Andrea Barno (Itxako eskubaloi taldeko kapitaina)

"Itxakon urte asko daramatzagu toki honetara iristeko lanean"

Lizarrako taldeak Espainiako ABF Liga irabazi zuen atzo, lehen aldiz, eta gaur bertan Alemaniara joan da, igandean Europako EHF Kopa eskuratzeko asmoz -hori ere aurreneko aldiz-. Andrea Barno kapitainarekin hitz egin du BERRIA.INFOk eguerdian.

Uxua Larretxea
2009ko maiatzaren 15a
15:39
Entzun
Itxakok Espainiako ABF Liga irabazi zuen atzo, lehen aldiz. Eldan (Herrialde Katalanak) eskuratu zuen titulua, etxeko taldea 22-27 hartuta mendean. Lizarrako (Nafarroa) ekipoak orain Europako EHF Kopa du helburu. Igandean jokatuko du, Alemanian, Leipzigen kontrako finaleko itzuliko partida. Joanekoan Itxakok zortzi goleko aldea lortu zuen. Gaur 13:45ean abiatu da Valentziatik hegazkinez, eta BERRIA.INFOk Andrea Barno kapitainarekin (Lizarra, 1980) hitz egin du, aireportuan zirela.

Nola sentitzen zarete Espainiako Liga irabazi ondoren?

Egia esan, izugarri pozik gaude. Lehiakide zail bati finala irabaztea guretzat garrantzitsua izan zen. Gainera, euren etxean eta bost golengatik irabazi genien. Oso final ona izan zen, beraz.

Zer balorazio egiten duzue Ligan izan duzuen bilakaerari dagokionez?

Oso txapelketa gogorra eta luzea izan da. Azken asteetan asteazkenetan eta igandeetan jokatu behar izan ditugu partidak eta horrek ahalegin handia eskatzen du; fisikoki ondo egon behar duzu bereziki. Hala ere, egoerari aurre egiten jakin izan dugu.

Liga hasieran pentsatzen al zenuten iritsi zareten lekura iritsiko zinetela?

Hori zen gure asmoa, nahiz eta jakin oso zaila izango zela. Urte asko daramatzagu toki honetara iristeko lanean eta azkenean lortu dugu Ligako titulua.

Ospatu al zenuten atzo?

Ahal genuen moduan ospatu genuen, baina igandeko EHF Kopako finala ere buruan izanda. Alemaniara irabaztera goaz, ez dugu ezerk ihes egiterik nahi. Gerora ere izango dugu ospatzeko aukerarik.

Eta zer aurreikuspenekin zoazte Alemaniara?

Irabaztera goaz eta horretan ahalegin guztiak jarriko ditugu. Hala ere, badakigu erronka ez dela txikia izango, eurak ere irabazteko gogo handiarekin daude-eta.

Ez al duzu uste zuen lorpenei esker eskubaloia ezagun egitea lortzen duzuela?

Baietz espero dugu. Dena den, erakundeen laguntza, babesleena... behar dugu. Badakigu ez dela beharbada une egokia ekonomikoki laguntzeko, baina emandako laguntzari ondo erantzuten dakigu.

Babestuta sentitzen al zarete?

Une hauetan bai, eta hori eskertzeko da. Baina badakigu emakumeen eskubaloia kirol minoritarioa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.