Iker Irribarriak jokatuko du buruz buruko txapelketako finala Mikel Urrutikoetxearekin, Eibarko Astelena pilotalekuan Oinatz Bengoetxeari maisutasunez irabazi eta gero. Aramarraren kolpea erauntsia izan da leitzarrarentzat, eta hamar tantotan utzi du.
Bi estilo izan dira aurrez aurre; indar erakustaldia eman du Irribarriak, pilotalekua bera sarri txiki geratzeraino. Bengoetxea saiatu da airez sartu eta tantoak aurrean amaitzen, baina aramarra fin ibili da pilotakada bakoitzean gozatzen nahiz tantoak amaitzen.
Lehen tantoak orekatuak izan badira ere, berehala hartu du abantaila Irribarriak, 9-3 irabazten jartzeraino. Tarteka bere jokoa egin ahal izan du Bengoetxeak, eta 10-9 jarri da aurretik leitzarra, baina sakea berreskuratu du ondoren aramarrak, eta jarraian egin ditu 22ra arteko tantoak.
Finalera inoiz sailkatu den pilotari gazteena da Irribarria.