Juan Martinez de Irujo gaur itzuliko da binakako txapelketara. Eskuko minak hobera egin dio, eta Merino II.aren alboan ariko da Iruñeko Labriten (17:00, Nitro), Gonzalez eta Laskurainen aurka. Binakako txapelketako sailkatze faseko laugarren jardunaldiko bigarren partida da, eta bi bikoteek behar dute garaipena. Irujok eta Merinok puntu bakarra lortu dute, eta Gonzalezek eta Laskuranek, berriz, alerik ere ez.
Txapelketa hasi zenean, Merino II.a gazteak sortu zituen zalantzak bikotean, baina lau aste geroago, Irujo da gertutik jarraitu beharrekoa. Atzelariak Aritz Lasaren alboan jokaturiko bi partidetan erakutsi du oraingoz txapelketan aritzeko maila duela eta Irujoren bizkarra zaindu dezakeela. Iberokoaren eskuak, baina, ez daude erabat ondo, hark onartu zuen aukeraketan, eta agian atzelariak lan gehiago hartu beharko du bere gain. Parean, Gonzalezek eta Laskurainek ez dute ondo hasi txapelketa. Iaz txapeldunorde izan ziren, baina ez dira orduko mailara iritsi, Gonzalez bereziki. Aukeraketan pilotek zeresana eman zuten, eta bi bikoteak kexu agertu ziren motelegiak zirelako.
Iruñekoa ez da gaur profesionaletan jokatuko den txapelketako partida bakarra, Baionako Modernen trinket buruz burukoaren bi final-laurden erabakiko baitira (17:00). Patrick Ozafrainek Herve Bonebeltxeren aurka jokatuko du lehenbizi, eta Paxkal Ezkurrak Thierry Arizmendiren aurka gero. Ezkurrak hilabete eta erdi darama jokatu gabe.
Irujo binakakora itzuliko da gaur, hiru aste geroago
Iberokoak eta Merinok Gonzalez eta Laskurainen aurka jokatuko dute, Iruñeko Labriten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu