Irabaztera derrigortuta

Jaitsiera postuetan erortzea saihestu nahi badu, Osasunak ezin du kale egin gaur Nafarroako Erresuman, Deportivoren aurkaGaraipena lortuta, nafarrek aurrea hartuko liokete Galiziako taldeari sailkapenean

Dejan Lekic eta Alberto Lopo Deportivokoa lehian, Espainiako Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kanpoan uso jarraitzen duen bitartean etxean otso izaten jarraitzera derrigortuta dago Osasuna. Jose Luis Mendilibarren estreinakoan Espanyol 4-0 menderatu ostean baikortasuna hedatu zen Iruñean, baina Levanteren zelaian jokatutako partida eskasak bere tokian jarri du berriz Osasuna. Entrenatzailea aldatu arren, etxetik at irabazi ezinda jarraitzen du, eta ondorioz etxean kale egiteko tarterik gabe jarraitzen dute nafarrek. Miguel Angel Lotinak zuzendutako Deportivo hartuko dute gaur gorritxoek Nafarroako Erresuman, eta hiru puntuak batuta galiziarrei sailkapenean aurre hartzea da nafarren helburua.

«Entrenatzailea aldatu arren, taldea asko ez dela aldatu dirudi.Etxean sendo aritu ginen Espanyolen aurka, baina Levanteren zelaian partida kaskarra jokatu genuen, eta irabazteko aukerarik ez genuen izan. Horrek Deportivori irabaztera derrigortzen gaitu, sailkapenean atzetik ditugun taldeek irabaziz gero aurre hartuko baitigute. Etxean bide onetik jarraitzera behartuta gaude, eta gero etxetik kanpokoa zuzentzen saiatu beharko dugu. Jokalarien buruan dago arazoa eta gure aukeretan sinetsi egin behar dugu», adierazi zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek, Levanteren aurkako partidak zalantzak eragin dizkiola ezkutatu ezinik. Hargatik, igandean Malagan jokatu aurretik, Osasunak partida garrantzitsua dauka gaur, eta etxean orain bezain sendo jarraitzea da lehen helburua.

Deportivok Espanyolek baino erraztasun gutxiago emango dituela badaki Mendilibarrek. «Deportivo ez da talde erraza, segurtasun handia erakusten du beti, atzean sendo aritzen da, estrategian min egiten badaki eta kontraerasorako ere baliabide bat baino gehiago ditu. Ez dakit nork jokatuko duen aurrealdean, baina Adrian oso trebea da, Sandek beste era bateko jokoa eman ahal dio, eta Rikik bikain amaitzen ditu jokaldiak. Talde arriskutsua da Deportivo».

Lotina laguna du Mendilibarrek, baina aste honetan ez dutela hitz egin onartu zuen, partida hasitakoan adiskidetasunak tokirik ez duela izango aditzera emanez. Bi entrenatzaile bizkaitarrek —Zaldibarkoa Mendilibar eta Meñakakoa Lotina— bost aldiz jokatu dute elkarren aurka entrenatzaile lanetan ari direnetik, eta oreka izan da nagusi, bina garaipen, bina porrot eta berdinketa bana bildu baitituzte elkarren aurka jokatu dutenean. Hori bai, azken aurrekariak baikor izateko arrazoirik emango die Osasunako zaleei, iragan sasoian 4-0 menderatu baitzuen Mendilibarrek zuzentzen zuen Valladolidek Lotinaren Deportivo. Lau partida jarraian irabazita iritsi ziren galiziarrak Valladolidera. Mendilibarren taldea denboraldia hasi zenetik partidarik irabazi gabe zen, gainera. Hala ere, Valladolidek aise menderatu zuen Deportivo Zorrilla futbol zelaian.

Dejan Lekicen ordua

Walter Pandianik ez zuen atzo goizeko entrenamenduan parte hartu, iskiotibialetan dituen arazoen erruz, eta oraindik azterketa mediku zehatzagoak egin behar baldin badizkiote ere, badirudi hilabete honetan jokatzea ezinezkoa izango duela uruguaitarrak, zuntz haustura duela sinetsita baitira Osasunako medikuak. Mendilibarren aroko bi partidetan aurrelari lanak egin dituen jokalariak, beraz, ez du gaur jokatuko. Eta bera ordezkatzeko hautagaia izan zitekeen Carlos Aranda ere deialditik at geratu zen atzo, entrenamendua gainerako taldekideekin batera egin arren, oraindik ez baitu senda-agiririk jaso.

Taldeko bi golegile onenak jokatu ezinda direnez, Dejan Lekic eta Kike Solaren txanda iritsi dela dirudi. Hala, ezustekorik ezean, serbiarra hasieratik zelairatuko du gaur Mendilibarrek. «Lekicek eta Solak ez dute aukera askorik izan denboraldi honetan jokatzeko, eta euren balioa erakutsi nahiko dute orain. Ez nago kezkatuta, konfiantza baitut bi aurrelariengan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.