Irabazi, eta zain egon

Athletic behartuta dago gaur San Mamesen Malaga mendean hartzera, Europarako sailkatzeko aukera ez galtzeko. Presioari ondoen aurre egiten dion taldeak pauso handia emango du irabazteko

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek kolpe gogorrak hartu ditu denboraldi honetan. Rayo Vallecanok eman zion lehen ukabilkada Espainiako Kopako final-hamaseirenetan. Zuri-gorriek ez zuten espero lehen kanporaketan maila apalagoko talde baten kontra kanporatua izatea. Bigarren kolpea Belgikan hartu zuen. Anderlechetek Europako Ligatik kanpo utzi zuen, final-hamaseirenetan ere bai. Nola, gainera. Lau izan ziren ukabilkadak, itzuliko partidan Bruselan jasotako lau golak, alegia (4-0). Jipoia, beraz. Eta Mallorcaren kontrako porrota ere mingarria izan da oso. Athleticek seigarren postua berriz lortzeko aukera zuen joan zen igandean. Aukera ezin hobea zen. San Mamesen, etxean, indartsu ateratzen baitira zelai horretan. Baina galdu egin zuen. Eta, orain, mirari bat beharko du datorren denboraldian Europako lehiaketa bat jokatu ahal izateko. Hamar hilabeteko beharra eta ahalegina ia ezerezean geratzeko arriskua dago. Izan ere, sasoia hasi zenetik Athleticek hartu zuen bideak eta bide horretan erakutsi duen mailak onenen artean mantentzea baino sari hobea zuen helburu.

Txapelketa amaitzeko geratzen diren hiru jardunaldietan jokoan egongo diren bederatzi puntuak irabaztera behartuta dago talde zuri-gorria. Malagak bisitatuko du Katedrala gaur, behar gorrian dagoen taldeak. Irabazi beharreko partida da, ezbairik gabe. Larunbatean Santiago Bernabeun ariko da Athletic. Lan gaitza izango da txapelketa irabazteko irrikaz dagoen Cristiano Ronaldo eta enparauen gotorlekua hartzea. Eta Liga amaitzeko, ezer jokoan ez duen Coruñako Deportivok bisitatuko du San Mames. Joseba Etxeberriaren agurreko norgehiagoka baino zerbait gehiago izatea da Athleticen asmoa. Jokalariek igorri duten mezua baikorra da behintzat. «Oraindik badaukagu Europan sartzeko aukera. Liga amaitu arte jarraitu behar dugu lanean», esan zuen herenegun Koikili Lertxundik. Askoz ere argiago mintzatu zen Carlos Gurpegi. «Niri amore ez ematen erakutsi didate. Hala izan balitz, ez nintzateke nagoen tokian egongo. Borrokan jarraitu behar dugu. Saria ederra da oso».

Nekeari aurre egin nahian

Azken jardunaldietan baino hobeto jokatu beharko du Athleticek Europarako borrokan bizirik jarraitu gura badu. Lau jardunaldi daramatza irabazi gabe, Almeriari 4-1 irabazi zionetik. Beraz, bistan da sasoiko unerik txarrenean sartu dela bolada txarrean. Arrazoi asko daude Joaquin Caparrosek zuzendutako taldearen beherakada argi dezaketenak. Baina nekea da gaitz guztien oinarria: eraginkortasunik eza, kontzentrazio hutsak, ohikoa baino erritmo motelagoa... gauza guztiak dira nekearen ondorioa. Jokalarien gorputzak nekatuta daude. Eta emaitzek laguntzen ez dutenez, neke psikologikoa ere agertu da. Jokalari bat baino gehiago egongo da denboraldi amaiera ailegatzeko irrikaz. Ez du asko itxaron beharko. Aste bi eskas. Baina, aurrez, azken ahalegina eskatu behar zaio. Europarako sailkatzeko aukera egon badago eta.

Horretarako, ezinbestekoa da gaur Malaga mendean hartzea. Espainiako taldea oso egoera zailean dago. Amildegitik gertu dago oso. Gertuago ezin. Izan ere, jaitsierako postuetan dagoen Tenerifek duen puntu kopuru bera eskuratu du orain arte. Bistan da ez dela egoerarik aproposena partida bat jokatzeko. Presioz gainezka jokatuko du gaur San Mamesen. Baina ez dadila fidatu Athletic. Azken jardunaldietan argi eta garbi ikusi da behean dauden taldeak ez dutela agur esan gura barruan duten guztia eman barik. Grina handiarekin ari dira defendatzen euren atea. Borroka handiko partidak eta gol gutxikoak izan dira beheko postuetako taldeek jokatu dituzten azken partidak. Malagak ez du gidoia aldatu gura izango. Defentsan lan ona egitea izango du xede, eta, aukera izanez gero, kontraerasoa baliatzen ahaleginduko da. Athleticeko jokalariek badakite zer-nolako lehia jokatu beharko duten. Asmatzea izango da kontua.

Ikusteke dago zein erabaki hartuko dituen entrenatzaile zuri-gorriak nekeari aurre egiteko. Baina hasierako hamaikakoan aldaketak izango dira seguru asko. Batetik, ez dirudielako oso logikoa txapelketako talderik txarrenetako baten kontra erasoan aritzeko gabezia handiak dituen hegalak zelairatzea. Beraz, ia segurua da Gurpegik eskuin hegala lagako duela. Markel Susaetarentzat izan beharko litzateke postu hori. Atzeko lerroko ezker hegalekoan ere egon daiteke aldaketa. Xabi Castillok joka dezake Koikiliren ordez, Otxandiokoak arazo fisikoak baititu belaunean. Igor Gabilondok ere ez dauka bermatuta lekua zelai erdiko ezkerrean. Javi Martinez, aldiz, deialditik kanpo geratu da, eta Gurpegi ariko da bere ordez. Ahaleginak merezi du, zalantzarik gabe, datorren sasoian bigarren urtez jarraian Europatik bidaiatu eta jokatzeko aukera baitago jokoan, sari bikaina taldearentzat, eta opari bikaina jarraitzaile zuri-gorrientzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.