OSASUNA 0. MALAGA 0

Itxura ona, sari eskasa

Malaga baino gehiago izan da Osasuna, baina Caballero atezaina gainditzen ez dute asmatu aurrelari gorritxoekLegezko gol bat baliogabetu diote Kike Solari lehen zatian, jokoz kanpo sartu duelakoan

Loe, Osasunakoa, eta Eliseu, Malagakoa, baloiarengatik buruz lehian, atzoko partidan. IDOIA ZABALETA.
Iruñea
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak: Osasunako Damia, Sisi, Raoul eta Arribasi. Bestelakoak: 15.956 ikusle inguru Nafarroako Erresuman.

Osasunak hiru puntuak lortzeko merituak egin zituen atzo, Malagak ez baitzuen jokatu dakien bezala; baina golak sartzeko arazo handiak ditu Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta atzo ere agerian geratu zen hori. Aurrean zuten aurkariaren maila aintzat hartuta, berdinketa ez da emaitza txarra, baina Osasunaren egoeran, partida on baten ostean hiru puntuak ez lortzeak min ematen du. Boxeo lehia batean bezala, futbol partidak puntutara erabakiko balira, Osasuna izango zen garailea, baina, tamalez, golek erabakitzen dituzte futbol norgehiagokak. Eta golik sartu ezean, 0-0koa da lortu ahal den emaitzarik onena.

Partida hasieratik argi geratu zen egun Malaga Osasuna baino koska bat gorago dagoela, baina Osasunak, bere armak erabilita, kanpokoen nagusitasun hori ezereztatzea zuen helburu. Eta lortu zuen. Goian presioa egin, eta baloia aise berreskuratzen zuen Jose Luis Mendilibarren taldeak, eta Isco, Portillo, Joaquin, Saviola eta enparauak baloirik gabe utzi zituen minutu askotan Iruñeko taldeak. Zelai erdiko batailak irabazlerik ez zuen izan.

Partidako lehendabiziko golasartzeko aukera Osasunak izan zuen, dena dela. Gorritxoen aldeko korner batean, Demichelisek baloia urrundu zuen, eta Arribasek baloia berriro arean jarri zuen: Kike Solak buruz baloia sarera bidali zuen. Marrazainak banderatxoa altxatu zuen, halere. Malagako atzelariak irteten ari ziren Arribasek baloia astindu zuenean, eta bakar-bakarrik geratu zen Sola errematerako. Jokoz kanpokoa zirudien. Baina ez zen. Ez zuen asmatu marrazainak.

Malaga esnatzen hasi zen gero. Eta andaluziarren lehen aukerak etorri ziren. Portillok eta Eliseuk lanean jarri zuten Andres Fernandez, eta Osasunako atezainak ez zuen hutsik egin. Joaquinek, jokoz kanpo, sarera bidali zuen baloia, baina marrazainak ondo egin zuen bere lana. Malagaren minutu onenak zauririk gabe gainditu zituen Osasunak. Kalitate handiagoa daukala erakutsi zuen Malagak, baina ondo eutsi zion Osasunak.

Bigarren zatian eutsi bakarrik ez, erabat nagusitu zitzaion Osasuna Malagari. Hasi eta berehala Lamah-en erdiraketa on batean burukada dotorea egin zuen Kike Solak, baina Willy Caballero atezainak erantzun ona eman zion Cascanteko aurrelariaren erremateari. Malagak ez zuen beldurrik ematen. Joan-etorriko partidan Osasunarenak ziren aukerarik onenak.

Caballero, baina, protagonista bilakatu zen, zoritxarrez. Oierri Camachok egindako duda-mudazko penalti baten ostean, partidako aukerarik onena Cejudok izan zuen. Azken txanpan zen partida, bakarrik geratu zen Cejudo Caballeroren aurrean Oierrek buruz emandako pase baten ondoren. Baina Malagako atezainak oin muturrarekin desbideratu zuen baloia kornerrera. Manu Omwu ere golaren bila ibili zen luzapenean. Caballerok ondo itxia zuen atea, tamalez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.