Irujoren osasunaren zain

Iberokoak oraindik ezin du ziurtatu larunbatean Bilboko pilotaleku berrian jokatzeko moduan egongo den

Irujo makurtuta, min keinuarekin, Labriten jokaturiko aurtengo binakako txapelketako partida batean. IÑIGO URIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko pilotalekua larunbatean irekiko da, eta enpresek Irujo-Merino II.a eta Olaizola II.a-Beginoren arteko binakako partida aukeratu dute lehen jaialdirako. Bizkaiko Aldundiak Irujo eta Olaizola II.a nahi zituen lehen jaialdian, eta apustua garesti irten daiteke, Iberokoak, belauneko minez, oraindik ez baitaki jokatzeko moduan egongo den. «Tendinitisa da nire arazoa, eta oraindik astelehena da... Ni baikorra naiz, egunak daudelako, baina ez dakit jokatu ahal izango dudan. Minaren eboluzioaren arabera erabakiko dut». Lehen jardunaldiko beste partida Gonzalez-Laskurain eta Xala-Barriolaren artekoa izango da, igandean, Eibarko Astelenan.

Bilbon partida hori antolatzea erabaki bitxia da, Asperen aldetik logikoena Irujo enpresako beste bikote baten aurka hastea litzakeelako; Aspek hiru bikote ditu finalerdietan. Ez dago sasoi onean, eta, ordezko bat bilatzekotan, hobe enpresakoen aurka izatea, eta ez Bilbokoaren moduko pilotaleku baten inaugurazioan. Iberokoaren eskuak, gainera, ez daude ondo. «Minberatuta ditut, ez baitut errekuperatzeko denborarik izan. Ez dago betarik». Buruz buruko txapeldunak, gainera, oraindik ez du probatu Bilboko pilotaleku berria, baina hitz egin diote. «Ona omen da, baina, normala denez, zorua higatzeke dago».

Finalerdietako bi partidakikusteko kantxek 40 euro balioko dute. Bilboko pilotaleku berrian prezio askotako sarrerak daude, eta merkeenek, hirugarren solairukoek, hamar euro balioko dute. Pilota aukeraketak, ohiko denez, bihar eta etzi izango dira.

Bestalde, binakako trinket txapelketa aurkeztu zuten atzo, Baionan. Sei bikote ariko dira bi multzotan banatuta, eta larunbatean hasiko da, Baigorrin. Atarikotik sailkaturiko parte hartzaileen artean ustekabeko handi bat egon da, Patrick Ezkurra aurrelari beteranoa txapelketara itzuliko baita —43 urte ditu—. Patrick Ozafrainek, berriz, ez du parte hartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.