Txirrindularitza

Italiako Giroko antolatzaileek ibilbide gogorrak prestatu dituzte 2026ko ekitaldietarako

Gizonezkoak maiatzaren 8tik 31ra ariko dira; emakumezkoak, berriz, ohi baino hilabete lehenago lehiatuko dira: maiatzaren 30etik ekainaren 7ra. Etapa gogor asko jokatuko dituzte bi probatan.

Simon Yates. GIUSEPPE LAMI / EFE
Simon Yates, aurten, Italiako Giroko garaikurrarekin. GIUSEPPE LAMI / EFE
Julen Etxeberria.
2025eko abenduaren 1a
17:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txirrindularitzazaleek haien jakin-mina asebete dute: Italiako Giroak gaur aurkeztu ditu datorren urtean antolatuko dituen bi proben ibilbideak, gizonezkoena zein emakumezkoena. Halakoetan gertatu ohi den bezala, zenbait xehetasun jakinak ziren: noiz jokatuko dituzten eta non hasiko diren, besteak beste. Baina gaur egin dute aurkezpen nagusia, Erroma hiriburuan, eta han azaldu dute antolatzaileek zehatz-mehatz nolakoak izango diren etapa guztiak. Inor gutxi hartu dute ustekabean: ibilbide ikusgarria bezain gogorra prestatu ohi dute urtero, eta horixe egin dute oraingoan ere.

Maiatzaren 8tik 31ra bitartean jokatuko dute gizonezkoen Giroa. Hirugarrenez azken bost urteetan, Italiatik kanpo hasiko da, Bulgarian, Nessebar hirian, Sofia hiriburutik laurehun kilometrora. Herrialde horretan jokatuko dituzte lehen hiru etapak: aurrenekoa eta hirugarrena aproposak dira esprinterrentzat; bigarrena, ordea, Veliko Tarnovon bukatuko dena, gogorxeagoa da, eta baliteke saltsa pixka bat egotea. Sofian amaituko da hirugarren etapa. Hurrengo egunean, berriz, lehen atseden eguna izango dute txirrindulariek, Bulgariatik Italiara bidaiatzeko.

Ez dute lur hartze samurra izango, atseden hartu eta bi egun geroago etapa bihurria jokatuko baitute: bosgarrena, Praia a Mare eta Potenza artekoa. Lanik gogorrena, ordea, asteburuan izango dute: ostiralean, Blockhaus mendatean bukatuko da zazpigarren etapa. Mendate oso gogorra da, eta, gainera, alderik zailenetik igoko dute, Roccamoricetik: 13,7 kilometro luze da, eta %8,4ko pendiza du batez beste. Giroa irabazi nahi dutenek egun horretan izango dute lehen proba gogorra. Etapa horretan ikusiko da, ziurrenik, nork irabaz dezakeen Giroa eta nork ez. 

Oso kontuan hartzekoak izango dira hurrengo bi etapak ere, larunbatekoa eta igandekoa: zortzigarrenean, Tirreno-Adriatiko proban ohikoak diren zenbait mendate igoko dituzte; igandean, berriz, Corno alle Scale gainean bukatuko da bederatzigarren etapa. Ez da igoera oso gogorra, baina bai oso luzea, 27 kilometrokoa. Larri dabilenari amaigabea bilakatu dakioke. Hori kontuan hartuta, txirrindulariek pozik hartuko dute atseden biharamunean.

Erlojupeko bat, eta mendi asko

Bigarren asteari, berriz, erlojuaren aurka lehiatzen ekingo diote: 40,2 kilometroko erlojupeko laua jokatuko dute Viareggio eta Massa artean. Ez dute beste erlojupekorik jokatuko. Beraz, modalitate horretan ondoen aritzen direnek egun horretan aritu beharko dute bete-betean, aurkariei ahalik eta alderik handiena ateratzeko. Aste barruko beste hiru etapak bihurriak dira, baina ez oso gogorrak. 

Oso bestelakoa da larunbateko etapa, hamalaugarrena: Alpeetan jokatuko duten saiorik gogorrena da hori. Aostan ekingo diote etapari, eta Pilako mendatean amaituko dute. 16,7 kilometro luze da Pila, eta %7ko batez besteko pendiza. Are gogorragoa egiteko, aurretik beste lau mendate gogor igoko dituzte: Saint-Barthelemy, Doues, Lin Noir eta Verrogne. Bigarren astea Milanen bukatuko dute, eta esprinterrentzako etapa aproposa jokatuko dute han. Hurrengo egunean hartuko dute atseden azkenekoz, azken asteari ekin aurretik.

Azken astean etapa labur eta nahiko gogor bat jokatuko dute lehenbizi, Suitzako Alpeetan: Bellinzonan hasi, eta Cari eski estazioan helmugaratuko dira. Jarraian, bi etapa gorabeheratsuri egingo diete aurre Dolomitetara iritsi aurretik. Eta, Dolomitetan, gogortasunak goia joko du: azken-bigarren etapan, Piani di Pezzen helmugaratuko dira lehen aldiz: igoera laburra da, bost kilometrokoa, baina oso gogorra, ia %10eko batez besteko pendiza baitu. Hori aski ez, eta hara iritsi aurretik beste bost mendate oso gogor igoko dituzte: Duran, Coi, Staulanza, Giau eta Falzarego. Marco Pantani zena mendi horietan hasi zen nabarmentzen gazte mailatan. Azken-aurreko etapan, berriz, bitan igoko dute Piancavallo mendate gogorra azken 60 kilometroetan: bigarren aldian helmuga zeharkatzeko igoko dute.

Azkenik, laugarrenez jarraian, Erroman bukatuko da Giroa. Ospakizunetarako eta esprinterrentzako eguna izango da hori. Aurten Simon Yates britainiarra (Visma) igo zen podiumeko koska gorenera. Itxuraz, aurkari indartsuak izango ditu datorren urtean, bai Jonas Vingegaardek (Visma) bai Remco Evenepoelek (Red Bull) parte hartuko baitute.

Elisa Longo Borghini. LIDL TREK
Elisa Longo Borghini, aurten, Italiako Giroko garaikurrarekin. LIDL TREK

Kronoigoera bat 

Emakumezkoen probak aldaketa garrantzitsua du, ohi baino hilabete lehenago jokatuko baitute: maiatzaren 30etik ekainaren 7ra. Hau da, bi egunez Giroko bi probak jokatuko dituzte aldi berean. Inoiz ez zen gertatu halakorik. 

Cesenaticon hasiko da Giroa, Pantaniren jaioterrian, eta Saluzzon bukatuko, bederatzi etapa jokatu eta gero. Hiru etapa nabarmentzen dira: laugarrenean, 12,7 kilometroko kronoigoera jokatuko dute Belluno eta Nevegal artean; biharamunean, etapa gogorra jokatuko dute Longarone eta Stefano di Cadore artean; azken-aurrekoan, berriz, Finestre igoko dute lehenbizi, eta Sestriere bukatzeko. Hiru etapa nagusi horiez gain, egun arriskutsu bat baino gehiago dago. Elisa Longo Borghini (UAE) etxeko txirrindulariak irabazi ditu azken bi ekitaldiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.