Tropel profesionalera ziztu bizian iritsi da Irati Aranguren (Usurbil, Gipuzkoa, 2007). Junior mailan lehiatu da aurten, baina emandako maila hain izan da ona, ezen elitera jauzi egiteko aukera iritsi baitzaio: datozen bi urteetan Laboral Kutxa taldeko txirrindularia izango da. Artean adin txikikoa dela jaso du eskaintza, lau lasterketatan probaldia egin eta gero. Abendu hasieran 18 urte beteko ditu, eta hilabete batzuk geroago hasiko da profesional gisa lehiatzen. «Sekulako ilusioa daukat. Txikitatik nuen txirrindulari profesional bihurtzeko ametsa, eta uste baino azkarrago beteko dut».
Hala ere, Arangurenek ez zuen presarik. Badaki ziklistek geroz eta lehenago jasotzen dutela goi mailako taldeen deia, eta, era berean, joera horrek alde txarrak izan ditzakeela. «Zaila da aukera ematen dizutenean ezetz esatea, baina, nire ustez, bakoitzak ikusi behar du benetan gai den jauzi hori egiteko edo hobe duen urte pare bat itxaron. Uste dut ez dela presarik izan behar; bestela, erabaki okerrak har daitezke». Laboral Kutxaren eskaintza jaso izan ez balu, urratsak mantsoago egingo zituzkeen. «Ez ninduen itsutzen profesionaletara ahalik eta azkarren iristeak. Prest nengoen apur bat itxaron eta 23 urtez azpikoetan urteren bat egiteko».
Haatik, Andoaingo Txirrindulari Eskola utzi, eta zuzenean sartuko da tropel nagusian. «Gogotsu» dago, baina ez al du bertigorik? Bada, ez: «Stagiaire gisa [talde profesional batean lehiatzen den amateurra] lasterketa batzuk egin ditut dagoeneko Laboral Kutxarekin, eta nahiko ongi ikusi dut neure burua. Aldaketa handia da, baina, proba horietan nola aritu naizen ikusita, konfiantza handiagoa dut eta lasaiago nago». Hala lasterketen distantzian nola tropelaren erritmoan sumatu du aldea Arangurenek. «Gainera, kokapen ona izateak are eta garrantzi handiagoa du». Era berean, Laboral Kutxa barrutik ezagututa, jabetu da xehetasun txikiak asko zaintzen direla profesionaletan.
Bestelakoan, taldeaz aurrez zuen irudia bat dator bertatik bertara ikusi duenarekin. «Oso talde batua iruditzen zitzaidan, eta halaxe dela berretsi dut. Txirrindulari guztiak elkarri laguntzeko prest daude, bai lasterketan eta bai lasterketatik kanpo. Eta sekulako maila dute; pixkanaka, tokia egiten ari dira onenen artean». Pozik dago egin dioten harrerarekin, baita haien ondoan eman duen mailarekin ere.
«Batez ere, lana ondo egitea izan da hobetzeko gakoa, eta garbi izatea egun txarrak gainditzen jakin behar dela»
IRATI ARANGUREN Laboral Kutxa taldeko txirrindularia
Horrez gain, junior gisa egindako denboraldiak ere gogobeteta utzi du. Besteak beste, Espainiako Kopa eta Euskaldun torneoa irabazi ditu, baita Gipuzkoako eta Iruñeko itzuliak ere, eta bigarren izan zen hala Espainiako Txapelketan nola Bizkaikoloreak nazioarteko lasterketan. Ez zuen espero horren indartsu aritzerik. «Aurten, batez ere lana ondo egitea izan da hobetzeko gakoa, eta garbi izatea egun txarrak ere badirela entrenatzen, eta horiek gainditzen jakin behar dela. Horrez gain, nigan konfiantza izateak ere asko lagundu dit; gauza askotarako gai naizela ikusi dut».
Pasioa, etxean jasoa
Berak lortutako garaipenek bezainbeste poztu dute Paula Ostizek Munduko eta Europako txapelketetan lortutako urrezko dominek, Espainiako selekzioan taldekide izan duen heinean. «Neurri batean, Paulak lortutako dominak neure sentitzen ditut; taldekide guztiok gogor egin dugu lan hark arrakasta izan zezan». Ostizen adinkidea da Aranguren, eta «oso harreman ona» omen dute. Harekin aurrez aurre izan da maiz, baina nahiago du alderaketarik ez egin. «Garbi dugu bakoitzak bere bidea egin behar duela».
Batzuetan, inguruan piztutako espektatibak direla eta, arriskua izaten da gorenera oso azkar iristen diren gazteek presioa sumatzeko, baina Arangureni ez zaio halakorik gertatu. Oraindik ez daki zehazki taldeak zer eskatuko dion datorren urtetik aurrera; dena den, usurbildarrak ez du oso estu hartu nahi bere burua. «Oso gaztea naiz oraindik, eta gauza asko dauzkat ikasteko. Esperientzia hartuz joatea eta taldeari ahalik eta gehien laguntzea da helburua».
«Neurri batean, neure sentitzen ditut Paula Ostizek lortutako dominak; taldekide guztiok gogor egin dugu lan hark arrakasta izan zezan»
IRATI ARANGUREN Laboral Kutxa taldeko txirrindularia
Lehiatu eta hobetu, ziklismoaz gozatu bitartean. Hori da Arangurenen ikuskera. Zaletasuna etxetik datorkio: «Aita, ama, lehengusuak, osabak, anaia… beti bizikletan ibili izan dira, eta harreman estua izan dute txirrindularitzarekin». Haren ama Kontxi Carbayeda da, bere garaian Orbea taldean bidea urratu zuten emakume txirrindularietako bat. «Txikia nintzela, galdera asko egiten nizkion. Agerikoa da haren garaietatik hona gauzak ikaragarri aldatu direla, bai ziklista kopuruari eta bai materialari begiratuta, besteak beste». Era berean, usurbildarraren aitak, Iñaki Arangurenek, Movistar taldean egiten du lan. Hori horrela, gurasoak oso gainean izaten al ditu? «Ez, etxean ez dut inoiz presiorik sumatu. Gauzak lasai hartzeko esaten didate. Oso babestua sentitu naiz beti».
Ziklista gisa nolakoa den galdetuta, izaerari lotutako bi ezaugarri aipatu ditu lehenbizi. «Langilea eta borrokalaria naiz». Esan duenez, maldan gora moldatzen da ondoen, baina klasikoetan lehiatzea ere asko gustatzen zaio, «badakidan arren ez direla nire ezaugarrietara ondoen egokitzen diren probak». Ziklo-krosean iaioa da, baina hemendik aurrera egutegi murritzagoa izango du lokatzetan, errepideak izango baitu lehentasuna. Aurrera begira, Olinpiar Jokoetan eta Frantziako Tourrean aritzea du amets, eta Nutrizioko eta Dietetikako unibertsitate titulua lortzen saiatuko da. Oinak lurrean izanik, pixkanaka eman nahi ditu pausoak, izan liburu artean edo izan bizikleta gainean.