Ipar Koreako Kirol ministroak gaur zabaldu duenez, herrialdeak ez du parte hartuko Tokion udan egitekoak diren Olinpiar Jokoetan. Adierazi dutenez, atletak koronabirusetik babesteko hartu dute neurria.
Erabakia martxoaren 25ean hartu zutela adierazi du Piongiangek. Ipar Koreako Olinpiar Batzordeak «erabaki du ez parte hartzea 32. Olinpiar Jokoetan, atletak koronabirusaren krisi globaletik babesteko».
Ipar Koreak oso neurri zorrotzak hartu ditu izurriaren aurka: mugak itxi ditu, ez du turistarik onartzen, eta dozenaka pertsona berrogeialdian sartu ditu.
Hego Koreak deitoratu egin du Piongiangen erabakia, Olinpiar Jokoak bi estatuen arteko harremanak hobetzeko aukera gisa ikusten zituelako.
Ikusteke dago orain beste herrialderen batek Ipar Koreari jarraituko dion. Lan zaila eduki dute Tokioko Olinpiar Jokoen antolatzaileek. Iazko udan ziren egitekoak, baina iazko martxoan kirol ekitaldia atzeratzea erabaki zuten Shinzo Abe Japoniako lehen ministroak eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko presidente Thomas Bachek, pandemiarengatik.
Aurten egitea erabaki dute azkenean, baina, iragarri dutenez, ez dute onartuko Japoniaz landako ikuslerik.