sartu du. Yusupov atezainak ez du zorterik eduki, baloia ukituta ere sarera joan baita. Norgehiagoka amaitzear zela, Cucho Hernandezek bikain eutsi dio hegalean Uzbekistango atzelariari, bizkarrez izkin egin, eta, erdiraketa bikain baten ostean, Campazek 1-3koa ezarri du.

Uzbekistango jokalariak burumakur partida amaitu ostean. JOSE MENDEZ/EFE
Uzbekistango jokalariak burumakur partida amaitu ostean. JOSE MENDEZ / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE