Iritsi da lanerako garaia

Jankovic, Safina eta Dementieva AEBetako Irekiko finalerdietan sartu dira; Federer eta Djokovic larri ibili dira

AGENTZIAK NEW YORK
2008ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Egunak pasatu ahala faboritoei ere hortzak estutzeko garaia iritsi zaie fleashing meadows-en. AEBetako Irekia azken txanpan sartuta dago, eta gizonezkoen torneoan hainbat faboritok, Federerrek eta Djokovicek esaterako, gogor egin behar izan dute lan final-laurdenetara sailkatzeko. Davidenkok, aldiz, ez du lortu. Emakumezkoen torneoak, berriz, hobeto errespetatzen du logikaren norabidea, eta Jelena Jankovicek Eta Dinara Safinak arazorik gabe lortu dute finalerdietarako txartela.

Emakumezkoen finalerdiak zehaztuta geratu dira, beraz. Ez zen ustekaberik izan herenegun, eta Jelena Jankovicek aise irabazi zion Silvye Balmerri (6-1 eta 6-4). Balmerrek behartu gabeko 40 huts egin zituen, eta horrela ezinezkoa da aurrera egitea. Serbiarrak Elena Dementieva izango du kontrario finalerdietan, eta sasoiko Grand Slam torneo bateko lehen finala jokatzea izango du helburu.

Beste finalerdian, berriz, Dinara Safinak Williams ahizpetako baten aurka jokatuko du -bart zen jokatzekoa final-laurden hori-, atzo 6-2 eta 6-3 irabazi baitzion Flavia Pennetta italiarrari. Oso erraz.

Bost set behar aurrera egiteko

Roger Federerrek eta Novak Djokovicek bost set behar izan zituzten herenegun aurrera egiteko. Suitzarra aspaldian ez dago bere onenean, eta gorriak ikusi zituen Igor Andreev errusiarra kanporatzeko (6-7, 7-6, 6-3, 3-6eta 6-3). Federerrek imintzio eta modu oso agerikoan ospatu zuen garaipena, baina hori eta gehiago beharko du duen onena berriz eman nahi badu. ATP zirkuituko bigarren sailkatuak Giller Muller suitzarra izango du kontrario final-laurdenetan. Suitzarra txapelketako ustekabea izaten ari da, eta herenegun Nikolai Davidenko bosgarren zerrendaburuaren aurka irabazi zuen (6-4, 4-6, 6-3eta 7-6).

Novak Djokovicek, berriz, ia lau ordu behar izan zituen Tommy Robredo kataluniarrari irabazteko (4-6, 6-2, 6-3, 5-7 eta 6-3). Partida beroa izan zen, atseden hartzeko min hartuta zegoen plantak egin izana leporatu baitzion Robredokkontrarioari. Djokovicek askotan gelditu zuen partida, eta fisioterapeutari ere deitu zion. Hori gutxi ez, eta azken setean, marrak zaintzen dituen epaileetako batek erabaki okerra hartu eta txartzat eman zuen Robredoren tanto bat. Erabaki okerraren erruz, serbiarrak sakea hautsi zion kataluniarrari. Djokovicen hurrengo aurkaria Roddick izango da, aise irabazi zuen bakarra. Nebraskakoak Fernando Gonzalez kanporatu zuen (6-4, 6-2 eta 6-1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.