Imanol Alguacilen agurra ezin da okerragoa izan. Oriotarrak agur esan zuen jada Realean krisi giroa zegoenean, eta sentipenak geroz eta okerragoak dira. Atletico Madrilen aurka oso gaizki jokatu zuen talde txuri-urdinak, eta behea jo zuen.
Realak Celta jasoko du gaur, Anoetan (20:00, DAZN). Europarako postuak urrun dituzte txuri-urdinek, baina ondo bukatu nahi dute denboraldia, Imanolen azken partidetan sentipen onak izateko eta zaleei hurrengo urteko proiektuan sinesteko arrazoiak emateko.
Txuri-urdinak denboraldiko garairik txarrenean daude. Selekzioen geldialdiaren ondoren, bi partida irabazi zituzten —Bigarren Mailara jaisteko postuetan dauden Valladolidi eta Las Palmasi—, eta bukaerara arte lehiatu ziren Espainiako Kopari agur esan baino lehen. Hala ere, neurketa horiek ameskeria hutsa izan ziren.
Realaren azken bost neurketak oso txarrak izan dira. Hiru galdu ditu —Mallorcaren, Alavesen eta Atletico Madrilen aurka—, eta bi berdindu. Vila-realen hiru gol baliogabetu zizkieten aurkariei; eta Athleticen aurka ez zuten ia erasorik sortu, nahiz eta bilbotarrek Europa ligan izan burua. Hori aski ez, eta tarte horretan Imanolek jakinarazi zuen Realeko entrenatzaile izateari utziko ziola denboraldi amaieran, Mendizorrotzan galdu ondoren.
Sasoi osoko arazo berak izan ditu Realak azkenaldian: ez da fin ibili defentsan, eta ez du ia erasorik sortu. Bi gol sartu ditu azken bost jardunaldietan, eta azken hiruetan ez du golik sartu. Mikel Oiartzabalek sartu ditu bi golak, biak Vila-reali, bata penaltiz, eta bestea etxekoen atezainaren pase luze bat moztuta. Hau da, jokaldian sartutako azken gola Las Palmasen aurka izan zen, duela bost jardunaldi.
Reala hamabigarren postuan dago sailkapenean, eta Europarako sailkatzeko aukera ia guztiak galdu ditu azken hilabetean. Geratzen zaizkion hiru neurketak irabazi behar ditu —Celtari eta Gironari Anoetan, eta Real Madrili Santiago Bernabeun—, eta kontrakoek puntuak galtzea. Sei puntura dauka Europa ligarako postua, eta lau puntura Konferentzia ligakoa. Becker, Oskarsson, Zakharian eta Aguerd min hartuta daude.
Imanolek atzo azaldu zuenez, «erori» egin dira azken sei urteetan sortu duten olatutik, eta kostatzen ari zaie horretatik irtetea. «Azkeneraino» borrokatu nahi du Europarako sailkatzeko.
Celta, bolada gozoan
Gaurko aurkaria, ordea, bolada gozoan dago: Celta zazpigarrena da sailkapenean. Europa ligan sartzeko borrokan dabil, eta atzean ditu Rayo Vallecano, Mallorca, Osasuna, Valentzia eta Reala. Vigoko (Galizia) taldea ederki dabil ligan, eta futbol erasokorra egiten ari da.