Irakek ez du Pekinen hurrengo hilean hasiko diren Olinpiar Jokoetan parte hartzerik izango, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak galarazi egin diolako. Debekuaren arrazoia honela azaldu du NOBek: "Irakeko Gobernua etengabe ari da Irakeko Olinpiar Batzordean eskua sartzen". NOBen arabera, Irakeko Olinpiar Batzordea nahiz hango kirol federazioak desegin eta horren lekuan Kiroletarako ministroa buru duen behin-behineko batzordea sortu izana erakunde olinpiarraren "autonomiaren urraketa nabarmena" da.
NOBek Irakeko Gazteri eta Kiroletarako ministro Jasim Mohamed Jafarri erabakia jakinarazteko bidalitako gutuna argitaratu du Aswat al Iraq berri agentziak. Erabakia ekainaren 4an hartu zutela eta orain berretsi dutela dio Nazioarteko Olinpiar Batzordeak, berak eta Asiako Olinpiar Batzordeak aterabide bat aurkitzeko eginiko eginahal bateratuek fruiturik ez dutela eman azalduta.
"Kirolari irakiarrei igorritako gonbidapenak erretiratu egin ditugu, eta beste batzorde nazional olinpiar batzuei eskainiko zaizkie horiek", dio NOBen gutunak. "Benetan sentitzen dugu hala gertatu izana; horrek kalte larria egiten dio Irakeko Olinpiar Batzordeari eta honen kirolariei".
Lehengo batzordea desegin, eta ministro bat arduradun jarri
Pekingo jokoetarako bidea moztearen erabakiak Bagdadeko gobernuaren erabaki batekin zerikusia dauka. Izan ere, Irakeko Olinpiar Batzordearen kontseilu zuzendaria bertan behera utzi zuen Bagdadek duela hilabete batzuk, eta horren ordez, Gazteria eta Kiroletarako ministroa buru zuen behin-behineko batzordea eratu zuen.
NOBen hitzetan, Irakeko Olinpiar Batzordea eta hango kirol federazioak desegin eta ministroa buru duen behin-behineko batzordea sortu izana erakunde olinpiarraren "autonomiaren urraketa nabarmena" da.
Irakeko Olinpiar Batzordea formalki presidenterik eduki gabe ari zen lanean, hura, Ahmed al Hijie al Samarrai, 2006ko uztailaren 15ean bahitu zutenetik ez baitzuten ordezkorik izendatu. Bi urte dira bahiketa hartatik, eta ez dago haren arrastorik, baina Iraken, AEBek hasitako okupazioaren ondotik (2003ko martxoa) areagotu den indarkeria giroan, halako bahiketek maiz bahituaren hilketarekin bukatzen dute. Beti, ordea, ez dute bahituaren gorpua aurkitzen.
Hain zuzen ere, Al Samarrai hautatu zutenean (2004an) Irakeko Olinpiar Batzordearen egoera normaldu egin zen -okupazio militar baten pean halakorik baldin badago-, erakundea zigortuta eduki baitzuen Nazioarteko Olinpiar Batzordeak. Honen esanetan, Irakeko Olinpiar Batzordeko aurreko presidenteak, Odei Husseinek -artean Irakeko presidente zen Saddam Husseinen semea- "kirolari disidenteak torturatzeko gune" bihurtu zuen erakundearen Bagdadeko egoitza.
NOBek 2004ko otsailean onartu zuen berriz Irakeko Olinpiar Batzordea, Atenasko Olinpiar Jokoetan parte hartzerik izan zezaten. Irakeko gizonezkoen futbol selekzioa brontzezko dominagatik lehiatu zen Grezian, baina 1-0 galdu zuen Italiaren kontra.
Kirola
Iraki Olinpiar Jokoetan parte hartzea galarazi dio NOBek
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak argudiatzen duenez, Bagdadeko gobernua "etengabe" ari da Irakeko Olinpiar Batzordean eskua sartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu