Itsasoa nahiago duen ibaiko jendea

Tolosaldeak larunbatean irabazi zuen maila goreneko lehen bandera. Harrobia izan dute hizpide, ezinbestekotzat jotzen baitute, eta eskerrak eman dizkiete bidean lagundu dietenei.

Naroa Leonet eta Karlos Artola Zerkausiazpiko ontziralekuan, herenegun. BERRIA
Naroa Leonet eta Karlos Artola Zerkausiazpiko ontziralekuan, herenegun. BERRIA
nerea intxausti
Tolosa
2025eko uztailaren 17a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«TAK, TAK. TAK, TAK. TAK, TAK. TAK, TAK. TAK, TAK. Tolosaldetik etorri gara, estropada irabaztera». Abesti hori kantatzen dute TAK Tolosaldeko (Gipuzkoa) arraun taldeko zaleek arraunlari talderen batek bandera bat irabazten duen aldiro, ontzia eta kategoria edozein izanda ere. Iragan larunbatean behin baino gehiagotan abestu zieten traineruko arraunlariei, Tolosaldeak bandera bat irabazi baitzuen maila gorenean, lehen aldiz. 

Naroa Leonet 2012tik da Tolosaldeko arraunlari, haurren kategorian hasi zen, eta traineruan ari da, Euskotren ligan; bandera irabazi berri du, taldekideekin batera. Poz aurpegiarekin esan du larunbatekoa «oso berezia» izan zela taldekoentzat: «Urte pila bat daramatzagu honetan, horietako asko elkarrekin, eta esango nuke hauxe zela ametsa: horrelako indarra daukan liga batean bandera bat irabaztea». 

Garaipenari balio erantsia eman zion estropada eremuak, Leoneten esanetan: «Hain justu, lehenengoa Kontxan. Horrek are bereziagoa egin zuen». Karlos Artola arraun elkarteko zuzendaritzako kide da, eta hark ere adierazi du Donostiako eremua berezia dela: «Estropada eremu horrek oilo ipurdia jartzen dio arrauna pixka bat bizitzen duen edozeini». 

Artolak gertu-gertutik erreparatzen dio arraunlariek uretan egiten dutenari. «Urteetan ikusi dugu taldea oso ondo ari zela. Entrenatzaileari galdetu, eta esaten zigun gure martxan gindoazela, hobetzen. Iaz, hortxe-hortxe, baina ez genuen banderarik lortu, eta aurten uste baino lehenago lortu dugu». Euskadiko Txapelketa irabazi zutenean jada bihozkada bat izan zuten Artolak-eta. Besteekin batera lehiatzeko moduan daudela berretsi die larunbatean irabazi izanak.

«Arrauna gustatzen zaion jendea, normalean, oriotarra da; [Tolosaldeko arraun elkartera] erakarri nahiko genituzke herriko arraunzale horiek»

KARLOS ARTOLATolosaldeko elkarteko kidea

2021ean lortu zuen Zerkausia traineruak Euskotren ligarako sailkatzea. Leonetek kontatu du urte hartan uste zutela besteetan baino aukera gutxiago zeuzkatela mailaz igotzeko, eta orduan igo zirela «errazen»: «Lasaixeago joan ginen, eta itsasoan asmatu genuen». Larunbatean bezalaxe.

Tolosaldea da itsasoa kilometro batera baino gehiagora daukan talde bakarra Euskotren ligakoen artean. Ibaia dute herrian, baina frogatu dute hobeto dabiltzala itsasoan. «Gezurra dirudi, baina hala da», onartu du Leonetek; Artolak eman du gakoa: «Kontuan hartu behar da-eta non entrenatzen diren». Pasaiako badian entrenatzen dira, beste traineru asko bezala. Arraunlariak kontatu du asko nabaritzen dutela hori estropadetatik bueltan; kostaldera heltzerako, talde asko etxera heltzen dira, eta haiei beste ordu erdi geratzen zaie: «Eta azken ordu erdi hori izaten da bidaiako luzeena».

«Tolosak beti izan du arraun giroa, baina errekakoa», aipatu du Artolak. Kontatu du 1983ko uholdeen ondorioz presa desagertu egin zela, eta harekin batera, arraunerako zaletasuna. 2005ean, baina, berriro ekin zioten Zerkausiazpiko ontziralekuan batelekin aritzeari, eta urte arrakastatsu asko daramatzate horrela: «Ondo ari gara lanean; aurten, Espainiako bi txapelketa irabazi ditugu», nabarmendu du. 

Izan ere, harrobia da Tolosaldeko arraun elkartearen harribitxia; Leonetek eta Artolak berretsi dute. «Hasi ginenean, emakumezko kadeteen talde bat eta gazteen beste bat hasi ziren; urtebete geroago, halako bi ziren. Gizonezkoetan, hiru edo lau aldiz gehiago izan ziren», oroitu du Artolak. Leonet ere izan zen harrobikoa, eta lehen erreferente zirenak orain taldekide ditu: «Beti izango dira nire erreferente, baina orain taldekide ere badira; ez nuen uste haiekin arraun egingo nuenik inoiz». Orain, gazte horiek animatu nahi dituzte traineruan aritzera.

Dela trainerua eta direla batelak, gelditu ezin den gurpil baten parekoa da arraun elkarteko lana: traineru denboraldia amaitzen denerako hasten dira harrobikoak bateletako estropadetarako entrenatzen, eta hori amaitzerako hasten dira ontzi handien txapelketak. 

Artolak, baina, penatuta esan du herriko jendeak ez diola garrantzirik ematen harrobiari: «Herrian, arrauna gustatzen zaion jendea, normalean, oriotarra da; [Tolosaldeko arraun elkartera] erakarri nahiko genituzke herriko arraunzale horiek». Klubak laguntza behar duela aitortu du: «Kanpotik oso ondo ikusten da, eta zoriontzen gaituzte, baina kamiseten hamabost edo hogei euroak oso ondo datozkigu». 

Traineru baten komeriak

Gaur egungo trainerua 2018an osatu zuten, Tolosaldearen izenean. Multzoa eratu, eta urte hartako Kontxako sailkapen estropadan lortu zuten lehen zortzi traineruen artean geratzea. Ordutik aurrera, urtero-urtero sailkatu dira Kontxako estropada ezagunean lehiatzeko. 

Halere, ez dute gorenera heltzeko garai errazik izan: lehengo urtera arte, ez zuten traineru propiorik. 2009an Oriok utzitako traineru batekin aritu ziren; gero, Getariarekin egin zuten hitzarmena, bi herrien izenean trainerua ateratzeko; geroago, Zarautzekin, eta bi urtez aritu ziren horrela. Tartean, 2013tik 2017ra, ezin izan zuten trainerurik atera, eta arraunlariek beste talde batzuetara joan behar izan zuten. 

Gaur egun, Tolosaldeak San Pedroko arraun elkartean (Gipuzkoa) gordetzen du trainerua. «San Pedro gabe ez ginateke ezer izango», eskertu dute. Artola: «Traineruarekin joan eta etorri ibili beharko genuke». Eskerrak eman dizkiete babesleei ere, «batez ere, orain hamar urtekoei», beherago aritzen zirenean eta telebistarik ez zegoenean babesa emateagatik.

Datorren larunbatean bandera lortzeko beste bi aukera izango dituzte: bata, Pasai Donibanen (Gipuzkoa), etxeko badian —San Pedroko jaitsiera bertan irabazi zuten —; bestea, Orion (Gipuzkoa), itsasoan. «Dakiten bezala egiten badute arraunean, esperantza bandera irabaztea da; bestela ere, pozik egongo gara», esan du Artolak, babesa adierazi nahian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.