Erronka zaila izan daiteke talde berri batean tokia egitea. Entrenatzailearen jokamoldeari neurria hartu behar zaio, baita talde barruko kodeei eta futbolaz haragoko bizimodu berriari ere. Jokalari batzuentzat, nahiko luze jo dezake prozesu horrek. Beste batzuk, ordea, partidak pilatzen hasi, eta hamaikakoan berehala finkatzen dira. Uda honetan hamar jokalari fitxatu ditu Alavesek, eta haietako batzuei ez zaie nabaritzen berriak direnik. Jonny Ottok, adibidez, osorik jokatu ditu orain arteko lau partidak, eta lauretan titular izan dira Pablo Ibañez eta Carles Aleña. Denis Suarezek oraindik ez du izan hasieratik jokatzeko aukerarik, merkatuaren azken txanpan iritsi baitzen Gasteizera. Hori bai, San Mamesen egindakoari jarraipena ematen badio, erabat ezinbestekoa izango da Eduardo Coudet entrenatzailearentzat.
Ezaugarri anitzeko jokalariak bereganatu ditu Alavesek, baina askok bi ezaugarri komun dituzte: ahalmen fisikoa eta eskarmentua Espainiako Lehen Mailan. Jonny da horren adibiderik onenetako bat. Celtarekin 186 partida jokatu zituen elitean, eta Alavesen ere parte hartze handia izango du; orain arteko joerari eusten badio, bederen. Izan ere, minutu bakarra ere ez du galdu orain arte, Garcesek, Tenagliak eta Siverak bezala. Atzeko eskuin hegala bere egin du jokalari galiziarrak, eta, modu horretan, erdirantz mugitu da Nahuel Tenaglia kapitaina. Aldaketa ondo etorri zaio Alavesi, Tenagliak eta Garcesek harresia altxatu baitute area barruan. Jonny, berriz, oso sendo dabil eskuin hegalean. Egia da erasoan tantaka agertu dela, baina, halaber, oso gutxitan gainditu dute aurkariek.
Baliteke ezker hegalean ere jokatzea, Coudetek puzzlea beste modu batez osatu nahi badu. Adibidez, Jon Pacheco hamaikakoan finkatuko balitz, Tenagliak eskuinetik jokatuko luke, eta Jonny ezkerrera pasatuko litzateke. Hegal horretarako jokalari espezifikoak, berez, Victor Parada eta Yusi Enriquez dira, haiek ere iritsi berriak. Azken horrengan itxaropen handia dute Alavesen, baina 19 urte baino ez ditu, eta pazientziaz jokatu nahi dute. Minutu bakarra jokatu du orain arte. Paradak, berriz, lehen bi partidak titular gisa jokatu zituen.
Pablo Ibañezek, Jonnyren gisara, berehala aurkitu du lekua Coudeten hamaikakoan. Garrantzitsuago sentitu nahirik irten zen Osasunatik; bada, 304 minutuz izan da zelaian orain arte, neurketa denak hasieratik jokatuta. Euskarrian aritu da oro har, Antonio Blancorekin batera, baina hegalean ere jardun da. Izan toki batean edo bestean, ahalegin betean jokatzen du beti Ibañezek, eta, ahalmen fisikoaz gain, dohain teknikoak ere baitu. Baloia lapurtu, eta taxuz mugitu: bi zereginetan da trebea, San Mamesen erakutsi zuen bezala.
Trebezia teknikoari dagokionez, are maila hobea du Aleñak. Hura ere titular izan da orain arteko lau partidetan, Getafetik iritsi berritan. Harentzat, egokitzapena askoz ere errazagoa izan da, iragan denboraldiaren bigarren zatia ere Gasteizen eman baitzuen —kasu hartan, utzita—. Ondo aritu zenez, eta Coudeten jokamolderako egokia denez, 2029ra arte fitxatzea erabaki dute arabarrek. Oraingoz, harena da zelai erdiko ezker hegala. Postu horretan kokatuta, sakontasuna galtzen du Alavesek, baina baloiari eusteko gaitasuna irabazi. Barrura egiteko joera du, erdiko pasabideetan gozatzen baitu gehien.
Makilatxoa astintzen hasia
Aleña ez da aurkariak buruz buru gainditzen dituen jokalari horietakoa. Haren esentzia baloia batetik bestera mugitzea da, eta area inguruan arriskua sortzea. Beste horrenbeste esan daiteke Denis Suarezen inguruan. Merkatua ixteko hiru egun falta zirela fitxatu zuen Alavesek, eta entrenamendu bakarra osatuta egin zuen debuta, Atletico Madrilen aurka. Hondarreko minutuak jokatu zituen soilik. San Mamesen, berriz, osorik jokatu zuen bigarren zatia, eta ikusgarri aritu zen. Protagonista izan zen golean, eta gainontzean, hark ezarritako erritmoan jokatu zuen taldeak. Itsasargi izateko iritsi da Gasteizera, eta Coudetekin bere bertsiorik onena berreskura dezake. Celtan ere haren aginduetara aritu zen, eta lotura estua sortu zen bien artean.
Denisek makilatxo magikoa astintzearekin batera, area barruan Lucas Boyek mailua ateratzea espero da. Aurrelari argentinarra oso gustuko du Coudetek, eta hura ekartzeko ahalegin handia egin du klubak: sei milioi euro ordaindu dizkio Granadari. Min hartuta iritsi zen Gasteizera, baina luze gabe agertuko da hasierako hamaikakoan. San Mamesen, Mariano Diaz izan zen aurrelari titularra, eta bizitasunez jokatu zuen. Alavesek aurrelari fisikoak alde egin du apustu, berriz ere.