Xabi Zandio. Skyko txirrindularia

«Inoiz ez nau itsutu irabazteak»

Taldeburuak irabazteko gogotik lan egin behar izaten dute taldekideek, eta horien artean finenetako bat da Xabi Zandio. Hamasei urteren ondoren, datorren igandean jarriko du azken dortsala profesionaletan, Japonian.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Gorraitz
2016ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Mendateen magalera iristen nahikoa lan izaten zuen Xabi Zandiok (Iruñea, 1977) profesionaletara jauzia eman zuen urtean, 2001ean, eta Chris Froomeren taldekide gisa amaituko du kirol ibilbide oparoa, datorren igandean, Japonian. Oparoa ez baita irabaztea bakarrik.

Ezin bestela izan eta, ongietorrirako, zain zegoen Xabi Zandioren irribarre zabal bat.

Tira... Nire izaeraren parte da hori. Baikortasunari eusten saiatzen naiz beti, nahiz eta nik ere edukitzen ditudan egun txarrak, ez pentsa. Baina bizitzak nahikoa kolpe ematen ditu bestela ere, eta saiatzen naiz irribarreari eusten.

Iruñea inguruan bizi diren txirrindulari kolonbiarrek beti eskertu izan dute zure harrera ona.

Bai... Baina niretzat ez da zama. Haiekin entrenatzen naiz, planak egiten ditugu, eta ondo pasatzen dugu elkarrekin. Haien larruan jartzen saiatzen naiz batzuetan, eta bakar-bakarrik daudela jabetzen naiz. Sebastian Henaok, esaterako, denboraldi luzea darama hemen, eta, familiako kontuek ahalbidetzen didaten neurrian, saiatzen naiz babesa ematen.

Iritsi da profesionaletako azken lasterketa: igandean, Japonian. Zein gorputzaldirekin zaude?

Amaitzeko gogoa daukat. Luzea izan da denboraldiaren azken zatia. Oso ondo sentitu nintzen Eslovenian, ekain amaieran, eta Donostiako Klasikoan lehiatu nintzen uztail amaieran. Baina ordutik ez dut lortu gorputzaldi onik.

Azken bi denboraldietan ez duzu parte hartu hiru asteko itzuli bakar batean ere. Zure erabakia izan da edo taldearena?

Italiako Girorako taldean nengoen joan den urtean, baina Sergio Luis Henaorekin Kaliforniara joateko aukera sortu zitzaidan, hark hala eskatuta. Oso aukera polita zen, inoiz egon gabea nintzelako han. Ondoren, Tourreko taldetik kanpo gelditu nintzen, noski, eta Vueltara ere ez nintzen joan. Aurten, berriz, Vuelta neukan planean, baina nahiago nuen ez joatea. Nahi izan banu ere, oso zaila izango zen, baina buruak jada ez zeukan lehengo indarrik hiru asteko itzuli bati aurre egiteko. Psikologiko indar handia behar da Vueltarako.

«Egungo txirrindularitzan, irabazlea izan ezean, akabo». Halakoak esan ohi dira sarritan.

Jakin egin behar da zure lekua aurkitzen. Hasieratik argi gelditu zen irabazteko ez nuela balio, eta talde handi batean oso argi egoten da bakoitzaren eginbeharra: irabazi edo lan egin. Hala ere, ezaugarri jakin batzuk behar dira laguntzaile ona izateko. Tropelaren buruan jarri, eta orduak hala igarotzeko gai izan behar da. Zorionez, nire lekua aurkitu nuen nik.

Egungo txirrindularitzan nahikoa garrantzi ematen al zaio tropeleko laguntzaileari?

Bai, noski. Talde guztiak ibiltzen dira gorpuzkera handiko txirrindularien bila, garaipenik eman ez arren gogotik lan egingo duten horien bila. Froome, Valverde edo Quintanaren gisako taldeburu bat izatea da helburua, eta, ondoan, Imanolen gisako txirrindulariak izatea [Imanol Erbiti]. Maila harrigarria dauka Imanolek; ez da irabazle petoa, baina lan egitea da haren zeregina, eta oso-oso kontuan hartzen dute tropelean.

Zer egin behar du ondo laguntzaile on batek?

Taldeburuari erraztu egin behar zaio egunerokoa. Ezer ez dakiola falta, haizearen babesa, kokapena... Txirrindularitzan, ordubete baino gehiago irauten du ordu bakoitzak. Eta, tira, garrantzitsua da taldeburuaren laguna izatea ere.

«Nik taldeburuen laguntzaile izan nahi dut». 2001ean ez zenuen halakorik esango, ezta?

Ez, ez. Gaztetan denok txapeldun handi izan nahi dugu, baina egunerokoari heldu nion nik, erotu gabe. Gogorra izan zen lehen urtea. Portugalen lehiatzea egokitu zitzaidan asko, eta oso txirrindularitza gogorra zen hangoa. Beroa, abiadura... Kosta egin zitzaidan egokitzea.

Zure lekua ez zela hura pentsatu zenuen?

Bai; egun askotan, gainera. Irabazlearengandik minutu askora iristen nintzen helmugara, leher eginda, baina, tira, denbora behar da egokitzeko eta garapena nabaritzeko. Zuzendariek konfiantza izan zuten niregan, eta erregulartasuna saritu zuten.

Goza daiteke besteei lagunduz?

Bai, noski. Sufrimenduasufrimendua da beti, baina gorputzaldi ona daukazunean asko gozatzen da taldeburuari lagunduz.

Etapa amaitu, autobusean sartu, eta taldeburuaren eskerrak jasotzearen parekorik ez da egongo, ezta?

Oso polita da keinu hori, eta garrantzitsua. Nire kasuan, oso esker onekoak izan dira eduki ditudan taldeburu guztiak.

Laguntzaile batentzat garrantzitsua da errematatzaile on bat edukitzea?

Bai... Baina lan egiten duzun gehienetan ez duzu irabazten gero. Taldeburua oso-oso ona izanda ere, Valverde esaterako, taldekideek bere alde lan egiten duten kasuetatik ehuneko txiki batean amaituko du lana gero. Gauza bat da faboritoa taldean izatea, eta beste bat irabaztea. Gehienetan lan egin eta ez da irabazten. Euskal Herriko Itzuli batean gogoan daukat lehen egunetik lanean aritu ginela, eta azken egunean, erlojupekoan, Chris Hornerrek irabazi zuela.

Lan egitea gustagarria da, bai, baina bi besoak altxatzea... Gogoan izango duzu 2005eko Tourreko etapa hura, ezta, bigarren amaitu zenuena?

Noski. Gustatuko zitzaidakeen etapa hura irabaztea; munduko lasterketarik onena, gehien gustatzen zaidana... Izugarria izango zen, baina inoiz ez nau itsutu irabazteak. Garaipen hark ez zukeen aldatuko nire egunerokoa. Ez da erraza Tourreko etapa batean bigarren izatea, eta pozik nago.

39 urte beteta, nahikoa dela erabaki duzu. Neke fisikoagatik edo psikologikoagatik?

Psikologikoa izan da gehiago, agian, baina fisikoki ere ez naiz fin ibili azkenaldian. Denboraldiaren lehen zatian oso ondo sentitu nintzen, baina buruak esan dit nahikoa dela. Joan den urtean ere zalantzan ibili nintzen.

Jarraitzeko eskaintzarik bazeneukan?

Ez... Tira, bai, gezurretan ari naiz, zer edo zer baneukan, bai. Azken unean deiren bat edo beste jaso nuen erabakia argi ote neukan galdezka. Eskaintza bat izan nuen, baina psikologikoki eta fisikoki ez neukan mailarik proiektu horri baiezkoa emateko.

Gogoan daukazu profesionaletako lehen lasterketa?

Bai, bai. Mallorcan izan zen, eta abiadurarekin harrituta gelditu nintzen. Etorkizuneko Tourrean lehiatu nintzen aurretik, baina Mallorca, Algarve, Paris-Niza... Zaila izan zen hasiera, aldaketa handia delako; ordekan, batez ere. Leher eginda iristen nintzen mendate hasieretara.

Banestoren egituran txirrindulari garrantzitsu bilakatu zinen, baina atea zabaldu zizuten gero. Pertsonalki, gainera, urte gogorrak igaro zenituen.

Denak bat egin zuen, bai, eta gogorra da garai horiei aurre egitea. Bigarren denboraldirako, Tourreko bederatzikoan sartu ninduten, baina gero, bat-batean, pare bat urtez Tourretik kanpo gelditu nintzen. Anbizio falta eta bat eta beste aipatu zituzten orduan, baina uste dut nire izaeraren kontuak direla gehiago. Ez zait gustatzen presioa. Ni ez nintzen jabetu, baina egoera pertsonalaren eraginez, agian, urte haietan ez nuen eman beharrezkoa zen maila on hori. Belauneko pare bat lesio ere izan nituen Tourraren atarian, eta, tira, pixkanaka alboratuz joan ziren.

Nola iritsi zitzaizun Skyren eskaintza?

Azken unean jakinarazi zidaten kontratua ez zidatela luzatuko, iraila gain-gainean zela. Laguntzailea, Vuelta lehiatu gabe... Ez zen egoera erraza, baina pare bat aukera on sortu zitzaizkidan Denis Mentxovi esker. Lagun handiak izan gara betidanik. Geoxera joateko aukera izan nuen batetik, eta Skyra joatekoa bestetik, Rigoberto Uranekin. Zortea izan nuen.

Egitura berria, taldeburu berriak, hizkuntza... Errespetu handia zenion aldaketari, ezta?

Bai. Ilusio izugarria eta errespetua. Biak. Talde berezia da Sky. Sortu berria zen orduan, eta ez da normala sortu berritan hain talde handia izatea. Zurruna zen taldea, eta han zer egingo ote nuen galdetu nion neure buruari. Baina ezusteko atsegina hartu nuen.

Galdetzea ahaztuta, elkarrizketa ingelesez egitea nahiago izango zenuen agian...

Ez, ez. Ingelesez ez [barrez]! Itzultzailea jarri ziguten berehala, Oliver Cookson, egun Dimension Datako zuzendaria dena, eta ez dugu izan arazorik. Niri asko kostatu zait ingelesaren kontua, bai, baina Uranena beldurgarria da! Ezertxo ere ez daki horrek. Ez dut ezagutzen kolonbiarrik ingelesa berehala eta ondo ikasi duenik.

Tropelean laguntzailea izan zara urteotan; lan hori amaituta, taldeburu etxean?

Ez, ez; etxean ere laguntzaile! Azken hamar urteotan Ainhoak hartu izan du etxeko ardura guztia [emaztea], eta orain ardura hartuz joango naiz ni ere. Seme-alabekin eta Ainhoarekin lasai egoteko gogo handia daukat.

Betidanik naturaltasunez hartu izan duzu seme-alaben gaixotasuna, baina ez da erraza izango guztia uztartzea, ezta?

Normaltasuna eman nahi izan diogu egoerari. Gaixotasun arraro bat daukate biek, Iosuk eta Junek, eta gogorrak izan ziren lehen uneak. Ez geneukan diagnosi argirik, eta ez genekien zer gertatuko zen. Beldurtu egin ginen, baina naturaltasunez egin diogu aurre.

Zer dakizue gaixotasunari buruz?

Iosurekin sustoren bat edo beste izan genuen, bihotzeko arazoren bat izan zezakeela esan zigutelako hasieran. Zazpi hilabeterekin jaio zen, baina, ustez, ondo zegoen dena. Hala ere, burua ohi baino gehiago hazten hasi zitzaion berehala, hidrozefalia zeukan, eta pixkanaka joan ginen egoera barneratzen. Bartzelonan, Madrilen, Galizian... leku askotan izan gara haurrei laguntzen saiatzeko.

Gero eta gehiago kostatzen ari zaizu etxeko atea itxi eta lehiatzera joatea, ezta?

Bai... Kostatzen ari zait, oso ume mugituak direlako eta heldu baten behar handia daukatelako. Ez dira egoten lasai ederrean telebistari begira edo elkarrekin jolasean. Zoragarria da haiekin jolastea, baina bideratuko dituen norbait behar izaten dute beti.

Amaitzera doa hamasei urteko kirol ibilbidea. Orain zer?

Aukeraren bat edo beste badaukat, baina ez dut nahi etxetik kanpo ibiltzera behartuko nauen lanbiderik. Denbora asko igaro dut familiarengandik urrun, eta etxetik gertu ibili nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.