Eskubaloia

Itxakok 27-19 irabazi du EHF Kopako finaleko joaneko partida

Erraz hartu du mendean Leipzig taldea Lizarran. Bihar zortzi jokatuko dute itzulikoa, Alemanian. Iazko finala galdu ondoren, oraingo aukera profitatu nahi du Lizarrako taldeak titulua irabazteko.

edurne elizondo
2009ko maiatzaren 9a
18:53
Entzun
Ongi ekin dio Itxakok EHF Kopako finalari, Leipzig Alemaniako taldearen kontra, joaneko partidan 27-19 irabazi duelako. Bihar zortzi jokatuko dute itzulikoa, Alemanian.

Lehen zatian oinarritu du garaipena Itxakok, atsedenera 14-8 iritsi baitira. Lehen minutuetan parean ibili dira bi taldeak, eta hamargarren minututik aurrera hasi da Itxako aurrea hartzen. Ordu laurdenera 7-5 zihoan aurretik. Lehen zatian etxekoen aldetik azpimarratzekoa izan dira Nely Carlaren jokoa erasoan (bost gol), Silvia Navarro atezainaren geldiketak (zazpi) eta talde osoaren defentsa lana.

Bigarren zatian handitu egin du aldea. Esaterako, 46. minutuan 22-13 zeuden. Bukaeran zortzikoa izan da aldea. Carlak denera bederatzi gol sartu ditu.

Lizarran finalak ikusmin handia piztu du herritarren artean, eta balkoietan Itxakoren aldeko banderak jarri dituzte azken egunotan. Pabiloia ia lepo bete egin dute gaur.

Itzuliko partidarako bost mila zale alemaniarrek sarrera erosia dute jadanik. Etxean hazi egiten den taldea da Leipzig, etekin handia ateratzen baitio bere pistari.

Nafarrek duela urtebete ere jokatu zuten finala -Dinamo Volvograd Errusiako taldearen kontra-, eta galdu egin zuten. Aurten aukera ona dute titulua lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.