Itxura aldatuta, nahikoa

Zan Tabak iritsi eta hiru egunera ia ezinezkoa da Baskoniak Kaunasen irabaztea, baina bai jarrera aldatzea

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bidegurutze gaiztoan dago Baskonia. Duela bi urte hasitako kirol krisia Dusko Ivanovic kargutik kenduta bukatu da, eta Zan Tabak entrenatzaile berriak lan zaila dauka hurrengo hilabeteetan. Konfiantzaz lur jota dagoen pertsona talde baten animoa goratzea izan da haren lehen zeregina, alor hori hobetu gabe ezin delako beste atalak lantzen hasi. Izango da astia kontu taktikoak, teknikoak hobetzeko, baina lehentasuna jokalariek fedea berreskuratzea da. Jakina, garaipenak dira botika eraginkorrena, eta Euroligan balitz, hobe, baina Baskoniak Kaunasen irabaztea asko du miraritik.

«Aitzakiarik ez dugu. Jokalariak ez daude ondo, baina aste honetan helburua lehiakorrak izatea da, oldarkor jardutea. Aldaketa defentsa lanetik etorriko da, eta zaintzan hobetzen badugu, erasokoa ere etorriko da pixkanaka. Jarrera aldaketa behar du taldeak». Tabaken esanak, Kaunasera bidaia egin aurretik. Helburuetan apal, zentzuzko hitzak dira. Eskatzea libre delako, baina errealitatea onartzea ere bai. Konforme lirateke asko, Kaunasko porrota duina bada eta taldeak itxura aldaketa erakusten badu.

Eraldatzea hasi besterik ez delako egin, eta hitzordu erabakigarriak datorren astetik aurrera etorriko direlako. Baskoniak alde edukiko du etxetik kanpo jokatuko duela. Izan ere, Buesa Arenan, zaleen epelean erakutsi du ezintasun handiena, presioak gainezka egingo balio bezala; lan ona egin behar, eta ezin. Kaunasen zer galdu gutxi, eta zer irabazi asko du, eta hori lagungarria izan liteke, lasaiago jarduteko.

Kaunasen jokatu aurretik zail samar dago Top16a, eta galduz gero, are gehiago. Hala gertatuz gero, Milanok edo Cedevitak, bietako batek, bi garaipeneko aldea kenduko dio liga erregularra bukatzeko hiru jardunaldi falta direla. Bi talde horiek Gasteizen jokatu beharko dute, baina kontuan hartzeko moduko egoera da. Hain garaiz beste partida batzuetako emaitzetara begiratu behar hori gogorra da, baina Baskoniaren errealitatearen isla baino ez da.

Nemanja Bjelica gabe

Baskoniaren konfiantza arazoei taldeko jokalari onenetakoaren hutsunea gehituko zaio gaur. Nemanja Bjelicak giharretako arazoekin jarraitzen du, eta Gasteizen geratu da osatzen. Arriskurik ez dute hartu nahi izan klubean, laster batean haren parte hartzea erabakigarria gertatu bailiteke. Balantzaren, kantxaren bestaldean, azken asteetan indar apurtxo bat galdu duen taldea: Zalgiris. Joan den astean Zagreben galdu zuen, bi luzapenen ostean, eta VTB Baltikoko ligan ere azken partida galdu zuen azaroaren 11n, Rigako VEF taldearen aurka.

Halere, kontuz Zalgiris Kaunasekin, C multzoko liderra delako. Ezustean galdu zuen Zagreben, baina 5-1eko balantzea du, eta Gasteizen, Istanbulen eta Atenasen irabazteko gai izan da. Azken bi garaipenak bikainak, errenta handiarekin: 13 eta 18 puntu. Sorta aberatsa du joko antolatzaile jardunean: Lafayette, Ibby Jaaber eta Marko Popovic. Eskolta lanean ere oso arriskutsua da Kaukenas beteranoa, eta hegaleko postuan min handia egiten dute Tremell Darden estatubatuarrak eta Jankunas etxeko jokalari sendoak. Horri Lavrinovic anaien ekarpena gehitu, eta talde puska ateratzen da.

ZALGIRIS-BASKONIA

Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako 7. jardunaldia.

Zalgiris Kaunas. Lafayette, Marko Popovic, Jaaber, Kaukenas,Juskevicius, Lipkevicius, Darden, Kuzminskas, Klimavicius, Delas, Ksistof Lavrinovic, Darjus Lavrinovic eta Foote.

Caja Laboral Baskonia. Cabezas, Heurtel, Rochestie, Oleson, Causeur, San Emeterio, Nocioni, Milko Bjelica, Lampe eta Pleiss.

Sailkapena. Zalgiris multzoko burua da, 5-1 balantzearekin (+68). Caja Laboral Baskonia, aldiz, multzoko azkena da: 1-5 ( -36).

Lekua. Zalgirio Arena (15.442 ikusle).

Ordua. 18:45 (ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.