Arrauna

Iraganari atea itxiz

Denboraldiko bigarren bandera irabazi du Donostiarrak, Santurtzin. Orioko estropadan gertatutako ezbeharra ahazten lagundu dio, eta borrokan jarraitzen dutela erakutsi du.

Nerea Perez, Donostiarrako patroia, Santurtziko bandera astintzen, igandean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
pettan uralde
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Joandako urek ez dute errota mugitzen, eta hitzez hitz ulertu dute ideia hori Donostiarrako arraunlariek. Hilaren 16an, Orion jokatu zen estropadan, kanporatua izan zen Donostiarra. Arrazoia: 50 kilora iristen ez diren patroiek eraman behar duten lasta gainean ez izatea. Kaleratuak izanagatik, ez zuten puntu bakar bat ere eraman, eta sailkapeneko lehen postuko borrokatik at geratu ziren. Bi aste geroago, «ahaztu» egin dutela dio Itxaso Uzkudun arraunlariak (Donostia, 1999), eta aurrera begiratu dutela dio.

Ezohiko estropada izan zen igandean, Santurtzin, Euskotren ligako traineruek jokatu zutena. Betiko bi luzeetatik laura igaro zen, eta hiru ziabogatara. Baldintza horietan, Torrekua gailendu zen denen gainetik, bigarren luzearen amaieran tarte harrapaezina sartuz. «Hasieratik argi geneukan irteera indartsu bat behar genuela, eta horrela egin genuen. Laster ikusi zen aurrean ginela, eta jarraitzea besterik ez genuen behar izan. Azkenean, estropada gogorra izan zen, besteetatik zeharo desberdina. Ez gaude horretara ohituta. Gogorra izan bazen ere, ongi osatu genuen, eta emaitza gure aldekoa izan zen».

Garaipen guztiek ez dute balio bera, eta asteburu honetakoa ez da bestelakoa izan Donostiarrarentzat. Orioko banderako kanporatzeak min handia egin zuen Torrekua-ko tostetan, eta igandekoak lasta botatzeko balio izan die. «Esango banu arantza kendua dugula, gezurretan ariko nintzateke. Baina jada ahaztu egin dugu. Orainean jarri dugu arreta. Helburu berbera dugu oraindik, gure lana egitekoa. Badakigu ongi eginez gero borrokan ibiltzeko aukera izango dugula, eta igandeko garaipenak motibazioa ematen digu lanean jarraitzeko».

Momentu gogor hori taldeak «oso ondo» kudeatu duela dio Uzkudunek. «Aste hartako lehen bi egunak oso gogorrak izan ziren, baina taldeak uste baino hobeto eman dio buelta egoerari. Inoiz baino elkartuago gaude, eta bada zerbait positiboa guretzat».

Guztiaren gainetik, hutsegiteak garesti ordaintzen direla argi geratu da. «Erabakiak erabaki dira, eta epaileak berea hartu zuen. Ez nago ados hartutako erabaki horrekin, eta orduan bertan konpon zitekeen arazo bat zela uste dut. Erabakia presazkoa izan zela uste dut. Urte osoan lanean jardun eta horrelako detaile batengatik estropadatik kanpo geratzea oso gogorra da kirolari batentzat. Puntu asko joaten zaizkizu hor, eta dena zaildu egin zaigu».

Hainbeste puntu galdu eta gero, ez da erraza lehiari jarraitzea. Uzkudunek, berriz, argi dauka amore ematea ez dela aukera bat. «Matematikoki ez da ezinezkoa liga irabaztea, eta borrokan jarraituko dugu. Edozer gertatu daiteke; faktore asko daude jokoan. Hala ere, ligari begira baino gehiago, estropadaz estropada goaz gure onena eman nahian, eta horrek jarriko gaitu gure tokian».

Zaila badute ere, «oso talde lehiakorra» dutela dio Uzkudunek, eta estropada guztiak irabaztera aterako direla dio. «Oso negu gogorra egin dugu, eta, nahiz eta Orion zoritxar hori gertatu zaigun, taldeak gogo eta ilusio bera duela ikusten dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.