ERRUGBIA. SEI NAZIOETAKO TORNEOA

Irlandaren aukera izan daiteke

Gaur hasi eta martxoaren 19a bitarte Sei Nazioetakoak hartuko du nazioarteko jarduna; bihar hasiko da gizonezkoena

DONOSTIA
2005eko otsailaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sei nazio lehian hasi zirenetik gizonezkoen 7. Torneoa jokatuko da. Bihar hasiko da Frantzia-Eskozia eta Gales-Ingalaterra partidekin, eta etzi jokatuko da Italia-Irlanda. Iazkoaren aitzinetik Mundiala jokatu zen eta haren itzala izan zuen. Aurtengoa, ordea, ez du ezerk baldintzatuko. Grand Slama du Sei Nazioetakoak saririk esanguratsuena.

Hori irabazteko ez da aurreikusten selekzio bat bestea baino askoz indartsuagoa, baina aintzat hartu beharko ditugu Frantzia, Irlanda, Ingalaterra, eta, zergatik ez, Gales.Frantziak bere 8. Grand Slama irabazi zuen iaz, Ingalaterra eta Irlanda mendean hartuta etxean. Aurten, ordea, horien bien zelaian jokatuko du. Gainera, joan zen udazkeneko Test-partidetan ez zuen neurririk eman. Bernard Laporte entrenatzailea saiatu da zuzenketak egiten, baina ez dute emaitza onik eman.Irlandak 1948an lortu zuen Grand Slam bakarra. Iaz Frantziaren aurka galdu zuen soilik eta Ingalaterra menderatu egin zuen, Twickenhamen. Aurten etxean hartuko ditu biak. Talde homogeneoa, eraginkorra eta eskarmentukoa osatu du O'Sullivan entrenatzaileak. 1992, 96, 97 eta 98an zurezko koilara jaso zuen, baina askoz hobeto ari da.Ingalaterrak ez du bururik altxa Mundiala irabazi zuenetik (2003). Frantzia etxean hartuko du, baina Irlanda bisitatuko du. Andy Robinson entrenatzaile berriak ezin izan du taldea bideratu. Udazkeneko Test-partidetan gaizki ibili da. Galesi dagokionez, Mundialaren ostean joko ona egin du, eta Udazkenean emaitza onak ukan ditu. Joko ikusgarria darabil, baina oraindik zehaztasuna falta zaio.Italiak bi partida irabaztea du xede, azken bi Torneoetan Gales eta Eskozia gainditu ondoren. Hobetzen ari da. Eskoziak izugarrizko gurutzebidea jasan zuen iaz. Hamabi partidatatik bi irabazi zituen. Krisi handia ari da pairatzen arlo guztietan eta garairik beltzenean aurkitzen da.

Emakumezkoena ere jokoan

Emakumezkoen Torneoa gaurhasiko da Frantzia-Eskozia partidarekin. Daniele Irazu hendaiarra eta Sandrine Jauregiberri baionarra Frantziarekin ariko dira. Bihar, Espainia-Irlanda jokatuko da, eta, igandean, Gales-Ingalaterra. Iaz Frantziak irabazi zuen Grand Slama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.