Lehen zatia ikusita, ezinezkoa zirudien. Esperantza ere galduko zuten zale askok. Baina esperantza omen da galtzen den azkena, eta zergatik ez amets egin. Athleticek itxura oso kaskarra eman du Atalantaren aurka lan erdietan, baina partida irauli du bigarren zatian. Eta nola: 2-3 irabazi du, eta bizirik jarraitzen du Txapeldunen Ligan. Hurrengo astean jokatuko du azken partida, Sporting Portugalen aurka, San Mamesen; bere esku du aurrera egitea, eta zaleen babesean ariko da, etxean.
Zail zituen kontuak talde zuri-gorriak, baina ez ezinezko. Onena, bukaerara arte amore ez ematea. Gainera, Athleticeko 1.500 zale zeuden harmailetan, eta Italiaraino joandakoek merezi zuten jokalarien esfortzua. Halaxe ba, epaileak txistua jo orduko erasora jo du Athleticek, eta Guruzetak aukera garbi samarra izan du lehen minutua bete aurretik. Baloiari gaizki jo dio, ordea, aurrelariak.
Robert Navarro bizi zelairatu da, eta erasoko jokaldiak eskuin hegaletik bideratu ditu taldeak, hori aprobetxatu nahian. Atalantak baloia zuenean, berriz, atzean patxadaz eutsi diote jokalariek, lerro artean ahalik tarte gutxien utzita.
Pareko ari ziren bi taldeak, baina hortzak erakutsi ditu orduantxe etxeko taldeak, ezin zorrotzago. Lehen aukera sarera bota du Scamacca aurrelariak, buruz. Paredesi bultza egin diola kexatu dira zuri-gorriak, baina epaileari ez zaio nahikoa iruditu falta adierazteko. Bultza edo ez bultza, oso bigun defendatu du Athleticeko atzelariak, apenas egin dio trabarik; errazegi egin du gola Atalantak.
Maldan gora jarri zaio neurketa Athletici, eta maldan behera Atalantari. Eta jokoan ere nabaritu da. Eroso zegoen Italiako taldea, eta gola irentsi ezinik bilbotarrak. Itzali egin dira zuri-gorriak, ito. Saiatu dira tarteka aurkariari hozka egiten, goian presio eginda, baina, behin baloia lapurtutakoan, argitasuna falta zitzaien.
Aukera gutxi izaten ari ziren bi taldeak, baina lehen zatiko azken hamar minutuetan erritmoa bizitu du Atalantak, eta errukirik gabe jo du erasora. Oldarraldiari eutsi ezinda aritu da Athletic, erabat galduta. Ezin hobeto jositako jokaldi batean gertu izan du gola Bernasconik. Hurrengo jokaldian, distira egin du Unai Simonek: bi geldiketa ikusgarri egin ditu segidan. Hurrengoan, gola sartu du Scamaccak, baina jokoz kanpo zegoen pasea eman dion De Ketelaere. Eta hurrengoan, De Ketelaerek berak buruz egindako erremateak zutoina jo du.
Zapore gaziarekin joan dira aldageletara zuri-gorriak. Markagailuan atzetik, eta itxura kaskarra emanda. Gol baten aldeaz ari ziren galtzen, eta horixe zen, akaso, albisterik onena. Eta, noski, bazela zer hobetua.Â
Zoramena
Ordura arte ikusitakoarekin ez zegoen gustura Ernesto Valverde, eta aldaketa bat egin du atsedenaldian: Oihan Sancet sartu zen Adama Boiroren ordez. Eta, horrekin batera, sistema aldatu du teknikariak: lehen zatian bost atzelarirekin defendatu du Athleticek, baina, Sancet zelairatuta, ohiko marrazkira bueltatu da taldea, lau atzelarirekin.
Saiatu dira zuri-gorriak aurkariari min egiten, nahi zuten, baina ezinean ari ziren. Etxekoek, berriz, bi pase nahikoa zituzten jokaldi arriskutsu bat sortzeko. Zappacostak, bi alditan, gertu izan du gola. Itxura txarra zuen partidak. Gaizki ari zen Athletic, eta ondo Atalanta.Â
Baina italiarrek bigun defendatu dute jokaldi bat, eta, konturatzerako, atezainaren aurrean bakarrik geratu da Guruzeta. Bikain bukatu du. 58. minutua zen, eta nahikoa denbora zegoen. Aldaketa bikoitza egin du orduan Valverdek: Ruiz de Galarreta eta Vesga zelairatu dira Regoren eta Jauregizarren ordez. Konfiantza hartu du taldeak, eta aldatu egin da partidaren gidoia. 68. minutuan, beste aldaketa bat egin du Athleticek: Nico Serrano sartu zen Unai Gomezen ordez. Eta, ziur asko, uste baino hobeto atera zaio apustua Valverderi. Robert Navarrok ondo neurtutako erdiraketa egin du eskuin hegaletik, eta Nico Serranok, bakar-bakarrikk, sarera bota du baloia, erremate indartsu batekin, 70. minutuan.Â
Hazi egin da Athletic, eta bultza egiteko aprobetxatu du unea, aurkaria ezin sinetsita zela, beste kolpe bat emateko. Gutxira egin du hurrengo gola, 74. minutuan. Baloia berreskuratu du Athleticek, Oihan Sancetek pase bikaina eman dio Robert Navarrori, eta atezainaren aurrean ez du barkatu hark. Di-da, partida irauli du talde zuri-gorriak. Pozez lehertu dira New Balance Arena zelaian bildutako Athleticeko zaleak. Ez zen gutxiagorako.Â
Sufritzea tokatu zaio Athletici, eta are gehiago 88. minutuan Krstovicek 2-3koa sartu duenean. Baina eutsi dio emaitzari.
Txapelketan bizirik jarraitzea zuen jokoan talde zuri-gorriak, eta, ezinezkoa zirudienean, berpiztu egin da. Azken errematea baino ez zaio falta.
Atalanta-Athletic
Atalanta. Carnessechi; Kossounou, Djimsiti, Kolasinac (Ahanor, 75. min.); Zappacosta (Samardzic, 75. min.), De Roon, Ederson, Bernasconi (Sulemana, 81. min.); De Ketelaere, Zalewski (Lookman, 65. min.); eta Scamacca (Krstovic, 65. min.).
Athletic. Unai Simon; Iñigo Lekue, Vivian, Paredes, Adama Boiro (Oihan Sancet, 46. min.); Gorosabel (Areso, 80. min.), Jauregizar (Vesga, 59. min.), Rego (Ruiz de Galarreta, 59. min.), Navarro; Guruzeta eta Unai Gomez (Nico Serrano, 68. min.).
Golak. 1-0: Scamaccak (16. min.); 1-1: Guruzetak (58. min.);Â 1-2: N. Serranok (70. min.);Â 1-3: R. Navarrok (74. min.);Â 2-3: Krstovicek (88. min.).