Iraganetik haratago

Liga hasiera txukuna partida irabaziz berretsi nahi dute gaur Realak eta Alavesek, denboraldi honetako lehen derbian

XABIER LOPETEGI DONOSTIA
2008ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Realak eta Alavesek Bigarren Mailako lehen euskal derbia jokatuko dute gaur. Elastikoaren koloreetan ez ezik, beste gauza askotan ere bat datoz bi taldeak: maila berean jokatzen dute, Konkurtso Legearen galga pairatzen ari dira, eta, helburu desberdinak badauzkate ere, biek txukun hasi dute Liga. Reala iaz baino konfiantza eta nagusitasun handiagoz ari da lehen partidetan; zelai erditik aurrera, batez ere. Anoetan partida guztiak irabazi ditu. Alavesi ere iragan sasoian ez bezalako sendotasuna antzeman zaio, eta dauzkanak baino puntu gehiago lortzeko moduko jokoa egin du. Derbiak garai onean harrapatu ditu bi taldeak. Iragan hurbileko zorretatik haratago, hasiera on hori hiru punturekin berrestea da bien helburua.

Parekotasuna izan da Anoetako azken derbien ezaugarri nagusia. 2005-2006ko sasoian, Lehen Mailan artean, Realak 2-1 irabazi zuen, Barkerok geldikako jokaldietan sartutako bi golekin. Iaz ere gogotik sufritu behar izan zuen garaipena lortzeko; Elustondok luzapenean sartutako golak baino ez zuen lehia desorekatu. Gaurko partida bide beretik joango da, ziurrenik. Reala ekimena hartzen saiatuko da, etxean orain arte egin duen bezala. Lan horretan gehien laguntzen duen jokalaria faltako zaio, ordea: Xabi Prieto. Hegalekoak zeharo baldintzatzen du aurkarien jokoa Bigarren Mailan. Joko bolada onean zebilen, gainera, Lillok atzo adierazi zuen moduan, baina Capdevilaren zakarkeriak zelaietatik kanpo egotera behartuko du datozen bi partidetan, gutxienez.

Lilloren esanetan, Realak orain arteko estiloari eutsiko dio, nolanahi ere. «Xabier [Prieto] Xabier da. Berak egiten duena ezin du beste inork egin. Baina haren ordez sartuko dena ere berezia da, eta haren dohainak aprobetxatu beharko ditugu. Ez dut segundo bakarra galduko kexaka. Iaz ez genuen egin, eta aurten ere ez dugu egingo». Estrada da Prietoren ordezko naturala. Ez dauka haren talentua, baina ausart aritzen denean ekarpen ona egiten du erdiraketetan, edo atzetik aurrera errematera iritsiz. Aranburuk ere hor joka dezake, gaztetan askotan egin baitzuen. Diaz Zerio hegalera jaistea eta Necatik hasieratik jokatzea da beste aukera, baina ez dirudi gauzatuko denik. Lillo, edozein modutan, pozik dago turkiarrarekin, «egokitzeko eginalahak egiten ari delako, alde guztietatik».

Alavesen, aldaketarik ez

Lillok ez bezala, Jose Maria Salmeron Alaveseko entrenatzaileak ez du hamaikakoa ezkutatu: joan zen astean Levanteri aurre egin zion bera zelairatuko du gaur. Jokalari horiei gauza bat eskatuko die beste guztien gainetik: partidari ondo ekitea. Honela adierazi zuen atzo: «Uste dut funtsezkoa izango dela bizi-bizi eta indar handiz hastea». Hori lortzeko, ezinbestekotzat jo du «jokalariak motibatuta ateratzea».

Derbia izanik, arlo horretan ez dute aparteko arazorik izango jokalariek. Garaipenaren bila aterako dira, eta, ziurrenik, kontraerasoa baliatu nahiko dute Realari min egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.