Gasteiztik abiatuko da Itzulia, eta Donostian amaitu

Lasterketak 358 kilometro izango ditu, eta tropelak bederatzi mendate igo beharko ditu: bat lehen mailakoa, bi bigarren mailakoak eta sei hirugarren mailakoak. Inoizko menditsuena izango da, eta ibilbidea gorabeheratsua izango da.

Marlen Reusser iazko Itzulko garailea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Marlen Reusser iazko Itzuliko garailea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
ainara arratibel gascon
2024ko apirilaren 23a
15:00
Entzun

Lasterketa jokatzeko bi aste falta direla, Euskal Herriko Itzuliko arduradunak hasi dira haren inguruko xehetasunak jakinarazten. Datak jakinak ziren. Euskal Herrian jokatzen den emakumezkoen txirrindularitza proba nagusia maiatzaren 10etik 12ra jokatuko da. Gaur, ibilbidearen inguruko xehetasunak eman dituzte. Lasterketak, aurreko bi aldietan bezala, hiru etapa izango ditu. Gasteiztik abiatuko da, eta Donostian amaituko. Guztira 358 kilometro egin beharko ditu tropelak, eta gogortasunik ez zaio faltako. Izan ere txirrindulariek bederatzi mendate igo beharko dituzte: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako sei. Hirugarren urtez korritzen da Itzulia, eta inoizko menditsuena izango da.

Kilometroei erreparatuta, txirrindulariek lehen etapan egin beharko dute ahaleginik handiena. Izan ere, hura izango da aurtengo luzeena. 140 kilometro izango ditu, eta Gasteiz eta Elgoibar lotuko ditu. Arabako hiriburutik irten zen iaz ere Itzulia. Desnibel pilatu handieneko etapa ere izango da aurrenekoa, oso gorabeheratsua. Halako etapak egokiak izan ohi dira ihesaldietarako, eta horretan ahalegintzeko kilometrorik aproposenak, Oleta mendatea igo aurreko kilometroak izango dira, baita mendatearen igoera ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez. Azken kilometroak izango dira gogorrenak, txirrindulariak gora eta behera arituko baitira Elgoibarrera iritsi bitarte.  

Bizkaian izango da bigarren etapa. Basauritik abiatuko da, eta bertan amaitu. 104 kilometro izango ditu. Etaparik «mugituena» izango da. Azken hamar kilometroetan adi egon beharko dute txirrindulariek, behar bezala kokatuta egon ezean edo hankek nahi bezala erantzun ezean arriskua izan baitezakete denbora galtzeko. Hor ere gorabeheratsua izango da ibilbidea. Bertan espero dira faboritoen arteko lehen eraso saiakerak, azken etapari begira segundo batzuk urratzeko asmoz.

Dena den, etapa erabakigarria hirugarrena izango da, Donostian hasi eta bukatuko dena. Azken egun horretan, 114,9 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik txirrindulariek. Iragan urtean bezala, ibilbidea Donostiako Klasikoaren antzekoa izango da. Egun horretan igoko dute aurtengo mendaterik gogorrena: Jaizkibel —Lezotik igoko dute—. Azken mendatea Mendizorrotz izango da, Murgileko aldapatik. Ezusterik ezean, hor ezarriko du bere legea errepideak, eta lasterketako txirrindulari indartsuenen galbahea egingo du. Handik Oriora jaitsiko dira, eta Donostiara heldu bitarteko kilometroak erlojupeko etapa bat bezalakoak izango dira.

Parte hartzaileak, datorren astean

Antolatzaileek datorren astean emango dituzte parte hartzearen inguruko xehetasunak. Baina ziurra da hogei talde arituko direla lehian, tartean World Tourrean dauden hamabostak. Izan ere, Itzuliak World Tour izendapena dauka. Euskal taldeei dagokienez, tropelak kolpea hartu zuen denboraldi honetan, UCIk ezarritako baldintza ekonomiko zorrotzak tarteko, Bizkaia-Durango eta Sopela ez baitaude errepidean. Baina Laboral Kutxaren eta Movistarren elastikoak ikusi ahal izango dira Itzulian. 

Denboraldi garrantzitsua da hau Laboral Kutxarentzat, Kontinental Mailatik UCI World Tourrerako urratsa egin nahi baitu. Horretarako bi fitxaketa garrantzitsu egin zituen udan: Ane Santesteban eta Lourdes Oiarbide. Gainera, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Liejaren moduko lasterketetan korritzeko aukera izan zuen iragan astean. Eta oso lan ona egin, gainera. Santesteban, adibidez, hamargarren izan zen Fleche Wallonnen. Baina urteko topaketa nagusia Itzulian dute. 

Iragan urtean Marlen Reusser (SD Worx) gailendu zen. Berez haren taldekide Demi Vollering zen lasterketa irabazteko hautagai nagusia. Herbehereetakoak irabazi zituen lehen bi etapak. Baina azkenengoan, beste txirrindulari guztiak Vollering zaintzen ari ziren bitartean, Reusserrek lortu zuen garaipena Donostian, eta hark amaitu zuen lehen tokian sailkapen nagusian. Podiumeko bigarren koskan geratu zen Vollering, 1.50era, eta hirugarrenean, Katarzina Niewiadomak (Canyon), 2.59ra. Volleringek eta Niewiadomak buruz buruko polita izan zuten iragan astean Fleche Wallonnen. Azkenean, Niewiadoma gailendu zen. Datorren astean argituko da Itzulian izango diren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.