Emozioz gainezka helduko da Osasuna ligako azken jardunaldira. Azken partidetako dinamika onari jarraipena emanaz, gorritxoek nagusitasun osoz irabazi diote Espanyoli Sadarren, eta Europarako lehian bizi-bizirik helduko dira azken partidara. Matematikak garbi izango ditu Vicente Morenoren taldeak. Hain zuzen, ez du bere esku izango sailkatzea, baina Alavesen zelaian hiru puntuak batzen baditu, gertu izan dezake sailkapen desiratua. Besteak beste, Celta eta Rayo Vallecano dira nafarren aurkari zuzenak. Celtak Getaferen zelaian jokatuko du, eta Rayo Vallecanok etxean, Mallorcaren aurka. Getafek eta Mallorcak ez dute deus izango jokoan, baina bietako batek Osasunari laguntzen badio, Europarako sailkatzeko aukera handituko zaio Iruñeko taldeari. Europa liga puntu bakarrera dauka, eta Konferentzia ligarako lehian Rayo Vallecanorekin berdinduta dago: 51 puntu. Gol aldea madrildarren aldekoa da, ordea.
Edozer gertatzen dela ere, Osasuna distiratsu ari da amaitzen denboraldia, eta gaur horixe berretsi du Espanyolen aurrean. Joan den astean Atletico Madrilen aurkako partidaren antzeko gidoia izan dute helduleku gorritxoek. Moreno entrenatzaileak aldaketa gutxi egin ditu hasierako hamaikakoan, partidaren garrantziaren jakitun. Erasoan sutsu abiatu dute partida etxekoek, eta bosgarren minuturako gertu izan du 1-0ekoa Lucas Torrok. Nola ez, baloi geldian heldu da gorritxoen lehen gol aukera. Era horretan ligako talderik eraginkorrena da Osasuna, eta gaur ere ez da atzera geratu. Aimar Orozek korner bat atera ondoren, Torrok buruz errematatu du baloia, baina langarekin egin du topo.
Lehen abisua berehala eman du Osasunak, eta bere hartan jarraitu du gero ere. Gainera, albiste onak iritsi dira Sadarrera Vigotik, Celtak aurrea hartu baitio Rayo Vallecanori. Behin-behinean zortzigarren kokatu da Osasuna, Konferentzia ligarako sailkapena ematen duen postuan. Hori bai, beste zelaietara begiratu beharrean, etxeko lanak ongi egitea izan du xede etxeko taldeak, eta 17. minutuan jaso du saria. Aimar Orozek areaz kanpo egindako jaurtiketa batek Budimirren gorputzean jo du, eta sarerako bidea hartu du baloiak. Budimirri berari eman diote gola, eta, hala, ligan egin duen 21. gola sartu du kroaziarrak. Julian Bergararen marka hautsi du.
Golak ez du aldatu lehiaren norabidea, eta ofizioz gainezka jokatu du Morenoren taldeak atsedenaldira bitarte. Espanyolek zailtasunak izan ohi ditu atzean sartzen diren aurkarien kontra, eta, estrategia baliatuta, horixe egin du etxeko taldeak. Atzean ongi eta sendo kokatu da, eta ez du zulorik utzi. Kataluniarrek kontraerasoan joka zezaten saihestea izan da etxekoen xedea, eta ongi aritu dira arlo horretan. Erasoan ere ez dute aparteko ezer egin gorritxoek.
Raul Garcia, pizgarri
Bigarren zatiak bestelako hasiera izan du. Espanyolek aurrerapausoa eman du nabarmen, eta barrutik jokatuta min egin dio Osasunari. Ordea, fin aritu da atepean Sergio Herrera. Dena den, ez zegoen lasai Moreno aulkian, eta aldaketak egin ditu gehiago itxaron gabe. Kike Barja eta Iker Muñoz zelairatu ditu lehenbizi, eta Moncayola gero. Aldaketek ez dute nahi bezalako fruiturik eman, eta minutu luzez sufritzen aritu da Iruñeko taldea. Emaitzari bere horretan eutsi dio, ordea, eta azken minutuetan 2-0ekoa egin du Raul Garciak. Budimirren ordez zelairatu da aurrelaria, eta pizgarria izan da taldearentzat. Beste freskotasun bat azaldu dute gorritxoek.
Hain zuzen, kontraerasoan heldu da 2-0ekoa. Espanyolek itsu-itsuan jo du aurrera, eta sekulako zuloak utzi ditu atzean azken minutuetan. 91. minutuan hartu du lasai arnasa Osasunak. Golari esker, festa nagusitu da Sadarren, eta Morenok etxean gidatu duen azken partidan txalo zaparrada jaso du. Baita Unai Garciak ere. Klubean 25 urtez egon ondoren, minuturik ez du izan atzelariak, baina zaleen maitasuna eta babesa jaso ditu.
Osasuna-Espanyol
Osasuna. Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz; Lucas Torro, Pablo Ibañez (Iker Muñoz, 60. min.), Aimar Oroz; Ruben Garcia (Kike Barja, 60. min); (Bretones, 78. min.), Bryan Zaragoza (Moncayola, 73. min.) eta Budimir (Raul Garcia de Haro, 78. min.).
Espanyol. Joan Garcia; El Hilali (Tejero, 83. min.), Kumbulla, Calero, Romero; Lozano (Veliz, 46. min.), Urko Gonzalez (Kral, 83. min.), Exposito; Roca (Milla, 46. min.), Puado (Jofre, 75. min.) eta Fernandez.
Golak. 1-0: Budimirrek (17. min.). 2-0: Raul Garciak (91. min.).