Deustuko patroia

Andrea Astudillo: «Irabaztea ondo dago, egundokoa da, baina hobea da disfrutatzea»

Bateletan Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi berri ditu Astudillok Bermeorekin, eta, hala, ilusioa eta motibazioa berreskuratu ditu. Itsasoan segituko du: Deustun.

MARISOL RAMIREZ / FOKU
MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Zierbena
2025eko ekainaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Jaioterrian lotu du elkarrizketarako hitzordua Andrea Astudillo patroiak, Zierbenan (Zierbena, Bizkaia, 1999). Gogor jotzen du eguzkiak, eta lasai dago giroa. Baita bera ere. Ekaitzaren ostean gorpuztu du barea, eta patxadaz hitz egin du datorren denboraldiaren inguruan. Bederatzi urtez Donostia Arraun Lagunak-en lemazain izan ostean, Deustun ariko da aurten. Ez zen hori, hala ere, hasierako asmoa. Sasoi historikoa egin zuten iaz, baina bukatutakoan klubak ligako lidergoaren maillota entregatzeko exijitu zion, eta, bitartean, Kontxako Bandera irabazteagatik lortutako ordainsaria blokeatu. Patroiak ez zuen nahi izan, harentzat balio sentimental handia zuelako. Azkenean, konpondu ez, eta taldetik kanpo geratu zen Astudillo. Hilabete «gogorrak» pasatu dituela onartu du, baina irribarretsu dago berriro. Orain, arraunaz gozatu nahi du. 

Deustun ariko zara sasoi honetan, koxka bat beherago, ETE ligan. Nola jaso zenuen eskaintza?

Jone [Oliban] Deustuko entrenatzaileak idatzi zidan gertatu zenaren inguruan hitz egiteko eta bere babesa emateko, eta orduan esan zidan nahi zuela ni Deustuko proiektuaren parte izatea. Ideia ona iruditu zitzaidan. Patroi titularra dute, ikasten ari da, eta hura aterako da uretara. Laguntzen arituko naiz ni, eta ikasitakoa erakusten-edo. Ideia hori da: hor egotea, laguntzea eta dakidana erakustea, baina bigarren planoan. Niretzat aproposa da: arraunean segituko dut, baina halako presiorik gabe.

Beste rol bat izango duzu, beraz?

Bai, eta nahiago dut. Uste dut estropada batzuk egingo ditudala, baina printzipioz nire egitekoa atzetik ibiltzea da, laguntzea. 11 urte hauetan ikasitakoak zerbaitetarako balio badu, ni pozik.

Ibilbide loriatsua egin duzu Donostia Arraun Lagunak-en, eta iaz dena irabazi zenuen. Aldaketa esanguratsua da. Motibatuta zaude?

Bai, bai. Kolpe gogorra izan zen. Bederatzi urteren ostean... gauza asko sakrifikatu ditut; tira, nik eta jende askok, eta horrela bukatzeak pena ematen dit. Horrela gertatu dira gauzak, eta ez dago besterik. Aldaketa asko izan dira niretzat: Gipuzkoan bizi nintzen, eta Bizkaira itzuli naiz, Zierbenan nago berriro... Deustura joatea ere niretzat aldaketa polita da. Hurbilago dut, eta konpromiso edo ardura gutxiago.

Dei edo eskaintza gehiago izan dituzu?

Bai, beste batzuk izan ditut. Bigarren planoan egotea eskaini didate hemen, eta nahiago izan dut hori. Arnasa hartzeko eta pixka bat lasaitzeko balioko dit, eta, aldi berean, arraun munduan jarraitzeko.

Zein da taldearen aurtengo asmoa?

Esango nuke ez dela irabaztea, baina, hala gertatzen baldin bada, gertatu baitaiteke, ondo hartuko dugu, pozik. Eta motibazio puntu bat ere izango da. Urteak pasatu ahala, maila geroz eta handiagoa da, eta zaila da. Gainera, aldaketa asko izan dituzte. Nik neuk disfrutatzea dut asmoa, eta ahal dudan guztia ikasi. Askotan buruari bueltaka hasten gara ez dugulako irabazten, eta hori ez da dena. Irabaztea ondo dago, egundokoa da, baina askotan hobea da disfrutatzea. Nahiz eta postu edo maila apalagoan egon, disfrutatzea. Estropadatik atera, eta esan: 'Jo, gaur oso ondo sentitu naiz, eta ondo joan da'. Ikasi behar da horretan ere.

Deustun ibiliko zara aurten; hala ere, nahiko zenuke ahal bezain laster maila gorenera itzuli?

Ez, oraingoz ez. Lasai nago hemen. Lasaitasun hori ere behar nuen. Ohartu naiz egun batetik bestera dena aldatu daitekeela, eta ikusiko dugu aurten proiektu hau nola joaten den. Hurrengo urtean beste gauza bat eskaintzen baldin badidate, egoera dela eta, esan dezaket baiezkoa, eta hori hartu. Ikusiko dut.

«Patroi titularra dute, ikasten ari da, eta hura aterako da uretara. Laguntzen arituko naiz ni, eta ikasitakoa erakusten-edo»

Desadostasunak tarteko geratu zinen Donostia Arraun Lagunak-en proiektutik kanpo. Kolpe gogorra izan zen zuretzat?

Beti diot: uste badut arrazoia dudala eta iruditzen bazait hori dela justua, defendatu egingo dut. Hala egin nuen. Defendatu egin nuen niretzat bidezkoa zen hori, eta desadostasunak egon ziren. Azkenean, haiek erabaki hori hartu zuten. Nahiago izan zuten ni bota, amore eman baino. Onartu behar izan dut, ez dago besterik.

Nerabe zinenetik aritu zara han, bederatzi urtez. Erraz esaten da, baina badira urte batzu-batzuk. Pena eman dizu horrela amaitzeak?

Bai. Lau hilabete oso gogorrak izan ziren: irailetik urtarrilera bitarte. 16 urterekin joan nintzen hara; bi egin nituen aurretik Zierbenan. 11 urte dira arraunean, eta bederatzi han; urte asko dira. Jendearekin ere harreman ona nuen, eta orain ere harreman ona dut. Zuzendaritzaren kontua izan da. Pena dut. Uste dut proiektu polita dela, eta taldekideak gauza politak egiten ari direla.

Inguruan noren babesa izan duzu?

Egia esan, nahiko bakarrik sentitu nintzen prozesu guztian. Taldeko lauk zekiten, eta haiek babestu ninduten; asko eskertzen diet lagundu izana. Besteek ez zekiten ezer; beraz, ezin zuten ezer egin. Familiaren eta lagunen babesa ere izan nuen. Gero, telebistan hitz egindakoan ere jende askoren babesa izan nuen. Babesa eta kritikak, baina gehienbat babesa.

Orain, hobeto zaude?

Bai. Bermeok deitu zidan bateletan aritzeko. Baiezkoa eman nuen proiektu motza zelako, eta egundokoa izan da. Asko motibatu nau, eta pila bat eskertzen dut.

«Bermeok deitu zidan bateletan aritzeko. Baiezkoa eman nuen proiektu motza zelako, eta egundokoa izan da. Asko motibatu nau, eta pila bat eskertzen dut»

Hain zuzen, Bermeorekin Euskadiko eta Espainiako txapelketak jokatu eta irabazi berri dituzu. Nolatan aritu zara haiekin?

Bateleko bat ezagutzen nuen aurrez. Bilboko estropadan ikusi genuen elkar, eta hizketan aritu ginen. Esan nion laguntzen ari nintzela, fitxarik gabe. Bizpahiru astera idatzi zidan: ‘Aizu, fitxarik gabe jarraitzen duzu? Batela atera nahi dugu, baina gure patroiak nahiko handiak dira batelean joateko; hortaz, animatzen bazara, ongietorria izango zara’. Lagunekin hitz egin nuen, eta esan nien ez nekiela zer egin. Izan ere, mutilekin inoiz ibili gabea nintzen, eta ez nekien ahalko nuen: gorputzak desberdinak dira, arraunkera ere bai... dena da desberdina. Beldur apur bat nuen, eta oraindik pena ere bai. Lagunek animatzeko esan zidaten. Bizkaiko Txapelketa ahal bezala jokatu genuen. Nire fitxa ostegunean egin genuen, azken egunean; ostegunean eta ostiralean entrenatu, batela atera, eta larunbatean ja estropada. Ahal genuena egin genuen, eta listo. Gero ja Euskadiko Txapelketarako ondo entrenatu ginen. Oso ondo moldatu gara, eta ondo ulertu dugu elkar. Oso gustura ibili naiz.

Erronka izan da zuretzat?

Bai; irabazteko gogo hori nuen. Aukera bazegoen, baina jakinda Zierbena ere indartsu zegoela eta gu baino gehiago aritu zela entrenatzen. Erronka polita izan zen, eta, azkenean, emaitza ere bai. Esperientzia polita daramat, eta lagun batzuk ere bai.

Ondo egon zara?

Bai. Berriro disfrutatu dut. Hilabete gogorrak izan dira, eta berriro disfrutatzea polita izan da.

Planteatu duzu, orain ez bada ere, aurrerago gizonezkoen ligan aritzea?

Aukera baldin badut eta posible bada, zergatik ez. Ikusi beharko da. Baina, printzipioz, ez.

Aurrera begira, baduzu erronkarik?

Oraingoz, ez. Handikerietan ibili gabe, baina Kontxa eta Euskotren liga irabazi ditut, eta hori ja badut, niretzat geratuko da. Orain, Deustun ahal dudan guztian lagundu nahi dut, eta hurrengo urtean ikusi beharko da.

Egindako ibilbidearen oroitzapen ona duzu?

Bai, noski. Arlo askotan, historian arrastoa utzi dugu. Kontxako errekorra dugu. Gogoratzen dut 2022. urte hasieran zera esan nuela: ‘Iaz liga eta Kontxa irabazi genituen, orain erronka da estropada guztiak irabaztea’. Eta hori ere lortu dugu. Tira, estropada guztiak ez, baina bandera guztiak bai. Orain ez dakit zer gehiago egin dezakedan [barrez]. Disfrutatu eta lasai egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.