Valladolid 76. Lagun Aro GBC 61

Itxura txarra dauka

Hainbat jokalariren ekarpen apalak Lagun Aro zamatu du berriro, eta 61 puntu bakarrik sartuta, zuloan dago

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko azaroaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Valladolid. Renfroe (18), Dani Navarro (3), Tripkovic (4), Nacho Martin (7) eta Othello Hunter (18) -hasierako bostekoa-; Jordi Grimau (7), O'Leary (9), Cizauskas (4), Sinanovic (2), Mohammed (4), Edu Ruiz eta Izquierdo.

Lagun Aro GBC. Sagado (8), Papamakarios, Kuksiks (2), Rubio (2) eta Doblas (9) -hasierako bostekoa-; Neto (15), Woods (4), Korolev (2), Taylor (8) eta Ibekwe (9).

Markagailua. 22-14, 44-35 (atsedenaldian); 62-50 eta 76-61.

Epaileak. Bertran, Martinez eta Perez Niz. Kanporaturik ez.

Bestelakoak. 4.300 lagun.

Lagun Arok itxura txarra dauka. Erasoan sekulako arazoak ditu jokaldiak egin eta jaurtiketak gauzatzeko, eta asmatu ezin horrek defentsan amore ematera eramaten du, borrokarako grina galduta. Entrenatzailea, gainera, tematuta dago neurria ematen ez duten jokalariak kantxaratzen, hamaikagarren aukera ematen, eta horien ekarpen apalak zamatuta, astinduz astindu dabil. Papamakariosen denboraldia eskasa izaten ari da, baina beti hasierako bostekoan kantxaratzen da. Defentsako intentsitatea omen, horren arrazoia. Atzo saskirik ez zuen ikusi, eta -4ko balorazioa pilatu zuen 11 minutuan. Zer esan Qyntel Woodsen inguruan.

Beste partida txar bat, eta berriro gehien jokatu zuen jokalaria izan zen, bi joko antolatzaileak albo batera utzita. Zergatik? Sito Alonsori galdetu behar. Taldean kalitate handiena berak daukala esan eta esan ari dira, sartuko dituela egunen batean, baina kalitate hori Memphis eta Donostia arteko tokiren batean galdu du, penagarri baitabil. -5eko balorazioa atzo, 22 minutuan: bikoetan %40; hirukoetan, bost ahalegin, denak kale; eta emandako bi baloi. Haren aldekoek lau errebote hartu zituela argudiatuko dute. Ez da hura fitxatuta asmatu, eta haren kontratua eteteko, edo hura ordezkatzeko, bitarteko ekonomikorik ez badago, ez dezatela kantxaratu behintzat, ezer onik ez diolako ekartzen taldeari.

Guille Rubiok ere bere tokia bilatu ezinik jarraitzen du, eta Doblas txukun antzean aritu zen, kantxan egon zenean: bederatzi puntu, hiru errebote eta hamar puntuko balorazioa. 17 minutuz bakarrik jokatu zuen. Zergatia? Sito Alonsori galdetu. Jermayne Taylorrek nahiko ondo jokatu zuen. 10 egun eskas daramatza Donostian, baina Korolevek baino gehiago erakutsi du, errusiarrak taldean urte eta erdi egin badu ere. Zortzi puntu saskiratu zituen Taylorrek 13 minutuan, eta Korolevek bi baino ez, minutu bat gehiago jokatu arren. 39. minutuan gauzatu zuen saskiratze bakarra, arrandegiko arrain guztiak salduta zeudenean.

Kuksiks letoniarraren efektua ere gaseosarena bezala desagertu da. Hirukoak sartzen iaioa zirudien, baina azken bi partidetan, galduta dabil. -8 Unicajaren aurka, -3 atzo hogeita bat minutuan. Lau jaurtiketa bakarrik egin zituen. Eskerrak jaurtitzailea den. Ibekwerentzat txaloak. Lau baloi eman zituen, baina zortzi alderatze bereganatu, eta bederatzi puntu lortu.

21 baloi galdu zituen

61 puntu bakarrik saskiratzen dituen taldeak arazo bat du. Arazo horren izena jaurtiketen portzentaje kaskarra da. %53 bikoetan, hainbestean, baina %25 hirukoetan. Hogeita bost ahalegin egin, eta sei baino ez barrura. Ia proportzio berean egiten ditu Lagun Arok bikoak eta hirukoak, eta hori ez da normala. Hiruko asko botatzea errekurtso faltaren erakusle da. Egoera horri emandako baloi kopuru ikaragarria gehitzen bazaio, agur. 21 eman zituen Lagun Arok! Horietako asko Valladoliden saskiratze errazetan bukatu ziren, eta batzuek min handia egin zuten hirukoetan. %47 asmatu zuten Gaztelakoek, 11 hiruko. Zuloan, eta irteteko komeriekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.