Arratsaldeko lau eta erdiak dira, eta Ondarroan (Bizkaia) mugimendua dago. Bertako kiroldegira 16:45 inguruan iritsi dira Ager Solabarrieta, ikusmen urritasuna duen karabina jaurtitzailea, eta Maite Badiola, haren emazte eta entrenatzailea. Haiekin hitz egiten hasi eta berehala, nabarmena da zer-nolako pasioz bizi duten kirola eta nolako umorearekin hartzen duten bizitza, etengabe entrenatzen jarduten badute ere. Umorez bizi dira, bai, baina Solabarrietak lehiarako uneak nola bizitzen dituen kontatu du: «Oso lehiakorra naiz, eta intentsitate handiz bizitzen ditut txapelketak». Bi modalitate daude karabina jaurtiketan: zutik egiten dute bat, eta eserita bestea. Eserita egin beharreko modalitatean urrezko domina lortu du Europako Txapelketan, Osijeken (Kroazia), eta zutikako modalitatean brontzezko domina kolkoratu du. Bien artean zer alde dagoen azaldu dute: «Bietan ezinbestekoa da jaurti aurretik geldirik egotea, baina zutikakoan hankei eta gorputzaren posizioari gehiago erreparatu behar zaie».
Urte guztian txapelketak izaten dituzte han eta hemen, eta Badiolak oporrak zertan igarotzen dituen azaldu du: «Nire oporrak Agerrekin txapelketetara joateko izaten dira». Hura arduratzen da Solaberrieta ituaren aurrean jartzeaz, materialarekin laguntzen dio, puntuazioa markatzen dio —eskuineko besoa ukituta—, eta jaurtiketaren posizioa ere adierazten dio —bizkarra ukituz—. Material guztia ikuskatzen du, gainera.
Euskal Herrian gutxi dira jarduera honetan aritzen direnak, eta ONCE erakundeak ematen dituen diru laguntzetan horrek eragina duela azaldu du Badiolak: «Esate baterako, Andaluzian karabina jaurtiketako itsuen federazioa daukate, eta, ondorioz, haiei diru gehiago ematen diete». Karabina jaurtiketa kirol garestia da; izan ere, karabinaz gain horretarako eginak dauden jantziak erosi behar izaten dira, eta, lehiaketa asko egon ohi direnez, bidaia ugari izaten dira».
Kiroldegian autoa hartu, eta portura abiatu dira. Bost minutu daude batetik bestera. Bertako lokal batean entrenatzen dira. Karga jasogailu batean igo ohi dira, eta Badiola bertara sartzean eguneko entrenamenduaren nondik norakoak zehazten hasten dira: «Batzuetan zutik entrenatzen gara, eta beste batzuetan, eserita. Hona iristean zehazten dugu hori guztia». Senar-emazteak dira Solabarrieta eta Badiola, eta karabina jaurtiketan ez dabiltzan uneetan horretaz «ahazten» saiatzen direla esan dute biek: «Beti esaten dugu entrenamendutik irten ostean ez dugula honetaz hitz egingo, baina zaila da». Lokala leku zabala da; sartu eta ezkerretara, karabinarekin batera entrenatzeko ezinbestekoa den tresna dago: diana. Horren erdian zirkulu txiki bat dute egina, eta Badiolak horrek nola funtzionatzen duen azaldu du: «Erdiko borobilari emateak erraza badirudi ere, oraindik eta sakonago dagoen puntu baten erdian kokatu behar da bala».
«Lehiatzen ari garenean, oso lehiakorra naiz, eta intentsitate handiz bizi ditut txapelketak»
AGER SOLABARRIETA Karabina jaurtitzailea
Ezkerraldean, berriz, txapelak, dominak, garaikurrak eta halakoak daude. Bertan ikus daiteke Solabarrietaren garaipen zerrenda zein oparoa den. Entrenatzeko jantziak 10 kilo pisatzen du, eta Solabarrieta janzten den bitartean, Badiolak entrenatzeko gainontzeko tresnak prestatzen ditu: «Scott entrenatzaile birtuala daukagu horretarako. Aurreko diana horretara konektatuta dago, eta bertan argi eta garbi ikus daiteke Agerrek non egin nahi duen tiro». Jantziari dagokionez, aspaldian nahi zuten zerbait lortu dutela azaldu dute: «Gu Euskal Herrikoak gara, eta goazen leku guztietan horrela aurkezten dugu geure burua. Aurten, gainera, lehiatzeko jantzian ikurrinaren koloreak jartzeko aukera izan dugu». Behin jantzia soinean, karabina hartu eta entrenatzeari ekin diote.
Astean sei aldiz
Oso kirol exijentea da karabina jaurtiketa, eta, ondorioz, astean sei aldiz entrenatzen dira. Gaur egun, joera orokorra aldatu egin da, baina haiek oraingoz zer bide hartu duten azaldu dute: «Gaur egun, tiratzaile ugari modalitate jakin batean espezializatzen ari dira, eta horrek entrenamenduak zehaztasun handiagoz egitea eskatzen du». Bai zutik eta bai etzanda, Solabarrieta bietan da txapeldun, eta azken urteetan biak irabazi dituen bakarra da. Horregatik, aipatu dute «oraingoz» bietan lehiatzen jarraituko dutela. Urteak aurrera joan hala, gauzak ere ikasi dituzte: «Hasi ginenean, jo eta ke entrenatzen ginen, baina txapelketa batean ez zitzaidan ezer atera. Horren ostean, atseden hartzea ere garrantzitsua dela ohartu ginen».
Tarteka Logroñora ere joaten dira: «Gu hemen bakarrik entrenatzen gara normalean, isiltasun osoz. Hara joaten garenean, baina, lehiaketa batean bezala aritzen gara, jende gehiago baitago. Horregatik, oso lagungarria zaigu hori».
Hastapenak gogorrak izan zirela onartu dute: «Hasieran, guk ezagutarazi behar izan genuen geure burua. Batera eta bestera deituz lortzen genuen lehiaketetan parte hartzea». Kanpoko entrenatzaile bat ere badute, eta haren lana zein den esplikatu dute: «Guk hemen egiten duguna hari iristen zaio, eta, datu horiek kontuan hartuta, egun bakoitzean zer egin agintzen digu. Hura iritsi arte entrenatzaile bat aurkitzea zenbat kostatu zitzaien ere kontatu dute: «Jende askorekin jarri ginen harremanetan, baina inor ez zen ausartu ikusmen urritasuna duen bat prestatzera». Hurrengo erronka Alacanten (Herrialde Katalanak) izango du, eta hori prestatzen dabil buru-belarri.
 
    