Euskal selekzioko puntista

Elaia Gogenola: «Irrikaz nago selekzioarekin hurrengo txapelketa jokatzeko»

Nazioen Ligan txapeldunorde geratu arren, lan ona egin dutela nabarmendu du Gogenolak. Zaleei eskerrak eman dizkie, eta izandako giroa nabarmendu du.

Elaia Gogenola pilota jotzen. LUIS TEJIDO / EFE
LUIS TEJIDO / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko ekainaren 7a
20:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Unibertsitatera sartzeko hautaproba egin dute aste honetan milaka ikaslek. Horietako bat izan da Elaia Gogenola puntista (Berriatua, Bizkaia, 2007). Nazioen Liga ere jokatu du, euskal selekzioak ofizial denetik jokatu duen lehen txapelketa. Argi du: «Urduriago ibili naiz partidak jokatzen azterketak egiten baino».

Biharamunik izan al duzu?

Oso pozik nago. Atzo egun ederra izan zen, eta, nahiz eta galdu, oso pozik geratu nintzen finalean jokatu genuen partida ikusita. Aste osoan esperientzia bikaina izan dugu, giro ederra izan dugu selekzioko kide guztien artean, eta oso egun politak igaro ditugu. Irrikaz nago txapelketa gehiago jokatzeko.

Lehen partidako elastikoa ondo gordeta izango duzu, ezta?

Bai, etxean. Etxekoentzat ere oso bereziak izan dira eguna hauek. Egunero etorri dira frontoira animatzera, eta barru-barrutik bizi izan dute dena. Herritik, Berriatutik, hainbat pilotari izan gara, eta handik ere jende asko etorri da.

Kirol arloari erreparatuta, txapeldunorde izan zarete. Gustura al zaude?

Bai, helburua finalera iristea zen, eta lortu dugu. Txapelketa nahiko ondo joan da, nahiz eta Espainiaren aurkako lehen partidan, asteazkenekoan, gauzak ez zitzaizkigun nahi bezala irten. Baina finalean, batez ere bigarren setean, estu hartu genituen batzuetan. Hori izango dut gogoan. Asko eskertzen diet eman didaten aukera.

Jokatutako partidetatik zein aukeratuko zenuke?

Astelehenekoa, Frantziaren aurkakoa, berezia izan zen. Lehenengoa izan zen, eta irabazi egin genuen. Baina finala aukeratuko nuke. Erikaren [Mugartegi] eta Arairen [Lejardi] aurka—Espainiarekin aritu diren pilotariak— gure jokoa egiteko gai izan ginen une batzuetan, eta hori ez da batere erraza. Bikote oso sendoa eta indartsua dira: Erikak indar handia dauka, eta Araik ia ez du hutsik egiten.

Zer falta zaizue haien parean egoteko?

Indarra, segurtasuna eta lasaitasuna. Asko dugu ikasteko, eta horretarako gogoz gaude. Halako txapelketak jokatuz asko ikasten da; baita taldekideekin egindako hautaketa eta prestakuntza entrenamenduetan ere.

«Halako txapelketak jokatuz asko ikasten da; baita taldekideekin egindako hautaketa eta prestakuntza entrenamenduetan ere»

Zer ikasi duzu txapelketa honetan?

Gauzak lasai hartu behar direla, eta ez dela konfiantza galdu behar atzetik joan arren. Finaleko lehen setean presaka aritu ginen, eta horren ondorioz nahi baino huts gehiago egin genituen.

Jokatu al duzu noizbait hainbeste jenderen aurrean?

Ez; ederra izan zen. Gustuko dut halako giroa dagoela jokatzea, asko gozatu dut. Emakumeen zesta-punta zer indar hartzen ari den ikustea ere garrantzitsua izan da.

Giroa aparta izan da. Zer esango zenieke zaleei?

Eskerrak emango nizkieke. Izugarria izan da Gernikako frontoia zalez eta ikurrinez beteta ikustea. Podiumeko unea ez dut sekula ahaztuko, betiko izango dut oroimenean. Pozgarria da bizi izan duguna, eta dena horren ondo atera izana. Antolatzaileek lan bikaina egin dute, eta jendeak primeran erantzun du.

Zure ustez, egun hauetan gertatutakoa urrats esanguratsua izan da etorkizunean zazpi herrialdeak ordezkatuko dituen selekzioa lortzeko?

Ametsa litzateke hori. Urratsa handia izan da, eta gehiago egin behar dira aurrerantzean, pausoz pauso helburua lortzeko.

Unibertsitatera sartzeko hautaproba ere egin behar izan duzu egun hauetan. Nola moldatu zara?

Ondo, nahiko ondo atera zait. Goizean goiz jaiki, apunteak berriz begiratu, eta azterketak egitera joaten nintzen; arratsaldean, berriz, frontoira.

Noiz egon zara urduriago: partidak jokatzen edo azterketak egiten?

Partidak jokatzen, zalantzarik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.