Binakako txapelketako finalerdietako ligaxka bihar bukatuko da, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Hirugarren jardunaldiko bigarren partidak kanporaketa klasiko kutsua du. Juan Martinez de Irujok eta Abel Barriolak finalerako sailkatzeko aukera dute jokoan Xala eta Aitor Zubietaren aurka. Irabazten duen bikotea, finalera, kalkulu eta matematikarik gabe. Horiek Olaizola II.a eta Aretxabaleta dituzte zain maiatzaren 4ko finalean.
Bi zalantza daude biharko partidaren inguruan: Irujoren eskua eta Zubietaren sasoia. Iberokoak ezker eskua minduta du, eta partida astebete atzeratzeko eskatu zuen. Bi astez ezkerrez pilota ukitu gabe egon ondoren, entrenamendu samurra egin zuen ostegunean. Irujok esan duenez, eskuak hobera egin du, baina berak ere ez daki partida osoari eutsi ahal izango dion. Beste zalantza Zubietaren sasoiaren ingurukoa da, aste honetan sukarrak jota egon baita. Asteazkenean, 39 eta 40 gradu artekoa izan zuen, eta herenegun oraindik ahulezia sumatzen zuen. Ondo bidean, biharko berrindartuta egon beharko luke.
Bi bikoteek bi aldiz jokatu dute elkarren aurka hasierako ligaxkan, eta partida bana irabazi dute. Lehen itzulian, Irujok eta Barriolak 22-12 irabazi zuten; bigarrenean, berriz, Xala eta Zubieta 22-13 gailendu ziren. Partida hori duela hilabete jokatu zen, martxoaren 21ean. Azkenik, eta partida oso garrantzitsua den arren, bihar ez da jendetzarik espero Bizkaia pilotalekuan; Aste Santuko zubiko azken egunak ez dirudi egokierarik aproposena.
Olaizola II.ak irabazi egin du
Olaizola II.ak atzo jokatu zuen Lodosan azken partida binakako finalaren aurretik, eta 22-16 irabazi zuen. Iturriagarekin aritu zen, Berasaluze II.a eta Zabalaren aurka. Goizuetarrak inolako arazorik gabe bukatu zuen. Etzi egingo du lehen pilotaleku entrenamendua finalera begira. Asegarcek, bestalde, azkenean atariko bat antolatuko du manomanistarako. Olaetxeak jokatuko du, Arretxe II.aren aurka ziurrenik.

Irujo-Barriolak eta Xala-Zubietak binakako finalean sartzea dute jokoan, bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu