Pilota

Inor ez dago harrotzeko moduan Binakako Txapelketan

Oso parekatuak izan dira Eskuz Binakako Txapelketako ligaxkako lehen lau jardunaldiak. Estu-estu dago korapiloa; horren erakusgarri, lehen bikote sailkatuak azken-aurrenak baino partida bakar bat gehiago irabazi du.

Unai Laso eta Jon Ander Albisu. IÑIGO URIZ / FOKU
Unai Laso eta Jon Ander Albisu, pozarren, eta Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta, burumakur, euren arteko partida amaitu berritan. IÑIGO URIZ / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko abenduaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lehen Mailako Eskuz Binakako Txapelketa hasi besterik ez da egin: aurreneko ligaxkako lau jardunaldi baino ez dira jokatu, hamasei partida. Asko falta da lehen galbahe hori pasatzeko: beste hamar jardunaldi, berrogei neurketa. Hala ere, orain arte gertatutakoak badu zer aztertua.

Zazpi bikote garaipen bakar baten tartean

Oso estu doa Lehen Mailako Binakako Txapelketako ligaxka. Sailkapenari erreparatu besterik ez dago: lehen bikote sailkatuak azken-aurrenekoak baino partida bakar bat gehiago irabazi du. Lau jardunaldi jokatu eta gero, bi bikotek hiru garaipen dituzte: Unai Laso eta Jon Ander Albisuk, eta Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletak. Beste bost bikotek, berriz, bi dituzte: Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdiak, Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrenak, Javier Zabala eta Julen Martijak, Erik Jaka eta Martxel Iztuetak, eta Iñaki Artola eta Ander Imazek. Azken-aurreko bikotetik azkenekora, ordea, koska bat dago, Peio Etxeberriak eta Beñat Rezustak ez baitute partida bakar bat ere irabazi.

Ez da bikoterik nabarmendu

Aspaldiko partez, ez da bikoterik nabarmendu besteen gainetik. Binakakoaren aurreko hiru ekitaldietan beti irabazi zituen bikote batek gutxienez lehen lau neurketak. Iaz, Ezkurdiak eta Rezustak ligaxkako aurreneko sei norgehiagokak irabazi zituzten. Duela bi urte, berriz, Jakak eta Mariezkurrena II.ak indartsu ekin zioten ligaxkari, eta lehen lau partidak irabazi zituzten. Azkenik, duela hiru urte, Elordi eta Zabaleta ikusgarri aritu ziren hasieran, eta lehenbiziko zazpi neurketetan nagusitu ziren; hau da, ez zuten galdu lehen itzuli osoan. Hiru bikote horietatik bik txapela irabazi zuten gero: Ezkurdiak eta Rezustak, eta Elordik eta Zabaletak. Jaka eta Mariezkurrena II.a, berriz, finalaren atarian geratu ziren, finalerdietako ligaxkan. Ondo hasten den bikotea urrun iritsi ohi da.

Peio Etxeberria eta Rezusta, irabazi ezinik

Inor ez da nabarmendu goitik; bai, ordea, behetik: Etxeberriak eta Rezustak galdu egin dituzte jokatu dituzten lau norgehiagokak. Hirugarrenez jarraian gertatu da hori txapelketan. Etxeberria bigarrenez jarraian ari da nahi eta ezin. Iaz, hark eta Martijak galdu egin zituzten aurreneko zortzi neurketak, lehen itzuliko guztiak eta bigarrenaren lehena. Horren ondorioz, nahi baino askoz lehenago geratu ziren aukerarik gabe gutxienez kanporaketa jokatzeko. Duela bi urte, berriz, Altuna III.ak eta Martijak lehen lau lehiak galdu zituzten. Altuna III.ak ez zituen jokatu lehen hiru partidak, min hartuta baitzegoen. Danel Elezkano aritu zen haren ordez horietan. Baina Altuna III.a sasoiko jarri, Martijarekin batera bikote indartsua osatu, eta gutxigatik ez zuten irabazi txapela: Peio Etxeberriaren eta Zabaletaren aurka galdu zuten finalean.

Bolada ona harrapatu ezinda

Orain arteko parekotasun handiaren beste erakusgarri bat da bikote bakar batek ere ez dituela irabazi hiru partida jarraian. Bi bikotek baino ez dituzte hiru garaipen: Laso eta Albisuk, eta Elordik eta Zabaletak. Baina ez batek ez besteak ez ditu hiru garaipen horiek erreskadan lortu. Hain zuzen, bi bikote horiek elkarren aurka jokatuko dute igandean, Lekeition (Bizkaia). Aspekoek Baikokoei irabazten badiete, hirugarren garaipena lortuko dute jarraian. Baliteke Larrazabalek eta Mariezkurrena II.ak gauza bera egitea bihar, Zallan (Bizkaia). Baikoko bi pilotari horiek galdu egin zituzten lehen bi neurketak, baina behetik gora egin, eta azken bietan gailendu dira. Zabalari eta Martijari irabazita lortu nahi dute hirugarren garaipena jarraian.

Emaitza estu gutxi egon dira

Estu doa ligaxka, baina partidak ez dira bereziki gogorrak izaten ari, ez behintzat emaitzei dagokienez. Bikote galtzaileak batez beste hamalau tanto lortu ditu neurketa bakoitzeko. Hamasei partidetatik seitan besterik ez dituzte galtzaileek hamasei tanto edo gehiago egin. Horien artean, berriz, bitan besterik ez dira iritsi galtzaileak hogeigarren tantora: 22-21eko emaitza bat egon da, eta 22-20ko beste bat. Hala ere, parekotasuna gora egiten ari da, eta azken jardunaldian egon dira emaitzarik estuenak: galtzaileek ia hamasei tanto egin dituzte norgehiagoka bakoitzeko.

Denetarik egin dute pilotariek

Pilotariek denetarik egin dute. Laso oso ondo ari da, kontuan izanda urte erdi min hartuta egon eta gero ekin ziola binakakoari. Bikote indartsua osatu du Albisurekin, hura ere seguru ari baita. Elordi eta Zabaleta, berriz, indarberrituta daude: aurrelaria aspaldiko sasoirik onenean dago, eta atzelaria, berriz, suspertu egin da udan ezinean aritu eta gero. Mariezkurrena II.ak, berriz, bereari eusten dio: atzean agintzeari. Larrazabal izugarri eskertzen ari da horrelako bizkartzain sendoa izatea haren lehen parte hartzean, eta gero eta hobeto ari da. Zabala da debuta egin duen beste jokalaria, baina hura gorabeheratsu dabil: egun batean distiratsu, eta beste batean itzalpean. Halaxe dabiltza Jaka, Iztueta, Altuna III.a, Artola eta Imaz. Aipamen berezia merezi du Ezkurdiak, lehen aldiz ari baita atzelari. Oso txukun ari da. Aldiz, ezinean dabiltza Etxeberria eta Rezusta.

Ez da egon ordezkapenik

Hobeto edo okerrago, baina pilotari guztiek jokatu egin dituzte partida guztiak; hau da, inork ez dio uko egin neurketa bat jokatzeari. Deigarria da hori, azken sei ekitaldietan gutxienez ordezkapen bat egon baitzen lehen lau jardunaldietan. Iaz, adibidez, Larrazabal Lasoren ordez aritu zen aurreneko bi jardunaldietan, eta Jon Ander Peñaren partez hirugarrenean. Azken orduan okerrik egon ezean, bosgarren jardunaldian ere hamasei pilotari titularrak ariko dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.