Iñaki Artolak bi partida irabazi ditu gaur: bata, Beñat Rezustaren aurkako finalerdia. Aurrelari alegiarrak 22-16 hartu du mendean atzelari bergararra, Iruñean, eta, horri esker, Buruz Buruko Txapelketako finala jokatuko du bi aste barru, Bilbon, Miribillan. Estreinako finala izango du Lehen Mailako hiru txapelketarik garrantzitsuenetako batean. Promozio Mailan txapel bat irabazitakoa da: 2014ko lau eta erdikoa, debutatu eta bost hilabete eskasera. Jokin Altuna gainditu zuen finalean, Donostian.
Baina Rezustaren aurkako partida bakarrik ez, bere buruaren kontrakoa ere irabazi du gaur Artolak. Esana baitzuen borroka bat zuela bere buruarekin buruz burukoan. Gustuko zuen banakako lehia, eta gaztetan asko jokatutakoa zen. Profesionaletan ere ilusioz ekiten zion urtero txapelketari. Baina, gero, ez zuen lortzen aurrerapausoa ematea: ezin zituen final-laurdenak pasatu. Eta horrek zalantzak eragiten zizkion, ea bere buruari ezarritako helburuak ez ziren errealistak. Horregatik, duela astebete aurreneko aldiz finalerdietarako sailkatu zenetik gauza bera esan du, behin eta berriro: zer gerta ere, bakeak egin zituela bere buruarekin. Bada, bere buruarekin bakeak egin bakarrik ez, aspaldi harekin zuen borroka ere irabazi dio. Bide batez, bere burua aldarrikatzeko balio dio, noiz, eta gutxien espero zuenean, binakakoan ezinean aritu ostean. Baina batzuetan, gutxien espero denean iristen da arrakasta.
Hain zuzen ere, hori azpimarratu du Artolak finalerako sailkatu berritan. «Gutxien espero nuenean iritsi da aukera eder hau, binakakoan ez bainintzen gustura aritu. Baina presiorik gabe aritzeak mesede egin dit. Oso pozik nago, aurrerapausoa eman baitut. Orain, lasai hartu nahi dut finala. Ez dut gehiegi pentsatu nahi horretan. Nire onena ematen saiatuko naiz».
Irabazlearen pozak galtzailearen atsekabea eragin ohi du. Baita gaur ere. «Saiatu naiz, eta borrokatu dut, baina deseroso aritu naiz tanto askotan, hari min egin ezinda. Ez dut sakea aprobetxatu, eta berak min handia egin dit sakearekin. Horren ondorioz, kontrakarrean aritu behar izan dut, eta hori zama izan da», esan du Rezustak. Momentuko etsipena izan behar luke. Oso harro egon behar du egin duen lanaz.
Nagusi, hasi eta buka
Artolak ondo irabazi dio Rezustari, jokoaren alor erabakigarrienetan nagusi izanda. Batez ere, sakean. Baikokoak min handia egin dio Aspekoari lehen kolpearekin: bost tanto egin dizkio, gehienak zabalera aterata; Rezustak, aldiz, ale bakar bat ere ez du lortu. Horri esker lortu du Artolak hasieratik aginte makila: 5-1.
Kolpean egon zitekeen bien arteko alderik handiena, baina horretan ere nor baino nor gehiago aritu da alegiarra. Bikain eutsi dio bergararrari, eta arriskatzera behartu du Aspekoa. Ondo atera zaio aurreneko tantoetan Rezustari, eta eusteko gai izan da: 10-10. Baina gerturatu den aldiro, Artolak sakearekin asmatu du. 12-14koarekin hautsi da partida. Baikokoak bi tanto egin ditu jarraian, eta segidan, Rezustak bi huts egin ditu: 12-18. Nekea kalte egiten ari zitzaion, eta atsedena eskatu du. Mesede egin dio, eta partidako pilotakadarik indartsuenak jo ditu bueltan. Hiru tantora gerturatu da (18-15), baina sakea zuela, gora bota du pilota, eta hurrengo tantoan, kanpora bota du. Hamabigarren hutsegitea zuen. 20-15. Kito. Beste tanto bat egin du, baina Artolak bikain itxi du lehia bi tanto eder lortuta.
Bihar argituko da zein pilotari izango duen aurkari Artolak finalean. Jokin Altunak eta Jose Javier Zabaletak elkarren aurka jokatuko dute Bilbon (17:00, ETB1). Altuna III.ak bigarren urtez jarraian sailkatu nahi du finalerako. Joseba Ezkurdiari nagusitasunez irabazita iritsi da. Partida handia egin zuen, eta horixe egin beharko du berriro jokoz eta konfiantzaz lepo dagoen Zabaleta gainditzeko. Etxarrengoa final-laurdenetara iritsia zen gehienez, baina ikusgarri dabil: aukerarik ez zien eman Axier Arteagari eta Dario Gomezi. Bere eskuetan du hamahiru urte geroago atzelari bat egotea finalean. Altuna artista da aurrean; eta Zabaleta atzean. Bere jokoa egiten duenak asko izango du irabazia. Promozio Mailan, berriz, zehaztuta dago finala: Peio Etxeberria eta Julen Egiguren ariko dira, datorren larunbatean, Iruñean.