Kontxako Bandera

Itsasoa ere jolaserako gogoz dago Kontxan

Bihar jokatuko dituzte Kontxako Banderako lehia erabakigarriak. Emakumezkoetan, Arraun Lagunak taldeak aurrekoan hasitakoa borobildu nahi du. Gizonezkoetan, Orio eta Zierbena pare-parean daude. Olatuak egongo dira, eta litekeena da jokoa ematea horrek.

Orio eta Getaria Kontxan entrenatzen, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Orio eta Getaria Kontxan entrenatzen, gaur. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2025eko irailaren 13a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zerua grisa dago Donostian, baina itsasoa koloretsu. Baita kai ingurua ere. Agendan ondo markatuta eta apuntatuta daukate askok biharko eguna; bai, behintzat, arraunlariek eta arraunzaleek. Bihar jokatuko dituzte Kontxako Banderako estropada erabakigarriak, eta giroan ere sumatzen da tentsioa. Uretan, hainbat ontzi aritu dira goizean goizetik badian entrenatzen, estropada eremuari eta itsasoko baldintzei neurria hartu nahian. Lehorrean, berriz, besoak barandan jarrita, bazen jendea haien jardunari so, ikusmiran.

Jolaserako gogoz dago itsasoa ere. Lehen igandean, apenas izan zen olaturik, eta traineruek ura bare zegoela egin zuten joan-etorria. Bestelakoa da egunotako argazkia: ia bi metroko olatuak espero dira biharko. Sailkapenak ere dantzan jartzeko aukera zabaldu lezake horrek.

Buruak eta gorputzak prest izateko, antzeko baldintzetan egin dute askok bezperako lan saioa, Kontxan bertan. Han entrenatu dira, besteak beste, bandera irabazteko bi faborito nagusiak: Arraun Lagunak eta Orio. Entrenamendua bukatu berri, arrapalan, halaxe esan du Gorka Aranberri San Nikolas traineruko patroiak: «Bezperan hona etorri gara taldea kontzentratuta eta batera egoteko. Inguruak ere beste tentsio batean jartzen zaitu. Sentipen onekin bukatu dugu entrenamendua».

Oraintxe, sailkapenean bigarren dago Orio, baina oso gertu du buruan dagoena, Zierbena —ehunenen aldea ateratzen dio—. Urdaibai hirugarren sailkatua, berriz, sei segundora dute. Kontuak estu egonagatik, eskifaia konfiantzaz dagoela adierazi du Aranberrik: «Joan den igandekoa bezalako lehia espero dugu, hura bezain gogorra. Itsaso gehiago izango dugu, eta lan gehixeago egin beharko dugu, baina prest gaude. Ea lan ona egin eta bandera etxera eramaten dugun. Sasoi onean gaude».

(ID_15312434) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-09-13, Donostia. Arrauna
'San Nikolas' ontzia, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Zierbenaren eta Orioren arteko borrokan jarri dute gehienek arreta, baina lehian sartuta dago Urdaibai ere, azken hiru Kontxetako irabazlea. Aldaketa asko izan dituzte taldean, eta balentria litzateke aurten ere Bou Bizkaia ontzia nagusitzea. Baina... zergatik ez, saiatuko dira. «Sei segundo atzerago gaude; aparte, baina gertu. Helburua irabaztea izango da: horretara aterako gara», esan du, irmo, Iñigo Larrinaga Urdaibaiko patroiak.

Uretara atera aurretik, borobilean bildu ditu arraunlariak Jon Salsamendi entrenatzaileak, eta, lan saioan zer egingo duten azaldu ondoren, halaxe bota die: «Bihar gozatu egingo dugu». Gogotsu daudela adierazi du Larrinagak ere.

Dena emateko asmoz

Zierbena ez da Kontxan entrenatu lehia bezperan. Bai, ordea, Isuntza, Getaria eta Donostiarra. Lekeitioko taldeak 1999an hartu zuen parte azkenekoz Kontxan; hots, duela 26 urte. Berriro sailkatze hutsa ospakizunerako motibo izan zen haientzat, eta, lehen igandea azken postuan amaitu arren, irrikaz daude: «Denbora asko egon gara momentu honen zain; guretzat berezia da. Helburua da San Juani zortzi segundo berreskuratzea, eta, ahal bada, Hondarribiarekin lehiatzea. Gure itsasoa dago, eta dena emango dugu», adierazi du Iker Rubio arraunlariak.

Txanda irabazi eta lehen igandean egindako lana borobiltzeko asmoz uretaratuko da, berriz, Esperantza. Itsasoa nola dagoen galdetuta, Aimar Iraolak erantzun du «teknikoa eta zaila» dagoela.

12:00etan ekingo diote estropadari gizonezkoek, eta ordubete lehenago ariko dira emakumezkoak. Duela astebete urrats garrantzitsua egin zuen Lugañene ontziak bandera irabazteko lehian, baina ezer ez dago erabakita: «Egia da hamar segundo ez direla gutxi, eta, zintzoa izanda, ematen du lasaitasun puntu bat, baina badakigu azkar galdu ahal ditugula ere. Ez goaz irabazi bagenu bezala; dena emango dugu», azpimarratu du Joana Halzuet Arraun Lagunak-eko patroiak.

Taldea ondo sumatzen du, «kontzentratuta eta gogotsu». Denboraldiari ginga jarri nahi diote, eta nahi bezala bukatu: liga eta Kontxa irabazita.

(ID_15312432) (Andoni Canellada/@FOKU) 2025-09-13, Donostia. Arrauna
Arraun Lagunak-eko arraunlariak eta entrenatzailea, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU

Parean, baina, lehiakide gogorrak izango ditu, itsaso zakarrari etekina ateratzeko gosez daudenak: Tolosaldea eta Orio. Ez bata eta ez bestea ez dira bezperan Kontxan entrenatu. Donostiako bi taldeak aritu dira soilik: Donostiarra eta Arraun Lagunak. Gainerakoek nahiago izan dute beste leku batean entrenatu. Dena dela, bihar bai, sailkatutako guzti-guztiak elkartuko dira Kontxan, eta babes izango dute jende andana. 

Nerea Perez Tolosaldea taldeko patroiak BERRIAri telefonoz esan dionez, irabazteko asmoz uretaratuko dira: «Hamar segundo asko dira, baina badirudi olatuak egongo direla; itsasoa bare egonda, zailagoa izango litzateke horiek errekuperatzea. Itsasoa badago, olatuak hartu eta alde egiten ahaleginduko gara. Arraun Lagunak oso indartsu hasten da beti, eta saiatu behar dugu ziabogara arte behintzat eusten».

Ontzi bakoitzak bere helburuak ditu; irabaztea batzuek, eta ondo lehiatzea beste batzuek. Baina, ziurrenik, ezinezkoa izango da guztiek pozik amaitzea. Nahi adina pronostiko egin daitezke, baina bihar jakingo da zer bi taldek izango duten beste bandera bat palmaresean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.