Ligaxkan onenak izanda sailkatu ziren Ados Pilotaren Binakako Txapelketaren finalerdietarako Iturriaga eta Orbegozo, eta txapelaren bila doazela demostratu zuten atzo. Nagusi izan ziren Mujikaren eta Ruiz de Larramendiren kontra, eta merezita sailkatu ziren finalerako: 22-8. Iturriagak ezarri zuen partidaren erritmoa, eta nahieran aritu zen. Defentsan sendo ibili ziren gorriak, eta erasoan fin, txisparekin. Horiek horrela, ezin izan zuten ezer egin urdinek. Hurrengo ostiralean izango da finala, Azpeitian (Gipuzkoa), eta Oskoz eta Arrastia izango dituzte aurkari. Horiek Barrokal eta Perez hartu dituzte mendean gaur Legazpin (22-17).
Atzo, pareko hasi zuten neurketa. Handia zen saria, finala jokatzea, eta nabaritu egin zen. Lehen tantoak luzeak eta gogorrak izan ziren, eta elkarri neurria hartu nahian aritu ziren lau pilotariak. Iturriagak eta Orbegozok egin zituzten lehen bi tantoak, baina ondo erantzun zuten urdinek, eta buelta eman zioten partidari: 2-3.
Horixe izan zen Mujika eta Ruiz de Larramendi markagailuan aurretik egon ziren une bakarra. Hortik aurrera, hobeto aritu ziren Iturriaga eta Orbegozo, eta pixkanaka aldea handituz joan ziren. Hamar tanto egin zituzten jarraian, eta, ohartzerako, 12-3 aurreratu ziren. Hortxe hautsi zen partida.
Lehiatuak izan ziren zenbait tanto, baina zortea ere aldeko zuten atzo gorriek, eta kontra urdinek. Gaizki jotakoak ere tantoan amaitzen zituzten Iturriagak eta Orbegozok, eta desesperatzen hasi ziren urdinak. Gainera, sufritu behar zenean, sufritzen jakin zuten gorriek. Erasoan ez ezik, defentsa lanetan ere bikain aritu ziren, bizi eta adi, eta kosta egin zitzaien Mujikari eta Ruiz de Larramendiri tantoak amaitzea.
Eroso ari ziren Iturriaga eta Orbegozo, eta ezinean Mujika eta Ruiz de Larramendi. Zail jarri zitzaizkien gauzak izeba-ilobari, eta ez ziren kapaz izan partidaren gidoia aldatzeko. Gainera, atzelari urdina ondo hasi bazen ere, huts asko egin zituen lehiaren akaberan. Pilotari indartsu jo zioten atzera gorriek, eta min egitea lortu zuten. Azkenerako, 22-8 bukatu da partida.Â
Merezimendu osoz sailkatu dira finalerako Iturriaga eta Orbegozo, eta bete-betean daudela erakutsi dute. Bikote indartsua osatzen dute, eta zaila da haiei tantoak egitea. Hala ere, finalean edozer gerta daiteke.
Parean Oskoz eta Arrastia izango dituzte. Legazpiko Urbeltz pilotalekuan jokatu dute gaur beste finalerdia, eta 22-17 nagusitu dira urdinak. Ezustekoa izan da, Barrokal eta Perez baitziren faboritoak. Txapelketan ikusgarri aritu dira gorriak, baina gaur hobeak izan dira Oskoz eta Arrastia, eta haiek izango dira finalean.
Promozio Mailan, berriz, Sagardui eta Etxeberria sailkatu dira finalerako. Erraz irabazi zuten atzo finalerdietako lehia: 22-12 nagusitu ziren Iriarteren eta Ernagaren aurka. Aurrean bikain aritu zen Sagardui, eta atzean sendo Etxeberria. Horiek horrela, merezita sailkatu dira finalerako. Arruti eta Alberro izango dituzte aurkari txapelketako azken partida erabakigarrian; hurrengo ostiralean jokatuko dute, Azpeitian.Â
Murua-Gabirondo, irabazle
Bestalde, atzo jokatu zuten B Serieko binakako finala, eta Muruak eta Gabirondok jantzi zuten txapela. 18-22 irabazi zuten Peña II.aren eta Salaberri II.aren aurka.