Irabazi, eta kito

Realak Espainiako Kopako finalaurrekoaren itzulikoa jokatuko du gaur, Mallorcaren aurka. Joanekoan hutsean berdinduta, zaleen laguntza probestu nahi du finalera sailkatzeko.

(ID_17089581474485) Reala
Realeko jokalariak atzo Zubietan egindako entrenamenduan. REALA
Jon Ander De la Hoz.
2024ko otsailaren 27a
05:05
Entzun

Aurkariak baino gol bat gehiago sartzea. Horixe behar du Realak Espainiako Koparen finala jokatzeko. Txuri-urdinek Mallorca jasoko dute gaur gauean Anoetan (21:30, ETB 1), finalaurrekoen itzulikoan, eta joaneko berdinketa (0-0) haustea lortzen duenak eskuratuko du saria. Garaikurra lortzeko lehian arituko da datorren apirilaren 6an, Sevillako Cartuja estadioan (Espainia). 

Realak beste final bat jokatu nahi du hiru urteren ostean, eta pizgarri bat du orduko loria berriz dastatzeko ahalegina. Orduan ez bezala, zaleen aurrean jokatu nahi du finala. Erronka mardula du parean, eta gaur egin behar du horren atariko urratsa. Nolanahi ere, ligako azken partidak zapore mingotsa utzi du taldearen jiran. Vila-realen aurka galtzeko erak (1-3) harrabotsa sortu du, baina ondo ezagutzen du aldartea gozatzeko erremedioa: irabazi, eta kito.

Lehen ere badu eskarmentua horretan; 2021eko finala irabazi aurreko partidan are astindu handiagoa eman zion Bartzelonak (1-6), baina Asier Illarramendik kopako garaikurra jaso zuen hamahiru egunen buruan. Hala, Vila-realen aurkako partida iragana da, Imanol Alguacilen esanetan: «Taldeak beti ematen dio buelta: irabaztean, galtzean eta berdintzean. Partida garrantzitsuena beti da hurrengoa; bada, pentsa kasu honetan. Finalaurrekoa da, eta gure zaleen aurrean finalera sailkatzeko aukera dugu».

Illarramendi ez, Mikel Oiartzabal da egungo kapitain nagusia, baina mutrikuarraren helburu berbera du eibartarrak. Mallorca kanporatzea da horretarako lehen eginbeharra, baina kanporaketak hasi bezala segitzen du. Hala, Son Moixeko emaitza ez da ekuazioaren barruko aldagaia. Bestelako faktoreek baldintzatu dezakete itzulikoa. Alde horretatik, txuri-urdinak etxean aritzea dute fabore. Ondo daki hori Imanolek, eta taldea hauspotzeko deia egin die zaleei, baita norgehiagokaren aurretik ere: «Giroak ere eragingo du. Autobus gidariari esango diot Madril hiribidetik joaten saiatzeko, Mirandesen eguneko harrera hura egon dadin. Horretan ere has daiteke partida irabazten».

Bultzada Txuri-Urdina zaleen taldeak atzo egin zuen arlo horretako lehen eginahala. Dozenaka lagun Zubietako entrenamenduan bildu ziren, jokalariei beren babesa adierazteko. Imanolek eskertu egin zuen hori prentsa agerraldian, eta, ostiraleko partidaren ostean egin bezala, zale talde horren garrantzia azpimarratu zuen: «Aurrekoan esan nuen Bultzada dela zale guztien motorra. Gurekin daude, eta bihar sekulako giroa izango da, eta jokalarientzako laguntza izango da». Ez alferrik, ordutegia gorabehera, sekulako giroa espero baita Anoetan. Bete egingo da estadioa.

Nolanahi ere, kanporaketa zelaian erabakiko da, eta Realak beheraldi bat izan du azken asteetan. Horren inguruan, Imanolek nabarmendu du «arlo mentalak eta kalitateak» zeresana izango dutela. Hain justu ere, txuri-urdinek orain bi aste bisitatu zuten Mallorca, ligako norgehiagokan, eta kolpea eman zion azken uneko gol bati esker markagailua irauli eta hiru puntuak etxeratuta (1-2). Ordukoarekin alderatuta, prestatzaile oriotarrak neurketa ezberdina espero du: «Beti esaten dudan eran, ez daude bi partida berdin, ezta jokalari berberak aritzen direnean ere. Oraingoan ere hala izatea espero dut. Hil ala biziko norgehiagoka da bi taldeentzat, eta horrek dena aldatzen du».

«Atearen aurrea asmatzea» izango da irabazteko gakoa, entrenatzailearen esanetan, eta bide horretan goratu egin du Mallorcaren lana: «Haien aurka horixe falta izan zaigu [aurreko aldietan]. Jokoan antzera arituz gero baina aurrean asmatuta, gertuago egongo da garaipena». Aurkariaren inguruan, ostera, entrenatzaileak adierazi zuen «ondo jokatzen duen taldea» dela, «lehiakorra oso».

Oiartzabal, jokatzeko pronto

Ezbairik gabe, Oiartzabal da deialdiko berritasun nagusia. Kapitaina prest dago jokatzeko, otsailaren 3az geroztik min hartuta egon ostean. Belauneko arazo fisikoak gaindituta, baliteke hasieratik aritzea: «Ez dago zalantzarik; Mikelen itzulera albiste bikaina da beti», adierazi zuen Imanolek. Alde horretatik, partidak 120 minutu iraun dezakeela kontuan hartuta, Imanolek ez zuen haren parte hartzearen inguruko zalantzarik uxatu, baina ohartarazi zuen grinatsu dagoela: «Kapitainak gogoa du, eta halakoetan, edonondik lortzen du indarra».

Oiartzabalez gain, Hamari Traore, Takefusa Kubo eta Arsen Zakharian erabat osatu dira, eta partidarako prest daude. Kontrara, Ander Barrenetxea ez da behar beste hobetu ostiralean jasotako kolpetik, eta zerrendatik kanpo utzi du prestatzaileak. 

Imanolek azpimarratu zuen jokalariak «gogotsu» daudela, norgehiagokaren garrantziaz jakitun: «Zorionez, bost urte daramatzagu partida oso garrantzitsuak jokatzen, eta taldeak beti erantzun du ondo. Horrek ez du esan nahi orain ere hala egingo dugunik, baina aldi horietan bezala prestatu dugu partida. Bihotzarekin jokatu behar da halakoetan, baina baita buruarekin ere, eta talde honek erakutsi du biak uztartzeko gaitasuna duela». Realak ahal hori baliatu nahi du hiru urteren ondoren beste final bat jokatzeko. Garaikurra du xede, eta horretarako, gaur irabaztea du aukera bakarra.

Reala-Mallorca

Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Galan; Zubimendi, Merino, Brais; Kubo, Silva eta Becker.

Mallorca: Greif; Gio Gonzalez, Nastasic, Raillo, Valjent; Jaume Costa; Antonio Sanchez, Samu Costa, Morlanes, Dani Rodriguez eta Muriqi.

Epailea: Gil Manzano.

Lekua: Anoeta.

Ordua: 21:30 (ETB1).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.