Irribarria da faborito argia gaur, Rezustaren aurka
Arrotz egingo zaie gaur Iker Irribarriari eta Beñat Rezustari elkarren aurkari izatea. Hilabete besterik ez da joan elkarrekin bikote eginez Binakako Txapelketa irabazi zutenetik. Gaur, ordea, Eibarren, Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa), elkarren aurka ariko dira, Banakako Txapelketako bigarren finalerdian (17:00, ETB1). Irribarria da irabazteko faborito argia. Aramako (Gipuzkoa) aurrelariak ez du inoiz galdu buruz buru maila nagusian ari denetik —sei partida jokatu ditu, eta guztiak irabazi ditu—, eta haren sasoiaz zalantzaren bat bazegoen, guztiak uxatu zituen Iñaki Artolari nagusitasun osoz irabazita (22-6). Rezustak, berriz, lan bikaina egin du berriro. Iaz final-laurdenetara iritsi zen, eta, aurten, gutxienez koska bat egingo du aurrera. Kostata kanporatu zuen Victor Esteban (19-22) final-zortzirenetan, baina hurrengo kanporaketan ezustea eman zuen Jokin Altunari irabazita (22-14). Zazpi urte ziren ez zela horren urruti iritsi atzelari bat. Patxi Ruiz lizarratarra izan zen azkena, 2011n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu