Gorka Iraizozek zenbaki borobila osatuko du igande honetan San Mamesen Valentziaren aurka jokatzen badu. Izan ere, Ernesto Valverdek berriro haren alde egiten badu, 200. partida jokatuko du ligan Athleticekin. Marka bikaina da, are gehiago talde zuri-gorrian, non atezainak luparekin izan ohi dira aztertuak.
Ligan norgehiagoka gehien jokatu duten atezainen sailkapenean hirugarren da Iraizoz. Bi historiko ditu aurretik: Jose Angel Iribar (466 partida) eta Carmelo Cedrun (334). Iraizozen atzetik, berriz, honako atezainak daude, hurrenez hurren: Raimundo Perez Lezama (197), Juanjo Valencia (172), Andoni Zubizarreta (169), Dani Aranzubia (162), Vicente Biurrun (151), Iñaki Lafuente (128) eta Imanol Etxeberria (120).
Iraizozek zazpigarren sasoia du Athleticen, eta tarte honetan 258 partida ofizialetan jarri da atepean: 199 aldiz ligan, 23 aldiz Espainiako Kopan, 34 aldiz Europako Ligan eta bi aldiz Espainiako Superkopan.
Denboraldi honetan lau partidatan izan da zelaian: Valladolid, Espanyol, Betis eta Granadaren aurka —Iago Herrerinek jokatu zuen Osasuna, Real Madril eta Celtaren aurka—. Lau partida horietan zazpi gol sartu dizkiote, ia bi partidako.
Iraizozek ligako 200. lehia jokatuko du Athleticekin
Iruindarra hirugarren da zuri-gorriekin ligan norgehiagoka gehien jokatu duten atezainen sailkapenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu