FUTBOLA

Iruñean ere festa antolatu du Osasunak, Gazteluko plazan

Eszenatoki bat eta bi pantaila erraldoi jarriko ditu klubak festarako

ASIER LEGARDAEREÑO -
IRUÑEA
2005eko ekainaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iruñeko Gazteluko plazan ere izango da festa girorik etzi. Madrilera joan ezinda geratu direnentzat bereziki prestatutako ekitaldia izango da Nafarroako hiriburuko bihotzean. 250 metro koadroko eszenatokia jarriko du Osasunak Carlos III.a etorbideak Gazteluko plazarekin bat egiten duen tokian. Eszenatokian sanba erritmo brasildarren jaialdia izango da lehendabizi, eta Pasarela orkestraren txanda izango da ostean. Eszenatoki nagusiaren ondoan bi pantaila erraldoi jarriko dira, eta Osasunaren une gozoenak irudietan gogoratu ostean, Betis eta Osasunaren arteko finala zuzenean jarraitu ahal izango dute zaleek. «Oraindik ez dakigu zein telebistak eskainiko duen partida, baina horren eskubideen jabearekin, Santa Monica Sports enpresarekin, akordioa adostu dugu, eta nola edo hala partida zuzenean ikusi ahal izango da Gazteluko plazan», esan zuen atzo Juan Luis Mangadok marketin arduradunak. 180.000 euroko kostua izango du ekitaldiak, eta babesleek ordainduko dute osorik. Galdu nahiz irabazi, festak goizeko hirurak arte iraungo du Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.