Haritz Gallastegi
Athleticen denboraldi hasiera txarra izan da. Sei jardunalditan bost puntu irabazi ditu. Levanteren aurkako garaipena eta bi berdinketa besterik ez ditu eskuratu. Gorka Iraizozen (Iruñea, 1981) lan bikainak ere ezin izan du ekidin liga hasiera kaskarra. Atezain nafarra bikain ari da. Talde zuri-gorriak defentsan egin duen makina bat akats konpondu du. Eta, bide batez, talde zuri-gorriko atezainen inguruan zegoen eztabaida alde batera uztea lortu du. Orain arte egin duen lanarekin gustura dago, baina ez dago konforme taldearen ibilbidearekin. Oraindik haserre dago Madrigalen galdu zuten partidagatik.
Aurreko astea ez da ona izan Athleticentzat. Bi partida jokatu dituzue eta biak galdu dituzue.
Inork ez zuen gura horren emaitza kaskarrak eskuratzea. Halere, bi neurketak galdu ditugu. Beraz, egoerari aurre egitea baino ez zaigu geratzen. Jokoa ona izan da, gehiago merezi izan dugu bi norgehiagoketan.
Sei jardunalditan bost puntu irabazi ditu Athleticek. Emaitzak ez dira onak izan, eta badirudi zaleak urduritzen hasi direla.
Urduritasunak ez dio inori onik egingo. Zaleek lasai egon behar dute. Partidak irabaztea besterik ez zaigula falta pentsatu behar dugu. Emaitzak hobeak izateko, zuzendu beharrekoa landu behar dugu aste barruan. Orain arte erakutsi dugun jokoari taldekideen artean ikusten dudan gogoa eta indarra batuz gero, egoera aldatu egingo da.
Igandean Almeria arituko da San Mames. Zazpigarren jardunaldian jokatuko al du Athleticek sasoiko lehenengo finala?
Finalak lehiaketetako azken partidak izaten dira eta gu hasi besterik ez gara egin. Dena dela, ezin dugu ukatu oso neurketa garrantzitsua izango dela. Puntuak irabazteko premia daukagu. Joko onari emaitza onak gehitzeko mementoa ailegatu dela iritzi diot.
Konfiantzarekin jarraitzen duzue?
Ez dugu konfiantzarik galdu. Egunero egiten dugun lanean sinesten dugu. Konfiantza barik ezin da ligako partida bati aurre egin.
Laster emaitza hobeak lortuko dituzuela uste duzu?
Ziur nago emaitza hobeak lortuko ditugula. Lana eginda eta partidak behar den bezala prestatuta, emaitzak lortu egiten dira. Erasoan aukerak aprobetxatuz gero eta defentsan akats txiki batzuk zuzentzen ditugunean, egoerari buelta emango diogu.
Beraz, jarraitzaileek azken sasoi bietan baino gutxiago sufrituko dute?
Ez dutela sufrituko uste dut. Konfiantza handia daukat taldearengan. Laster gozatzeko aukera izango dute. Denboraldi lasaia izango dute.
Vila-realen aurka ere taldeko onena izan zinen. Indartsu hasi duzu txapelketa.
Oso gustura nago orain arte egin dudan jokoarekin. Partidetan ez eze, aste osoan ere gustura ari naiz lanean. Nik taldeari laguntzea dut xede. Orain, gainerako taldekideen antzera, behingoz partidak irabaztea dut helburu.
Atezaina taldeko izarra izatea ez da albiste ona futbol talde batentzat.
Horrelako baieztapenak kontu handiarekin egin behar dira. Neurketetan gauza asko gertatzen dira. Gauza asko aztertu behar dira.
Athleticen azken denboraldiotan atezainaren gainean egon den eztabaida amaitu dela esan genezake behintzat.
Eztabaida horren gainean ez daukat ezer esateko. Athletic gertutik jarraitu dudan arren, nik ez dut bertatik bertara ezagutu eztabaida hori. Ni lanera etorri naiz. Halere, nire inguruko jendea gustura badago nik egindako lanarekin, konfiantza hartuko dut.
Bada, oso gustura dagoela dirudi. Talde zuri-gorriak udan fitxatu zituen jokalarietatik zu zara gehien nabarmentzen ari dena.
Jarraitzaileak gustura egotea garrantzitsua da. Athleticera etorri nintzenetik oso ondo zaindu naute. Orain arte egin dudan beharrarekin gustura daudela dirudi. Eurek eman didaten laguntzari eta babesari behar den moduan erantzun behar diot.
Del Hornok eta David Lopezek, besteak beste, ez dute zuk adina zorte izan. Asko ari zaie kostatzen euren maila onena berreskuratzea.
Jokalari guztiekin izan behar da pazientzia. Gauzak behar den moduan baloratzeko, eguneroko jarraipena egin behar zaie. Nik egunero ikusten ditut entrenatzen, eta barruan daukaten guztia ematen ari direla esan dezaket. Sarri askotan erakutsi dute oso jokalari onak direla. Ez daukat zalantzarik hurrengo jardunaldietan ere nabarmenduko direla.
Uda gogorra izan zen zuretzat. Athleticek zu fitxatzeko asmoa izan arren, azken unera arte ez ziren gauzak argitu. Nola gogoratzen dituzu orain egun haiek?
Udan gertatutakoaz ez dut asko pentsatzen. Oso txarto pasatu nuen. Orain, berriz, asko ari naiz gozatzen. Athleticen jokatzeko gogoa nuen eta aukera eman didate.
Lau milioi euro ordaindu zizkion Athleticek Espanyoli zuk talde zuri-gorriaren elastikoa janzteko. Ez da ohikoa atezain bat fitxatzearren horrenbeste diru gastatzea. Presionatuta sentitu zara?
Ez dut presiorik nabaritu. Ni ez naiz sartu bi taldeen arteko negoziazioetan. Athleticek eta nik gura genuena gauzatu zen. Beraz, pozik egoteko arrazoiak ditugu. Orain, baina, berdegunean erakutsi behar dut klubak baleko apustua egin zuela.
Asko aldatu al da Athletic taldetik kanpo egon zaren urteetan?
Ez da asko aldatu. Langile askok klubean jarraitzen dute. Baita nire sasoiko jokalari batzuek ere. Bestalde, gauza batzuk aldatu dira. Zuzendaritzan jende berria dago... Baina hori normala da talde guztietan.
Futbola
Iraizoz: "Jarraitzaileak laster hasiko dira taldearekin gozatzen"
Athletic berandu baino lehen suspertzea espero du sasoi honetako talde zuri-gorriko jokalari onenak. Jokoa ona dela eta gehiago merezi izan dutela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu