Xakib Lacgar

Integrazio oinkadak

Duela hamar urte kamioi baten azpian egin zuen Marokotik Euskal Herrirako bidea Xakib Lacgarrek, Behobia-Donostiako aurtengo garaileak. Atletismoa izan du akuilu.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Garaipenaren loria bizitzen ari da egun hauetan Xakib Lacgar (Ouargi, Maroko, 1989),Behobia-Donostiako aurtengo irabazlea. Goizetan, meskitan otoitz egin eta gero, ohikoa da hura Errenteriako (Gipuzkoa)Gamon Zumardiko tabernetako batean kafea hartzen ikustea. Hark beti dionez, eguna ondo hasteko beharrezkoak dituen bi gauzak dira. Baina lotsatia da, eta haren alboan eseri direnetako askok ez zuten jakingo korrikalaria zenik. Are gutxiago, atzean duen historia.

Lacgar duela hamarkada bat iritsi zen bere sorterritik Euskal Herrira, kamioi baten azpialdean. Artean Mendebaldeko Saharan aritua zen lanean. 18 urte besterik ez zuen. «Patera batean etortzeko diru gehiago behar zen. Baina nik ez nuen». Esperientzia gogorra izan zela azaldu du. «Baina ez naiz damutzen, eta berriro egingo nuke». Alemaniara iristea zuen buruan, baina Murtzian (Espainia) geratu zen, eta han zela, lagun baten deia jaso zuen. Tolosako (Gipuzkoa) adingabekoentzako etxe batean zegoen, eta harentzat lekua zuten. Kolore Guztiak elkarteak lagundu egin zion, eta gozogile eta soldatzaile ikastaroak egin zituen.

Hala iritsi zen Errenteriara. Lekuona gozotegian aritu baitzen praktiketan, eta, ondoren, lanerako hartu zuten. Baina krisiak haren ametsa zapuztu zuen, eta orduan Alemaniara joan zen, Frankfurtera. Han, korrika egiten zuen lagun bat zeukan, eta korrika egiteko zapatila batzuk jantzi gabe urteak eman eta gero, nerabezaroko ametsa etorri zitzaion: atleta izatea. «Horretarako balio nuela sentitu dut txikitatik».

Euskal Herrira itzuli zen, eta Ricardo Jimenezen entrenatzailearen aginduetara hasi zen lanean, 2011n. Hark erakutsi zion atleta profesional izatea zer zen, eta urte hauetan horretarako zailduz joan da, lan egitearekin batera. «Orain, kamioi gidari izateko baimena ateratzen ari naiz Irunen. Gauzak zail daude, eta beti izan behar da bigarren plan bat bizimodua aurrera ateratzeko».

Dena den, haren eguneroko motorra atletismoa da, korrika egitea. «Dena eman dit: osasuna, jendea ezagutzeko aukera, herri batean integratzeko modua...». Errenterian «ezin hobeto» dago. «Oso errespetatua eta maitatua sentitzen naiz. Lasai eta gustura bizi naiz. Kanpora lehiatzera joaten naizen aldiro, beti nago etxera itzultzeko gogoz». Aizpea Otaegi alkateak berak deitu zion, Behobia-Donostian lortutako garaipenagatik zoriontzeko. «Oso eskertuta nago». Uste du proba irabaztea bere kirol ibilbideko garaipenik handiena izan dela. «Azken metroetara taldean iristen baginen, banekien aukera izan nezakeela irabazteko».

Etxekoei eskaini zien garaipena, baina baita errepide bazterrean euritan egon ziren zaleei ere. Espero du bere garaipenak Euskal Herrira datozen etorkinentzat balio izatea. «Aurreiritzi eta estereotipo asko daude, eta ez da bidezkoa denak zaku berean sartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.